Irailaren 3an ‘Elgoibar, euskara eta kirola’ jardunaldia hartuko du Elgoibarrek 

Goiz osoko jardunaldia izango da, Elgoibarko IMH ikastetxean, 9:30ean hasi eta 14:30era arte.

Uztailaren 15a da izena emateko azken eguna, eta bi lekutan egin daiteke: Elgoibarko Izarran (943741626 elgoibarkoizarra@elgoibarkoizarra.eus) edo Elgoibarko Olaizaga kiroldegian (943 744 415 / olaizagaharrera@hotmail.es).

Datorren irailaren 3an ‘Elgoibar, euskara eta kirola’ jardunaldia hartuko du Elgoibarrek. Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak eta Elgoibarko Udaleko Kirol Patronatuak eta Euskara sailak antolatu dute aurtengo jardunaldia, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.

Normalean urrian izan ohi den Euskara ala Ezkara jardunaldia irailaren 3ra aurreratu dute antolatzaileek, aurtengo gaia Euskara ala Ezkara kirolean? izango delako, eta hori horrela izanik, ezinbestekoa izan delako kirol jardunaren agenda kontuan hartzea. Elgoibar, kirola eta euskara izango dira aurtengo jardunaldiko elementu edo osagaiak, baina eliteko kirolariek ere hartuko dute parte euren bizipenen berri emateko, besteak beste, June Loidik, Jokin Altunak edo Xabi Prietok.

Zein da Elgoibarren kirolak duen dimentsioa eta eragina? Zein dira elgoibartarrok gehien egiten ditugun kirolak? Elgoibarren euskaraz egiten al da kirola? Zenbat bai eta zenbat ez? Zergatik da garrantzitsua kirola euskaraz egitea? Kirola ere herrigintza al da? Zergatik? Zer ematen dio kirolak Elgoibarren ongizateari? Eta euskarak? Zelakoak dira eliteko kirolariak? Bizimodu erosoa al dute? Galdera horiei eta beste batzuei erantzutera etorriko dira kirol munduko hainbat lagun Elgoibarrera, irailaren 3an, larunbata.

Goiz osoko jardunaldia izango da, Elgoibarko IMH ikastetxean, 9:30ean hasi eta 14:30era arte.

Hona hemen egitaraua:

9:30: ongi-etorria eta harrera-ekitaldia.

10:00: “Elgoibarko kirol jardunaren dimentsioa eta eragina”. Ramon Mujika.

10:30: “Elgoibarren euskaraz egiten dugu kirola?” Kristina Zuatzubizkar eta Jone Miren Hernandez.

11:00: “Zergatik da garrantzitsua kirola euskaraz egitea?” Jone Miren Hernandez

11:30: atsedena

12:00: “Kirola ere herrigintza da”. Iñaki Ugarteburu.

12:30: “SD. Deuston Hitza Hartuz”. Markel Baroja.

13:00: “Zelakoa da eliteko kirolarien bizimodua?”:

  • Xabi Prieto Argarate.
  • June Loidi Etxaniz.
  • Jokin Altuna Altuna.
  • Kazetaria: Joxe Mari Apaolaza Olea.

14:00-14:30: Biba zuek! errekonozimendu ekitaldia.

14:30: pintxo-bazkaria

Antolatzaileak: Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunea, Elgoibarko Udal Kirol Patronatua eta Udaleko Euskara saila.

Babesleak: Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza.

  • Izen- ematea:

Uztailaren 15a da izena emateko azken eguna, eta bi lekutan egin daiteke:

Elgoibarko Izarran (943741626 elgoibarkoizarra@elgoibarkoizarra.eus) edo

Elgoibarko Olaizaga kiroldegian (943 744 415 / olaizagaharrera@hotmail.es)

Prezioa: 15na euro ordaindu beharko dituzte pintxo-bazkarira geldituko direnek, eta 10na euro, bazkaltzen geldituko ez direnek.

Elgoibarko kirol elkarte eta entitateetako kideek ez dute ordaindu beharrik izango.

Antolatzaileek jardunaldi honetara gonbidatu nahi dituzte kirolaren inguruan lanean dabiltzan hainbat eragile, besteak beste: kirol elkarteetako lehendakari edota arduradunak, Eskola Kirola programako eragileak (ikastetxeak, guraso-elkarteak, e.a.), kirol-entrenatzaileak eta hezitzaileak, Udaleko kirol eta euskara arduradunak, kirola eta euskara bat eginda ikusi nahi duten euskaltzaleak, kirolari lotutako enpresa pribatuak; eta, orokorrean, kirolariak eta herritarrak.