Jada desfibriladoreak erabiltzeko gai diren herritarrak ‘Elgoibar kardiobabestua’ boluntario-sarera atxikitzeko deialdia zabaldu du Udalak

  • Pertsona hauek ez dute ikastaroa egin beharrik. Hona hemen izena emateko linka: https://labur.eus/sareaelgoibarkardiobabestua. Azken eguna apirilaren 27an izango da.
  • Lehen deialdian, sektore konkretuei zuzendua, eta bigarren deialdian, herritar orori zabaldua, 80 pertsonek eman dute izena. 

Elgoibarko Udalak martxan jarri du udalerrian kardiobabes osoko sistemaren ezarpena. Sistema horren bidez, 10 desfibriladore instalatu dira, eta 100 boluntario trebatzen ari dira une honetan, bihotz-biriketako geldialdia jasaten duten pertsonei premiazko laguntza emateko. Inbertsioa 46.770,00 €+ BEZa da.

Martxoaren hasieran abiarazi zuen udalak desfibriladoreak behar bezala erabiltzeko gai diren boluntarioak erakartzeko kanpaina. Lehenengo deialdia funtzionarioei, irakasleei eta ikastetxeetako langileei, guraso-elkarteetako kideei, elkarteei eta kirol-klubei zuzenduta zegoen. Bigarrena, berriz, herritar orori. Guztira 80 pertsona inguruk eman dute izena. 

Orain desfibriladoreak erabiltzeko oinarrizko prestakuntza jada baduten pertsonei zabaldu zaie ‘Elgoibar kardiobabestua’ boluntario-sarean izena emateko aukera. Hauek ez dute ikastaroa egin beharrik. Izena emateko azken eguna apirilaren 27a izango da hurrengo estekan: https://labur.eus/sareaelgoibarkardiobabestua