Irailaren 26ra arteko epea dago gurasoentzako euskara ikastaroetan izena emateko

  • Elgoibarko Udalak Udal Euskaltegiarekin eta AEKrekin elkarlanean bultzatutako ikastaro hauen helburua hizkuntza ikasten hastea sustatzea da, baita ahozko adierazpena eta idazteko eta irakurtzeko trebetasunak hobetzea ere.
  • Eskuorria (PDF)

Elgoibarko Udalaren Euskara Sailak, Udal Euskaltegiak eta AEK euskaltegiak, gurasoentzako hainbat euskara ikastaro antolatu dituzte 2022-23 ikasturterako, herriko ikastetxeekin elkarlanean.

Ikastaroak pertsonalizatuak izango dira erabat, ordutegia gurasoen beharretara moldatu ahal izango baita. Era berean, gurasoek Udalaren beka lortzeko aukera izango dute. 0-12 urte bitarteko umeak dituzten gurasoek matrikula erdia ordainduko dute, eta bekaren bitartez, ikastaro amaieran, baldintza batzuk betez gero, ordaindutako matrikularen erdia jasoko dute.

Euskara ikasteko aukera ezberdinak eskainiko dira: euskara ikasten hasteko, hobeto edo errazago berba egiteko, edota hobeto idazten eta irakurtzen ikasteko.

Izena emateko epea irailaren 26ra arte izango da.

Informazio gehiagorako honako telefonoetara deitu ahal izango da: 943 742731 (Udal Euskaltegia) edo 607 601 423 (AEK)