Jatorrizko “Villamayor de Marquinari” buruzko irudi figuratiboa, Elgoibar izeneko lursailean eraikia, 1346ko abenduaren 20an sortze gutuna jaso ondoren. Bertan, hiri inguruneko funtsezko tokiak zehazten dira.

Hiribildu harresitua eraikitzeko aukeratu zen tokia Deba ibaiaren ondoan dagoen ibaiertzeko lur-zabala da, pare bat kilometrokoa. Gune hau, ipar aldetik hego aldera, Ugarroa errekastotik -Andikao inguruan-, Magdalena ermitan bertan ibairatzen den Basarte errekaraino doa. Beheko muga Deba ibaiaren ibilguak markatzen du; goikoa, berriz, mendiko gailurrera igotzen den errege-bidearen trazadura da.

Aipatu gune honen erdiko aldean, ibai ertzean, 177 metroko luzera eta, bataz beste, 82 metroko zabalera dituen 14.500 m2 inguruko lautada eroso batean erabakiko da eremu harresitua sortzea. Horren ondorioz, oinplano eliptikoa zuen hiribildu berria, ertzetan estutua, hiru etxe-ilaratan egituratu zen. Etxe-ilara horien erdi aldean zeharkale bat zegoen, komunikaziorako ez ezik, suteak mozteko ere balio zuena. Etxe haien artean kale-bide bi ere bazeuden luzetara. Halaber, zubi nagusian dagoen portalearen sarreraren ondoan, eremu publiko txiki bat jarri zen, Udaletxeko egungo plazaren aurrekari izan zena.

Antzinako Villamayor de Marquinaren eta goiko eta beheko errebalen bilakaeraren irudi figuratiboa, Erdi Aroaren amaieran.

Erdi Aroko Gipuzkoako gainerako hiribilduetan bezala, XV. mendean eta, bereziki, 1450etik aurrera, Elgoibarrek hazkunde demografiko nabarmena izan zuen. Harresi-barrutiak zituen mugengatik herria zabaltzea ezinezkoa zenez, herriko muturretan errebalak artikulatzen hasi ziren.

Bi errebal sortu ziren garai hartan gure herrian. Garrantzitsuena, dudarik gabe eta, beraz, “errebal” izena bereziki dagokiona, Beheko edo Yusoko errebala izan zen. Herriko arteria luze hau harresiaren ipar aldeko atea igaro ahala hasten zen, eta amaiera, Maala aldean, Basartetik jaisten zen errekastoak markatzen zuen.

Trazadura lerrozuzena da gehienbat, Deba ibaiaren ibarrak mugatzen badu ere. Trazatuak, bataz beste, 325 m-ko luzera eta 45 m-ko zabalera du, eta guztira, harresi barruko luze-zabalerarekin oso bat datorren 14.625 m2-ko azalera.

Bestea, Goikoa edo Susokoa deitua, ibaiaren beste aldean, herriko alde garaian, zegoen, herrira sartzeko zubi nagusiaren eta Villaviciosa de Marquinara joateko erregebideko hasieraren artean. Errebal hau txikia zen behekoarekin alderatuta, eta bertako eraikinek ez zuten antolamendu ordenaturik. 

Lehen Modernitatean, erlijio-guneak sortu zirenean, Elgoibarko hiribilduan izandako aldaketen irudi figuratiboa.

Hazkunde demografikoari eta ekoizpen jarduera garapenari esker, garai distiratsua bizi izan zuten XVI. mendearen hasieratik, kultugune berrien eraikuntzei dagokienez. Eraikin erlijioso horiek eragin nabarmena izan zuten herriaren morfologian.

Bereziki, fundazio horietako bik lagunduko dute hiri-multzoa aldatzen eta osatzen.

Alde batetik, San Frantzisko monasterioa, 1516tik aurrera eraikia, herriko beheko errebalaren hasieran. 1499an inauguratua, harresiaren behe aldeko atearen inguruan zegoen Pietatearen ermita izan zen monasterio honen aurrekari hurbila. Azken egiturak XX. mendean eraitsi ziren arren, Maalan amaitzen den kaleak, oraindik ere, izen horri eusten dio.

Ezaugarri hauek dituen beste fundazioa Santa Klara komentu zaharra izan zen, duela urte gutxi arte izen bereko Ordenako mojek zuzendu zutena. 1533an ekin zion ibilbideari, garai bateko goiko errebalean. Markinarako errepidearen hasieran zegoen, eta bide eman zuen hirigune horretan hirigintza garapen handia izateko.

Testua: J. Elorza. Irudia S. Etxaniz eta J. M. Juaristi