Kantuan emango zaio amaiera Euskaraldiari Elgoibarren abenduaren 1ean

  • Sarrerak bihar, azaroak 12, jarriko dira salgai 12:00etatik aurrera www.herrikoantzokia.eus web orrialdean edota Herriko Antzokiko leihatilan. 

Euskaraldia abenduaren 2an bukatzen bada ere, abenduaren 1ean egingo da amaiera ekitaldia Elgoibarren, eta gainera, kantuan. 

Horregatik, Elgoibarko Udalak, Elgoibarko EUSKARALDIA Taldearekin elkarlanean, Jon Maiaren Kantu bat gara kontzertua antolatu du abenduaren 1ean, osteguna, iluntzeko 19:00etan, Herriko Antzokian.  

30 urte dira Jon Maia bertsolariak bere lehenengo kantak idatzi zituela, Negu Gorriak taldearen Gure jarrera diskorako. Ordutik, Jonek Euskal Herriko hainbat eta hainbat talde eta abeslarirentzat idatzi ditu kantuen hitzak: Negu gorriak bera, Gari, Mikel Urdangarin, Anari, Benito Lertxundi, Soziedad Alkoholika, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Gozategi, Ken zazpi eta abar. Horietako kantu asko eta asko jendearen gogoan geratu dira dagoeneko: Itsasoari begira, Gora Herria, Lehenbiziko bala, Nirekin, Non geratzen den denbora, Eskuetan, Itsasoa gara, Zaharra zara Bilbo eta abar…

30 urteko letragile ibilbide oparoa ospatzeko, Jonek bere hainbat kantu ezagunen bertsioak jasotzen dituen Kantu bat gara izeneko liburu-diskoa atera du, eta zuzeneko emanaldiak eskaintzen ditu, goi mailako musikariez inguratuta: Pello Ramirez, Gorka Hermosa eta Nacho Soto. 

Kantu bat gara emanaldia berezia izango da: Jonek euskal kulturaren, historiaren eta identitatearen ikuspegi partikularra zabaltzen du bere kantutegiaren bidez, hitzaren emozioa kantu bihurtuz eta publikoaren konplizitatea bilatuz beti.

Euskaraldia ekimenari bukaera ezin hobea emateaz gain, ezin dugu ahaztu hortxe izango dugula Euskararen Eguna ere ate joka. Abenduaren 3an izango da Euskararen Eguna, baina aurten zubi luze baten hasiera eguna denez, Elgoibarren aurretik ospatuko dugu egun hori, jakin badakigu eta ezin dugula egun bakarrera mugatu euskararen aldarrikapena, egunerokoa baitugu euskaraz bizitzeko nahia. 

Hortaz, herritarrak animatu nahi dira abenduaren 1eko kontzertura etortzera, eta Jon Maiarekin batera, kantu bidez euskararekin gozatzera.

Sarrerak salgai jarriko dira azaroaren 12an, 12.00etatik aurrera.

KANTU BAT GARA Jon Maia

 

ABENDUAK 1 – 19:00 ELGOIBAR (Herriko Antzokia)

 

SARRERAK:

Orokorra: 10 €

Gazte txartelarekin: 3 €

 

SARRERA SALMENTA:

https://herrikoantzokia.eus 

larunbatero, leihatilan 18:15etik 20:45era, eta egunean bertan, gelditzen badira.