LGTB+ Pertsonen Eskubideen Aldeko Nazioarteko Eguna dela eta, Elgoibarko Udalaren adierazpena

Elgoibarko Udalak aitortza egin nahi die kolektiboak gaur egun dituen eskubideak lortzeko bidean bizia galdu zutenei eta aktibismoari denbora eta izerdia eskaini zizkiotenei. Halaber, ezin da ahanzturan erori aktibistek egin zuten eta egiten diharduten gizarte-eraldaketako lana.

Eraso LGTB+fobikoen datuak gora doaz, armairuak presente jarraitzen du gure bizitzako arlo guztietan, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira… eta ondorioz gure bizitzak arriskuan daude eta asko dira oraindik familia aurrean, gertuko jendearekin edo lanean gure orientazio sexuala edo genero identitate, adierazpena isilarazi behar ditugunok.

Horregatik, belaunaldi berriengan ere jarri nahi dugu arreta, oraindik ere lortzeke dauzkagun eskubide askoren alde ari baitira lanean. Azkenik, aipamena egin nahi diegu gure lurraldearen mugetatik kanpo borrokan ari eta kolektiboari eragiten dioten Giza Eskubideen urraketen aurka altxatzen direnei.

Erne egoten jarraitu behar dugu lurraldean gertatutako LGTB+ kolektiboaren aurkako erasoen eta sexu- eta genero-aniztasunaren aurkako ideia politiko jakinen aurrean. Trans kolektiboaren eskubideak aldarrikatu behar ditugu, eta euren bizi-prozesua jarraitzen duten horiek babesteko legezko esparruak egituratu. Era berean, kolektiboari ikusgarritasuna eman behar diogu gizartean, eta elkarbizitza, errespetua, aniztasuna eta Giza Eskubideak sustatu behar ditugu.

Gure kasuan, instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak… ezartzea ezinbestekoa da.

Elgoibarko Udalak, gure herria LGTB+ pertsonentzat herri bizigarria izateko helburuarekin, indarkeria matxistaren zein sexu aniztasunaren alorrean, herritarren bizipenei zein gaiaren inguruko ezagutzari eta sentsibilizazioari buruzko diagnostikoa egiteko konpromisoa hartuko du. Hain zuzen ere, hau da egitasmo honekin lortu nahi dena:

  1. Herriko LGTB+ pertsonen bizipenak ezagutzea, hainbat herritarren testigantzak jasoz eta haien zabalkundea eginez.
  2. Indarkeria matxistarekiko eta sexu-aniztasunarekiko Elgoibarko herritarren jarrerak, ezagutzak eta sentsibilizazioa ezagutzea.
  3. Herritarrei indarkeria matxistari zein LGTB+fobiari aurre egiteko tresnak eskaintzen hastea; horretarako, lehen fasean, ikastetxeetako irakasleei formakuntza eskainiko zaie.
  4. LGTB+ mugimendurako aberasgarriak izan daitezkeen pertsona eta kolektiboen artikulazioan bultzada ematea.

Elgoibar, matxismo, LGTB+fobia eta arrazakeriarik gabeko esparru askatzailea eta bizigarria izateko bidean, pauso koordinatu eta planifikatuak emateko, herriko eragileen lankidetza sustatzea.

Azkenik, deia egin nahi dizuegu gaurko egunari ikusgarritasuna emateko eta gizartea sentsibilizatzeko antolatutako aldarrikapen ekitaldietan parte hartzeko, bai sare sozialen eta komunikabideen bidez, bai kaleetan. Txikia izanik ere, ekintza oro baita garrantzitsua aniztasunaren aldeko borrokan.