Santa Ageda eta Santa eskeak protagonista izango dira asteburuan Elgoibarren

  • Hilaren 3an Elgoibar Ikastolako haurrak kalez kale izango dira abesten eta 4an, aldiz, Santa eskea egingo da herriko kale, auzo eta baserrietan. Igandean, halaber, dultzaineroak eta udal musika banda izango dira Santa Ageda egunari doinua jartzen. 
  • Horrekin batera, asteburuan  zine heldu zein hau eta familientzat zine emanaldiak eskainiko dira. 

Heldu da jada otsaila, musikaz, festaz, kantuz eta kolorez beteriko kultur agenda anitz bezain zabalarekin: Santa Ageda egunarekin ospakizuna, inauteriak, kontzertuak, antzerkiak…

Lehen asteburuan, alegia, musika eta koplak izango ditugu protagonista herrian, Santa Ageda Egunaren ospakizunarekin. Ostiralean, otsailak 3, Elgoibar Ikastolako haurrak kantari irtengo dira kalez kale eta auzoz-auzo, herria festa giroan murgiltzeko. Eguraldi txarra eginez, gero, baina, ekitaldia ikastolan bertan egingo dute. 

Larunbatean, Santa Ageda bezperan, ospakizuna herri osora zabalduko da eta goizeko 9:00etatik hasita, Santa Eskea egingo da kalez kale, auzoz-auzo eta baserriz-baserri. Herriko kale eta auzoetako Santa Eskea Bolatokiko parketik abiatuko da aipatu orduan eta baserrietara zuzendutakoa, aldiz, Kalegoen Plazatik. 

Egun berean, Minbiziaren Aurkako Eguna ere ospatzen da eta horren harira, Aita Agirre kulturguneko estalpea berdez argiztatuko da. 

Igandean, otsailak 5, Santa Ageda eguna da eta kasu honetan, dultzaineroak eta Udal Musika Banda izango dira egunari musika eta doinua jartzearen arduradun. Horrela, goizeko 10:00etan dultzaineroen diana izango da eta 12:30ean, udal musika bandak kontzertua eskainiko du Herriko Antzokian. 

Eta behin asteburua atzean utzita, asteazkenean, otsailak 8, ipuin kontaketa saioa eskainiko da etxeko txikienentzat. “Kontuak, kantuak… eta zenbait xelebrekeri” izenpean, Itziar Saenz de Ojerrek bi saio eskainiko ditu, 17:00etan lehena, LH1eko haurrei zuzenduta eta 17:30ean bigarrena, LH2 eta 3ko haurrentzat. 

 

Zinea

  • M3gan: otsailak 3, 4, 5 eta 6
  • Lilo, mi amigo el cocodrilo: otsailak 5
  • Ongarri zinekluba: Suro: otsailak 8

Sarrerak: normala 6 €. Gazte-txartela: 3 €. Ikuslearen eguna: 4 €sarrera. Bonuak ez dira zigilatuko. Haurrentzako saioa: Haurrak 3 €/ Nagusiak 5 €.

 

KZ Guneko doako ikastaroak

Otsailaren 1etik 14ra bitartean, Elgoibarko KZ Gunean ‘Oinarrizko interneta. Nabigatzen eta posta elektronikoak bidaltzen ikasi’ ikastaroa eskainiko da, 09:00etatik 11:00etara. Informazio gehiagorako, aurrez aurre (ezinbestekoa da aldez aurretik hitzordua hartzea 943023640 telefonoaren bidez), 943023640 telefonoaren bidez edo webgunean (www.kzgunea.eus).

 

Elgoibarko idazlan lehiaketa

Hilabete osoan zehar, zehazki martxoaren 10a arte, zabalik egongo da Elgoibarko V. Idazlan lehiaketa. 

Elgoibarko Udalak, Kultura, Euskara, eta Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko Sailen bitartez antolatutako lehiaketa da, 8 eta 18 urte bitarteko haur eta nerabeei zuzenduta dago eta helburu du ikasleen artean euskaraz idazteko trebetasuna sustatzea. 

Hori horrela, lehiaketako gaia librea izango da baina idazlanak euskaraz idatzita egon beharko dute. Lanak ikastetxean bertan edo HAZen aurkeztu behar dira martxoaren 10erako. Lehiaketaren inguruko informazioa eta oinarriak udal webgunean daude ikusgai.