Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia lagin geoteknikoak hartzen ari dira El Pilar ikastetxe zaharraren orubean

  • Lursailaren datuak funtsezkoak dira etorkizunean Errezabal egoitza eraikitzeko, baina, bereziki, lurpeko aparkalekurako.
  • Egoitza berriaren eraikuntzaren eta kudeaketaren lizitazioa aurten lehiaketara ateratzea aurreikusten da.

Elgoibarko Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia buru-belarri ari dira Errezabal egoitza eraikitzeko eta kudeatzeko lizitazioaren pleguak prestatzen. Aste honetan bertan, lagin geoteknikoak hartzen ari dira El Pilar ikastetxeko orubean, lursaila ezagutzeko eta, horrela, inguruaren datu geotekniko guztiak zehazteko. Lurraren xehetasunak funtsezkoak dira eraikuntzarako, baina, bereziki, lurpeko aparkalekurako. Lagin hartzeak irailaren 19an, astelehena, hasi ziren eta 23an, ostirala, amaituko dira.

Errezabal egoitza berriaren obra eta kudeaketa aurten bertan lizitaziora ateratzea aurreikusten da, 21 milioi eurotik gorako eraikuntza-aurrekontuarekin.

Finkaren azalera osoa 7.500 metro koadrokoa da. Ekipamendu-eraikin berria ezarriko den zatiak 4.250 metro koadroko azalera du.

 

110-130 plaza eta eguneko zentro berria

Elgoibarko adinekoentzako egoitza berriak 110 eta 130 plaza artean izango ditu, bizikidetza-unitate txikietan banatuta, eta El Pilar ikastetxeko lursailean kokatuko da. Errezabal izena izango du, Pilarreko Gurasoen Elkartearen omenez, zeinak, aldi berean, bertan dagoen baserriaren izena hartu zuen. Egoitzaz gain, laguntza-ekipamenduak 30 edo 40 plaza dituen eguneko zentro bat hartuko du.

Egoitza berriak 10.500m2-ko azalera izango du, gutxi gorabehera. Ekipamendu berri hori 12-18 pertsonako bizikidetza-unitate txikiz osatuta egongo da, gehienak banako logelak izango dira (logelen % 75 gutxienez), eta komunitatera irekita egongo da, inguruan izango dituen berdeguneekin, egonleku zabalekin, jantokiekin eta kafetegiarekin, eguneko zentro batekin (40 plaza), unitate psikogeriatriko batekin (12-15 plaza izango ditu), eta 70 eta 150 aparkaleku artean izango ditu.

Aparkalekuari dagozkion obrak Elgoibarko Udalaren kontura egingo dira. Ustiapena udalaren eskumen esklusibokoa izango da.

Era berean, Urazandi auzorako oinezkoentzako bigarren ibilbide irisgarria izango den igogailu publikoaren lehen zatia garatuko da ere.

« »