XXXVI. Nahaste Borraste proba herrikoia ospatuko da ostiral honetan, ekainak 24

19:00etan hasiko da, Kalegoen plazan, Kimetz Elkarteak antolatutako kirol proba.

Bi urte eta gero, XXXVI. Nahaste Borraste proba herrikoia ostiral honetan, ekainaren 24an, ospatuko da Elgoibarren. Kirol proba 19:00etan abiatuko da Kalegoen plazatik, eta betiko formatua mantenduko du: bizikleta, zakua bizkarrean eta korrika. Nahiz eta aurrez ere izena emateko aukera dagoen, egunean bertan 17:00etatik 18:30era ere eman ahal izango da. Elgoibar edo Mendaron lan egin edo bizi direnek baino ezin dute izena eman.

Bestalde, egun eta ordu berean, Elgoibarko BHI institutuak diploma banaketa egingo du Herriko Antzokian.

Aurreko egunean, aldiz, Olatz Pagaldayk ‘Erdaldun berrien kluba’ bakarrizketa umoretsua eskainiko du Aita Agirre kulturguneko areto nagusian. Ikuskizuna 19:00etan hasiko da, eta ez da sarrera erosi beharrik egongo.

Larunbat honetan, hilaren 25ean, hil bukaerako feria egingo da. 09:00etatik 14:00etara Baserriko produktuen salmenta egingo da Kalebarren plazan. 11:00etatik aurrera, aldiz, Elgoibarko Urajai elkarteak pintxoak prestatuko ditu Kalebarren plazan Elgoibarko baserri eta harategietako produktuekin. 12:00etatik 14:00etara, gainera, umeentzako tailerra antolatu da. Tailer hauen helburua da, besteak beste, Elgoibarko txikienek garaiko produktuak, bertako animaliak eta baserrietako kultura ezagutzea. Eguerditik arratsaldera ganadu erakusketa egingo da Kalebarren plazan. Larunbat honetan ere Sanlo EKT taldeak Sanlo Festa ospatuko du.

Datorren astelehenean, hilaren 27an, Loredi Salegik ‘Ez ditugu gizonezkoak gorroto’ hitzaldia eskainiko du Lilan. 19:00etan hasiko da, eta ez da izena eman beharko. Hitzaldi elebiduna izango da.