‘Kuikui’ antzerki familiarraren saio bikoitza eskainiko dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Herriko Antzokian ostiral honetan, apirilak 29

Ikuskizuna 17:00etan eta 19:00etan eskainiko da, eta https://herrikoantzokia.eus webgunean zein Herriko Antzokiko leihatilan eros daitezke sarrerak.

Zinemari erreparatuz, ‘El acontecimiento’ pelikula egongo da ikusgai, eta Ongarri Zine Klubak ‘Compartimiento nº6’ pelikula eskainiko du.

Katxiporreta antzerki konpainiako Pirritx, Porrotx eta Marimototsek ‘Kuikui’ antzerki familiarra eskainiko du Elgoibarko Herriko Antzokian datorren apirilaren 29an, ostirala. Bi saio eskainiko dira, 17:00etan eta 19:00etan, eta dagoeneko sarrerak salgai daude www.herrikoantzokia.eus webgunean zein Herriko Antzokiko leihatilan. Euskaraz eskainiko da.

Antzerkiaren sinopsiak honela dio: “Ikuskizunean ikusiko ditugu Tider migrantea, Afrikatik Baionara iritsi nahian, gauez hegan egiten duen Ontzak lagunduta bere helburuan saiatuko dena. Eta ikusiko ditugu Ilargi baserritarra eta Margarita Oiloa, saltoka hegan egiten duena. Honek arrautza berezia errun du koloretakoa, eta txitakolorea jaioko da, Kuikui, munduari kolorea eta adorea emango diona”.

Bestalde, ostiral berean, Andrea Osoro psikologoak ‘Elikadura nahasmenduak eta lodifobia’ hitzaldia eskainiko du Lilan, 18:00etan hasita. Adin guztientzat zuzendutako hitzaldia da, eta ez da izenik eman beharko. Gazteleraz eskainiko da.

Larunbatean, hilaren 30ean, aldiz, hileko azken larunbatetako azoka egingo da Elgoibarren. 09:00etan abiatuta, 14:00ak arte iraungo du, eta baserriko produktuen salmenta egingo da Kalebarren plazan. Eta eguerditik aurrera ganadu erakusketa egingo da, baita ere Kalebarren plazan. Arratsaldean, 17:30ean, erraldoi, buruhandi eta zezen-zikleteen kalejira izango da, Mari, Tartalo, Basandere eta Basajaun buruhandi berriekin. Kalebarren plazatik abiatuko da kalejira. Lekueder buruhandirik gabeko gunea izango da.

Eguna amaitzeko, Elgoibarko Musikarien Elkarteak (EME) EME eguna ospatuko du azoka eta kontzertuekin. Bikustik, ELANERS, Ellie Jensen, Dani and Sotos & Juanito Berrako, Jeizy’s Tyros eta K*104 taldeak ikusteko aukera egongo da Maalako parkean 18:00etatik aurrera.

Maiatzean zehar ZIG gelako ikasleekin ‘Tramo de fuego’ liburua irakurriko da, asteazkenero, eta eLiburutegia erabiltzeko tutorialak eskainiko dira, ostegunero.

Zinema

Aste honetan, honako film hau egongo da ikusgai:

  • EL ACONTECIMIENTO: larunbata 30 (19:00 eta 22:15), igandea 1 (19:00) eta astelehena 2 (21:00).

Ongarri Zine Klubari dagokionez, honako pelikula hau eskainiko da:

  • COMPARTIMIENTO Nº6: asteazkena 27 (21:00).

Sarrera arrunta 6 €. Gazte-txartelarekin: 3 €. Astelehena ikuslearen eguna: sarrera 4 €. Ez dira bonuak zigilatuko. Haurrentzako emanaldia: Haurrak 3,5 € / Nagusiak 5 €.