“Inoizko jairik parte-hartzaileenak eta jendetsuenak izan dira 2022ko San Bartolomeak”

  • Udalak balorazio “oso positiboa” egin du: “7 egunez jai giroa izan da hizki larriz nagusi, elgoibartarren sekulako parte-hartzearekin eta ez da nabarmentzeko gertakari bat bera ere izan. Eskerrik asko Elgoibar eta jaiak posible egin dituzten elkarte, langile eta herritarrei”. 

Bi urteren ostean Elgoibarrek San Bartolome jaiak berreskuratu ditu eta Udalak balorazio “oso positiboa” egin du: “7 egunez jai giroa izan da hizki larriz nagusi eta ez da nabarmentzeko gertakari bat bera ere izan. Gainera, gogo handia genuen eta nabarmena izan da hori ekintza guztietan, elgoibartar zein bisitarien parte-hartzea sekulakoa izan baita”. 

80 ekintzatik gorako jai egunek abuztuaren 22an ekin zieten 2021ean jaiotako haurrei ongi-etorria emanez. Urtero, abuztuaren 23an festetako zapia janzten zaie nagusiei, eta oso ekitaldi hunkigarria izaten da. Herriko dultzaineroek, festetako zapia jantzita, jaien hasierako txupinazoa bota zuten. Txupinazoaren aurretik, hirugarren aldiz, Larrain Dantza dantzatu zen Kalegoen plazan.

San Bartolomeren omenezko jarduerek, txistuaren eta dultzainaren dianak, Bandaren kontzertuak eta kalejirak, Soka Dantzak eta erlijio ospakizunek elgoibartarren inplikazio eta parte hartzea izan zuten. Horiek guztiak eta eguraldi onak ikusgarri egin zuten Kalegoen plaza. Aipagarria da Parrokiako Abesbatzaren parte hartzea bai Salbean, bai mezetan.

Kontzerturik azpimagarrienak Gozategi, Zea Mays, EME elkartea eta Puro Relajo izan dira; 23an, 24an, 26an eta 27an antolaturikoak. Kontzertu guztietan giro eta jendearen harrera oso onak izan ziren.  Aipamen berezia merezi du Puro Relajo taldeak, plaza bete baitzuen eta jendearen harrera ezin hobea izan baitzen. Eme elkarteak, Gazteen egunean, Elgoibarko taldeekin kontzertu bat antolatu zuen, eta horrek ere ikusmin handia sortu zuen. Gainerako musika saioen artean, aipatzekoa da Rockalean, eskaini zuen kantu saio oparoarengatik, jendearen harrera onagatik eta bertaratu zirenek gustura parte hartu zutelako.  Berriro ere, Mauxitxa txarangak dantzan jarri du herri osoa. Elgoibarko Kale Kantariak, Trikitilariak, Txistularien Udal Banda, Dultzaineroak eta Buruhandi eta Erraldoien konpartsa ere atera ziren kalera arrakastatsu. Aipamen berezia merezi du Uluka Batukadak, erasorik eta jarrera homofoborik gabeko festak aldarrikatzeko atera baitzen kalera.

Bai Limusin lehiaketak, bai Sallobente elkarteak antolatutako Sagardo Lehiaketa eta bai Kalamua elkarteak antolatutako Gazta eta Harri-jasotzaileen Lehiaketak antolakuntza aparta izan zuten. 

Barraketako esparrura jende andana bildu da, eta giro aparta izan da eta prezio baxuak eskaintzeko Udalaren esfortzuak harrera ona izan du. Barraketako musikarik gabeko ordutegiak oso harrera ona izan du herritarren artean. 

 

Ia istilurik gabe

Oro har giro ona, errespetua, bizikidetza ona, harmonia eta tolerantzia nagusitu dira. Ez da istilu ez ezbehar larririk jaso. Uda honetan Euskal Herriko herri ugaritan emandako emakumeen aurkako ziztadarik ere ez da egon. 

Esku-hartze gehienak honakoekin erlazionatutakoak izan dira: zauriturik gabeko istripuak (1), 6 poltsak eta telefono lapurretak (5), kalte eta galtze desberdinengatik jarritako salaketak (2), galdutako gauzak (11), gazte lokaletan zaratak kexak (2), kale borroka eta errieta txikiak (8), kexak musika eta zaratagatik (7) eta sokamuturrak eragindako kalteak (3).

 

Sokamuturra gertakari larririk gabe

Sokamuturrak ez du gertakari larririk izan 2022ko San Bartolome jaietan. 

Urtez urte, Eusko Jaurlaritzako Joko eta Espektakuluen Zuzendaritzatik, non segurtasun neurrien ikuskapena egiten duten sokamuturra ekitaldi osoan, kritikoak diren bi gai jarri dituzte mahai gainean berriz: itxituren segurtasuna eta 16 urte beherako adinekoen kontrola.

Horregatik, aurten baliabide gehiago jarri dira segurtasuna eta zaintza hobetzeko asmoz, hau da, udaltzain, laguntzaile eta antolatzaile gehiagok parte hartu izan dute, eta ondorioz, ez adinekoen sarrera kontrola hobeto identifikatu da, eta baita, ekitaldian bertan debekatuta dauden zenbait portaera desegokien detekzioa ere hobetu da. 

 

Berdintasunean eta eraso sexistarik gabe 

Elgoibarko Udalak eta Lila Emakumeen Etxeak, festak emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe gozatzeko gune bihurtzeko ahal den guztia egiteko konpromiso partekatua berretsi dute.

Beste behin, nabarmentzekoa da Elgoibarko Udaleko Berdintasun Sailak egindako esfortzu berezia, zeinak Lilako Emakumeen Etxeko kideekin batera eta herriko ostalarien laguntzarekin, “Jaietan ere, Indarkeria Matxistari EZ!” kanpaina abiatu duen, jaiak berdintasunean eta eraso matxistarik gabe igarotzeko xedez. Aurtengo jaietan, Beldur Barik gunea, hau da, sexu erasoen prebentzio eta aholkularitza zerbitzua, abuztuaren 26an eta 27an Maalako parkean egon da. Halaber, San Bartolome bezpera egunean, herriko emakumez osatuta dagoen Uluka Batuka taldearen saio erreibindikatzailea izan da Kalegoen plazan. Txiki egunean, photocallaren 4. edizioa ere ez da falta izan eta herriko hainbat tabernatan, txapak, betaurreko moreak, arreta protokoloak… banatu dira. Aurten lehen aldiz, gaueko taxi zerbitzua eskaini da, doan, herri barruko bidaientzako. Arrera oso ona izan du. 211 herritarrek erabili dute, horien artean, %75a 30 urtetik beherakoak izan dira, eta %63a emakumeak.

Orokorrean, Berdintasun Sailak jaien balorazio ona egin du “Udaltzaingoak eta Gizarte Zerbitzuak jakinarazi digutenez ez da indarkeria matxista kasurik salatu aurtengo jaietan. Beraz, ez da arretarako protokolorik martxan jarri udal mailan.

Hala ere, honek ez du esan nahi indarkeria kasurik egon ez denik, eta etorkizunean ere, herritarrei dei egiten diegu sexu indarkeria matxistaren existentziaz jabetu, eta norberak erantzukizunez joka dezan konpromiso aktiboa hartuz indarkeriarik gabeko jaien alde. Elgoibarko jaietan emakumeek askatasunez gozatu ahal izan dezaten aisialdiaz, ospakizunez eta gizarte harremanez nahi dugu”.

 

Alkohol eta drogen erabileraren prebentzio programak 

Beste urte batez, udalak alkohol eta bestelako drogen erabileraren prebentzio programak jarri ditu abian parte hartzaileak alkohol eta drogen kontsumoaren arriskuez jabetzeko, gehiegizko kontsumoa prebenituz. 

Abuztuaren 23an eta 26an drogen inguruko informazio eta testing postua instalatu zen Bolatokin eta Maala hurrenez hurren. Emaitzei dagokionez, 23ko gauean 255 pertsonari eman zitzaien informazioa. Nerabe eta gazteen eguneko gauari dagokionez 251 pertsonek hartu zuten parte. Alkoholimetriari dagokionez orotara 119 parte hartzaile izan dira (80 gizon eta 39 emakume).

Beste alde batetik, abuztuaren 23an bigarrenez burutu zen Elgoibarren gazte nerabe eta botiltzarra egiten duten orori zuzendutako Botiltzarra programa. Ai Laket! Elkarteko  kideak gazteek botiltzarra egiten ohi duten tokietara hurbildu ziren (20:30ak eta 00:30ak bitartean) prebentzio, kontzientziazio, eta alkohol kontsumoaren aukerak sustatzeko aholkuak eskaintzera. Guztira 453 pertsonari (12 eta 30 urte artekoak) hurbildu ziren.   

 

Txikienak ere, partaide

Haurrei, nerabeei eta gazteei zuzendutako jarduerei dagokienez, berriz ere, arrakastatsuak izan dira, parte hartze handia eta anitza izan delarik;

Abuztuaren 22an iaz jaiotako 96 haurreri ongi etorria egin zitzaien eta Kultur Etxeko Erakusketa Gela ume txikiz eta hauen familiako herritarrez bete zen, guztiei jaietako zapitxo gorria jarri zitzaielarik.

Abuztuaren 26an, nerabe eta gazteek topera disfrutatu zuten, batez ere Goitibehera (11 parte-hartzaile) eta Drift Trike jaitsieran (15 parte-hartzaile). Inoiz baino Elgoibartar gehiagok hartu zuen parte eta herritarrentzako sariak irabazteaz gain, kategoria orokorreko lehen postuak lortu zituzten. Guztira, 2.400 € banatu ziren saritan.

Udaleko Gazteria Sailak nabarmendu du aurten Goitibehera eta Drift Trike jeitsieraren antolaketan gazteek izan duten inplikazioa, ekarpenak egiten eta berrikuntzak txertatzen.

Umeen egunean, abuztuaren 28an, Marrazki Lehiaketan 220 haurrek parte hartu zuten eta bazkaltzera gehiago animatu ziren. 4 kategoriatan banatuta, 16 sari banatu ziren, parte hartu zuten haur guztiek jaso zuten oparitxoaz gain. Sari banaketan haurrez eta hauen guraso/tutoreez  beteta egon zen Maalako parkea.

 

Ikusle ugari kirol hitzorduetan 

Kirolaren atalean, aurten, bi urteko etenaren ostean, normaltasunez ospatu dira kirol hitzordu ugari. Abuztuaren 24an profesionalen pilota jaialdia ospatu zen: Ezkurdia-Rezusta eta irribarria-Zabaleta. Harmailetan 300 ikusle batu ziren, graderioaren ¾ betez. 

Abuztuaren 26an ospatu zen profesionalen bigarren pilota jaialdia: Jaka-Albisu eta Laso-Aranguren. Arrakastatsua izan zen oso. Azken hau telebistaz eskaini zen ere ETB-1en. 

Abuztuaren 28an Euskal Koparen finalerdia jokatu zuten Eibar eta Alaveseko emakumezkoen futbol taldeek. Egun berean ospatu zen Memorial Etxaniz txirrindulari lasterketa 184 txirrindularirekin. 

 

Eskerrik asko Elgoibar!

Udalak aukera aprobetxatu du aurtengo San Bartolome jaietako antolakuntzan parte hartu duten guztiei eskerrak luzatzeko “pertsona, elkarte, kolektibo, erakunde, langile… oro har, jaiak aurrera eramaten laguntzen duten guzti-guztiei. Jaien atzean pertsona askoren inplikazioa eta ahalegina daude; beraz, eskerrik asko guztioi!”.

Gutxiago geratzen da 2023ko San Bartolome jaietarako.

« »