Udalak igogailu eta eskilara mekanikoetan azken asteotan izandako ekintza bandalikoak salatu ditu eta errespetua eta erantzukizuna eskatu ditu

  • Azken kasuak Lerun industrialdeko igogailuan eta Urazandiko igogailu berrietan gertatu dira.
  • Azpiegitura horiek identifikazio-sistemak dituzte, eta Udalak kalteak erreklamatzeko prozedura abiatu du.

Elgoibarko Udalak azken asteotan igogailu publikoen eta eskailera mekanikoen aurkako ekintza bandalikoen gorakada nabarmena salatu du.

Azken kasuak Lerun industrialdeko igogailuan gertatu dira. Igogailuei eraso egin diete harriak jaurtiz, sistemak hautsiz eta ateak beren espaziotik ateraz. 

Udalaren kalkuluen arabera, horrelako konponketa bakoitzak 3.000 eurotik gorako kostua du, gutxi gorabehera: displayak 2.994,11 € balio du, eta kristalak konpontzeak 547.39 €.

Duela aste batzuk Urazandiko igogailu berrietan beste ekintza bandaliko sorta bat ere izan zela adierazi dute: hiru ekintza bandaliko izan ziren, eta konponketen balioa 400 € ingurukoa izan zen.

“Ekintza bandaliko horiez gain, askoz ere gehiago daude, eta horien ondorioz, bai eskailera mekanikoak bai igogailuak zerbitzutik kanpo geratzen dira, harik eta enpresa mantentzaileak berriz abian jartzen dituen arte”. 

“Guztioi dagokigu gure egunerokotasuna errazten diguten azpiegiturak zaintzea, mantentzea eta egoki erabiltzea. Horrelako ekintzek kostua dute herritar guztientzat, baina ez hori bakarrik, herritar asko zerbitzurik gabe uzten dituzte, herritarren mugikortasuna eta irisgarritasuna bermatzeko ezinbestekoak direnean”.


Azpiegitura horiek identifikazio-sistemak dituzte, kamerak igogailuen kasuan, eta Udalak kalteak erreklamatzeko prozedura hasi du.

Udaltzaingoa eta Ertzaintza jarduera horien jarraipena egiten ari dira. Udalak arduraz eta eskuzabaltasunez jokatzeko eskatu du, eta herritarrei eskatu die ekintza bandaliko horien berri izanez gero, Udaltzaingoari jakinarazteko, 943 74 13 94 telefono-zenbakira deituta.