AltzolaGaur egun, auzo txikia da, baina garai batean inguruko topagunea izan zen eta hamar hotel eta ostatu izan zituen: Larrañaga, Boulevard, Alzola, Zelaia, Albizkua, Ituarte, Sebastiana, Leocadia, Juliana eta Dolores. Jende dotore eta diruduna joaten zen Altzolako Bainuetxera. Gaur egun, bainuetxe bezala funtzionatzen ez duen arren, oraindik ere bertako ura komertzializatu egiten da. Ur hori inguruetako onenetarikoa da.

Altzolako Torrekua eta Olaetxea dorretxeak ere Altzolan daude. Olaetxea dorretxeak bidearen ondoan ermita, burdinola eta errota izan zituen. Zelaia hotela izandakoa ere Altzolan dago.

Albizkua etxea: XVII. mendeko eraikin barrokoa da, eta Altzolako ibai-portuko lonja garrantzitsua eta etxea izan zen. Bainuetxea martxan egon zen garaian, lonja hotel bihurtu zen eta janari-denda, jatetxea, estankoa eta taberna ere izan zituen. 1994an Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen.

Aurretxea Jauregia: XVII-XVIII. mendean lonja izan zen, eta XIX. mende bukaeratik duela 20 urtera arte bi pentsio izan zituen: Juliana eta Dolores Aizpiri.