SANLO Eskubaloi Taldeak eskuratu du I Lila Saria

  • Ane Beitia, alkatea: “garbi dugu kirolaren bitartez, bizipen positiboak izanda, genero-zeharkakotasuna ezartzeko erraminta ezin-hobea dela, eta horregatik saria SANLO Eskubaloi Taldeari ematea erabaki da”.

SANLO Eskubaloi Taldeak eskuratu du I Lila Saria. Ane Beitia alkatea eta Maialen Gurrutxaga Berdintasun zinegotziaren eskutik jaso dute saria (garaikurra eta 500€).  Alkateak nabarmendu du “SANLOn 30 urtetik gora aritu dira nesken kirola sustatzen, genero estereotipoak deseraikitzen, herriko neskentzat erreferente berriak aurkezten, kirola lehia izateaz gain beste hamaika balore lantzeko balio duela erakusten (euskara, lankidetza, inklusioa, bizikidetza, berdintasuna…), herrigintzan lanean… Laburbilduz, garbi dugu kirolaren bitartez, bizipen positiboak izanda, genero-zeharkakotasuna ezartzeko erraminta ezin-hobea dela, eta horregatik saria SANLO Eskubaloi Taldeari ematea erabaki da”.

Lila Sariaren lehen edizioaren helburua da jendaurrean aitortzea Elgoibarko udalerriko bizitza sozial, hezitzaile, politiko, ekonomiko, kirol eta kulturaleko edozein arlotan emakumeen eta gizonen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzen lagundu duten eta/edo nabarmendu duten pertsonek eta/edo erakundeek egindako lana.

Parte hartu duten 5 hautagaitzak Elgoibarko udalerriko erakunde eta pertsona fisikoek proposatu dituzte. Hautaketa-epaimahaia Lilako Mahaiko hiru kidek, Berdintasun Saileko teknikariak, Berdintasun Arloko arduradunak eta alkateak osatu dute. 

Ekitaldira bertaratu direnek Beatriz Egizabal eta Getari Etxegarairen bakarrizketa saioaz gozatzeko aukera izan dute, eta bukatzeko, Ane Zabaletak pianoarekin pieza bat jo du, eta Deñe Garcia musikariaren kontzertuarekin amaitu dute.