Udako kirol udalekuetan izena emateko epea zabaldu du Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak

Interesa dutenek Olaizaga kiroldegiko harreran edo olaizagaharrera@hotmail.es helbidean eman dezakete izena maiatzaren 27a bitarte.

Udal Kirol Patronatuak kontutan izan du Ikastolako eta Herri Eskolako haurrek egun ezberdinetan hartzen dituztela udako oporrak eta hori dela eta, ekainaren 20ko astean, Kirol Udalekuen egun osagarriak eskainiko ditu.

Haur eta gazteek udako oporretan kirola egitea gustoko badute Udal Kirol Patronatuak antolatzen dituen kirol udalekuetan aurkitu dezakete aukerarik egokiena. Kirol udalekuetan izena emateko epea jada zabalik da eta maiatzaren 27ra bitarte egongo da irekita. Interesa dutenek Olaizaga kiroldegiko harreran edo olaizagaharrera@hotmail.es helbidean eman dezakete izena.

Ekainaren 27tik uztailaren 22ra, astelehenetik ostiralera, goizeko 9:30etatik 12:30era, kirol desberdinak (eskalada, atletismoa, mendi bizikleta, orientazioa, futbola, eskubaloia, herri kirolak, frontoiko jolasak, mendizaletasuna, patinajea, padela, tenisa, Mintxetako igerilekuak, ur jolasak, zumba, e.a.) egiteko aukera izango dute 2011 eta 2015 urteen bitartean (biak barne) jaiotako haurrek. 2007-2010 urteen bitartean jaiotako gazteek, berriz, Goi Mailako Kirol Udalekuetan maila handiagoko kirola egiteko aukera izango dute.

Olaizaga eta IMH kiroldegiak, Mintxetako kirol instalazioak, igerilekuak, Ikastolako Frontoia eta herriko beste hainbat gune erabiliko dituzte. Harrera oso ona izaten dute urtero Kirol Udalekuak.

Patronatuko bazkideek 106,20 euro ordaindu beharko dute eta bazkide ez direnek 116,50 euro.

Aukeran, egun osagarriak

Udal Kirol Patronatuak kontutan izan du Ikastolako haurrek ekainaren 17an eta Herri Eskolakoek ekainaren 21ean hartzen dituztela oporrak. Hori dela eta, ekainaren 20ko astean, Kirol Udalekuen egun osagarriak eskainiko ditu:

Lehenengo aukera aste osokoa, bost egunekoa, ekainaren 20tik 24ra izango da. Bazkideek 25 € ordaindu beharko dituzte eta bazkide ez direnek 29 €.

Bigarren aukera hiru egunekoa izango da, ekainaren 22, 23 eta 24. Bazkideek 15 € ordaindu beharko dituzte eta bazkide ez direnek 17 €.