Lanbide Heziketa eta industria sustatzeko Ekiten tailerren XIV. jardunaldiaren bigarren saioa gauzatuko da maiatzaren 2tik 5era

Elgoibar Ikastolako eta Arreiturre Institutuko DBHko 3. mailako ikasleek IMH Campuseko eta MEKA Lanbide Eskolako ikastetxeak bisitatuko dituzte.

Elgoibarko gazteek Elgoibarko Lanbide Heziketa, unibertsitatea eta industria bertatik bertara ezagutzeko asmoz, Udalak Ekiten tailerren XIV. edizioa antolatu du IMH Campus, Meka, Arreiturre Institutua eta Elgoibarko Ikastolarekin batera.

Martxoaren 9tik 16ra egin zen lehen fasea Elgoibar Ikastolako eta Arreiturre Institutuko DBHko 4. mailako ikasleekin. Bertatik bertara ezagutu zituzten lanbide-heziketako ikasleen bizipenak. Era berean, SWISSLAN eta AVS enpresak bisitatu zituzten.

Datorren astean, maiatzaren 2tik 5era, Elgoibar Ikastolako eta Arreiture Institutuko DBHko 3. mailako ikasleen txanda izango da, eta IMH Campuseko eta MEKA Lanbide Eskolako ikastetxeak bisitatuko dituzte. Lanbide Heziketako zentroek eta Elgoibarko Unibertsitateak instalazioetako ateak zabalduko dituzte, ikastetxe horietan Lanbide Heziketa eta unibertsitateko prestakuntza nola ikasten den erakutsiko dute, eta bertako ikastetxeetako ikasleekin bizipenak eta esperientziak partekatuko dituzte.