Udalak asteburuetako eta jai egunetako Eguneko Zentro zerbitzua jarri du martxan mendekotasuna duten adinekoentzat

  • Zerbitzua martxan dago 5 erabiltzailerekin. Oraingoz, lanegunetan dauden eguneko zentroko erabiltzaileei bakarrik eskainiko zaie zerbitzua.
  • Ane Beitia alkateak azaldu du “adineko ezinduentzako eta haien familientzako arreta nabarmen hobetuko da”.

Elgoibarko Udalak aurrera egiten du gizarte zerbitzu integralak eta herritarren beharretara egokituak eskaintzeko. Udalak etengabe ematen ditu mendekotasunaren ondoriozko premiak prebenitzeko eta artatzeko zerbitzuak.

Horietako bat mendekotasuna duten adinekoentzako eguneko zentroa da. Lanegunetan itundutako plazak 20 dira. Orain, Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, martxan jarri du zerbitzuaren modalitate berri bat, asteburuetan eta jaiegunetan, 10 plazarekin.

Zerbitzua martxan dago 5 erabiltzailerekin. Oraingoz, lanegunetan eguneko zentrora joaten diren pertsonei bakarrik eskainiko zaie. Hau da, oraingoz ezin izango da egonaldia jaiegunetan eta asteburuetan bakarrik eskatu.

Ane Beitia alkateak azpimarratu du garrantzitsua dela “Gizarte Zerbitzuen zorroa sustatu eta horretan urratsak ematen jarraitzea, herritarrak ahalik eta modu osoenean babesteko. Zerbitzu hori ematea hobekuntza nabarmena izango da mendekotasuna duten adinekoentzako eta haien familientzako arretan”.