Trinitate jaiak ospatuko ditu Elgoibarrek ekainaren 2tik 4ra

  • Trinitateetako azoka berezia, abereen erakusketa, kalitatezko produktuen dastaketa, kalejirak, haur zein helduen danborrada, erraldoi eta buruhaundiak edota artisau azoka dira, Trinitate jaietarako egitarauak jasotzen dituen ekintzetako batzuk, herritar ororen gozamenerako. 
  • Horrez gain, egur arte tailerreko ikasleen artelanen erakusketa, ‘Dolmenen ibilbidea’ bisita gidatua, edota Mintxetako igerilekuetako bainu denboraldiaren hasiera dira ekaineko lehen asterako aurreikusitako ekintzak, beste hainbaten artean. 

 

Festa giroan emango dio Elgoibarrek ongietorria ekainari, Trinitate jaien ospakizunarekin. Ekainaren 2tik 4ra ospatuko dira festak eta ekintza egitarau oparoa antolatu da jai egun horien bueltan. 

Ostiralean, ekainak 2, Musika Eskolako ikasturte amaierako kontzertuak emango die hasiera jaiei, Maalako parkean, arratsaldeko 19:00etan. Eta ekainaren 3an eta 4an, festak jarraipena izango du haur, gazte zein helduei zuzenduriko ekintzekin. 

Larunbatean, esaterako, Aita Agirre plazak Trinitateetako XX. Azoka Berezia jasoko du egun osoz. Horrekin batera, goizeko 9:00tan hasita eguerdiko 14:00ak arte, urte hauetan zehar Elgoibarko Kaleko Margo Lehiaketan parte hartu duten hainbat margolari koadroak margotzen egongo dira Kalegoen plazan antolatutako ‘Kaleko Margo Erakustaldia’n eta bertaratzen direnek. Olaizaga kiroldegiko igerilekura joanez gero, Urazpiko Bataioa egingo da, 9:30etik 12:30era bitartean. Ekintza hau doakoa izango da kiroldegiko abonatuentzat. 

10:00etatik -14:30era halaber, herriko baserrietako produktuen salmenta egingo da eta ordu berean hasita Elgoibarko baserrietan hazitako abereen erakusketa ere egingo da, Aita Agirre plazan, hau arratsaldeko 17:00ak bitartean. 

Lekuederreko karpak, bestalde, kalitatezko produktuen dastaketa jasoko du larunbat goizean, hain zuzen, 11:00etatik aurrera. Elgoibarko Udalak eta Debemenek antolatuta, Euskal Baserriko “Lumagorri” oilaskoa, aire librean hazitako “Basatxerri” txerrien saiheskia eta hirugiharra dastatu ahal izango dituzte elgoibartarrek, herriko baserri auzoetako ordezkarien laguntzarekin. Horrekin batera Elgoibarko baserrietako sagardo lehiaketa eta dastaketa ere egingo da. 

Olaizaga kiroldegira bueltatuz, 11:30ean hasiera emango zaio ‘Lagunarteko Errugbi Partidari’ gurpildun aulkian. 12:00etan, kalejira egingo da I. Bereziartua Musika eta Dantza Eskolako trikitilariekin. 

Arratsaldean festak kalean jarraituko du, Mauxitxa txarangaren kalejirarekin, Mauxirekin eta Kiribilekin. Kalejira 18:00etan abiatuko da Kalegoen plazatik. Eta larunbatari amaiera emateko, 23:00etan Egoibarko nagusien danborrada egingo da, Udal Musika Bandak lagunduta, Kalegoen plazan. 

Igandean, ekainak 4, goizean goizetik ekingo zaio festari, hain zuzen 9:00etan udal txistulari bandaren dianarekin. Lekueder parkeak Artisau Azoka jasoko du goizean, 10:00etatik 14:00etara. 24 postuz osatuta egongo da eta besteak beste bitxiak, xaboi naturalak, txotxongiloak, larru lanak, eskulanak edota ehunak izango dituzte aukeran elgoibartarrek. 

11:00etan halaber, meza eskainiko da San Bartolome parrokian. 12:00etan haurren danborrada egingo da eta jada arratsaldean, 17:30etik 19:00etara bitartean erraldoi, buruhaundi eta zezenzikleten kalejira egingo da, Elgoibarko dultzaineroekin batera. Lekueder buruhandirik gabeko gunea izango da. 

 

Kultur ekintza aukera anitza Elgoibarren

Festen egitarauaz haratago, beste hainbat kultur ekintza eskainiko dira Elgoibarren ekaineko lehen aste honetan. Hilaren 2an, ostirala, esaterako, ‘Jolasa kalera barixakuetan’ ekimena egingo da 17:00etatik 19:00etara Lekueder parkean. 

Ostiralean ere 7. Arteari buruzko kafe tertulia egingo da Lilan, 18:30ean, Loredi Salegik gidatuta eta 19:00etan ikasturte bukaerako rock eta big band kontzertua eskainiko da Maalan. Era berean, ostiralean zabalduko da, ekainaren 24a bitarte, egur arte tailerreko ikasleen artelanen erakusketa. Lan horiek ikusgai egongo dira astelehenetik larunbatera, 18:30-20:30 bitartean, Kultur Etxeko erakusketa gelan. 

Igandean, ekainak 4, ‘Dolmenen ibilbidea’  bisita gidatua irtengo da, beste behin, 10:00etan Karakateko aparkalekutik. Interesdunek izena eman dezakete 657 79 46 77 telefonora deituz. 

Horrez gain, goizeko 09:00etatik aurrera Enduro moto lasterketa ere ospatuko da. 

 

Bainu denboraldiaren hasiera Mintxetan

Uda ate joka dugun honetan, ekainaren 3tik aurrera zabalduko da, irailaren 10a arte, Mintxetako igerilekuetako baino denboraldia. Denboraldiko abonuak Udal Kirol Patronatuan eskuratu daitezke. 

 

KZ Guneko doako ikastaroak

Ekainaren 1etik 14ra bitartean, Elgoibarko KZ Gunean ‘Ofimatika tresnak-Libreoffice’ ikastaroa eskainiko da, 09:00etatik 11:00etara. Informazio gehiagorako, aurrez aurre (ezinbestekoa da aldez aurretik hitzordua hartzea 943023640 telefonoaren bidez), 943023640 telefonoaren bidez edo webgunean (www.kzgunea.eus).