kulturetxea01

Altzolatarren Dorretxea (XV. mendea)

Hiribilduaren erdigunean dago Torrekoa, Kalebarren plazan. Erronda dorrea izan zen lehenengo, Arriola dorretxea hartu zuen izen XV. mendearen bukaeran, eta Altzola XVI. mendearen erdi aldetik honantz, azkenik.

Arkitekturari dagokionez, dorretxe hau eraikuntza prestua, noblea eta dotorea dela esan behar da, Gipuzkoako monumentu historiko-artistikoa izendatua izan zen 1964an eta estatu mailakoa 1980ko azaroaren 10eko dekretuaren bidez. Halaber, Eusko Jaurlaritzak eraikin hau dagoen Hirigune Historikoa Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean, Monumentu Multzo izendapenaz Kultura Ondare gisa sartu zuen 1998ko apirilaren 6ko aginduaren bidez.

Eraikin eder honen arkitektura-elementu hauek nabarmenduko nituzke: harlanduzko leiho eta balkoien ordena lau fatxadetan; fatxada nagusian, sarrerako erdi puntuko arku errenazentista erakoa, nahiz beranduagokoa izan; ekialdeko fatxadan, sotoko arku beheratua eta goiko solairuetako erdi puntuko bi arku bizkiak; iparraldeko fatxadan, arku itsua eta lau modiloi irtenak; zurezko teilatu-hegal zabala, harrizko prisma txikien bidez osatutako erlaitz apaindua eta honen gainean oholezko bilbadura; erlaitzaren azpialdeko lau izkinetan kubo edo garitoi bana; eta fatxada nagusiko eskuineko izkinan dauden armarria (Bartolome Altzola kapitainak jarria 1604an) eta eguzki-erlojua.

Etxe hau hirigunean egoteak, herriari hainbat zerbitzu eskaintzea ahalbidetu dio garai desberdinetan: komentua egin baino lehenago frantziskotarren etxebizitza 1516an, urgentziazko bilerak une larrietan (1560an, Kontzeju-etxea erre zelako: alkatea eta erregidoreak aukeratzeko), kuartel militarra (gotortu egin zuten liberalek 1823an, absolutisten erasoen aurrean), Salletarren eskola XX. mendearen hasieran, posta, telefono publikoa, musika-bandaren lokala eta abar. Gaur egun hiribilduaren Kultur Etxea dugu.

Kalebarrengo dorretxeak historia mamitsua bezain luzea du, Elgoibar sortu baino lehenagokoa baita. Herriko harresia egin zenean (1346), kanpoan gelditu bazen ere, 1484an, Kontzejua alde batetik eta Torrekoako Joan Otxoa Burunano eta honen suhia Rodrigo Gonzalez Karkizano bestetik, erabateko akordiora iritsi ziren etxea harresiaren barruan kokatzeko. Aipatutako Otxoa Burunano eta Rodrigo Karkizano izan ziren ezagutzen ditugun etxe honetako lehen bizilagunak XV. mendearen erdialdean. 

Baina, dorretxea hain hurbil zegoenez harresitik eta Kontzejuak jarritako herri-erlojutik, ezen, etxe horretako bizilagunen protestak eragin baitzituen, behin baino gehiagotan. Esaterako, 1589ko irailaren 29an, Bartolome Altzola kapitainak adierazi zion Udalari erlojuaren pisuak babestuta edukitzeko egin behar zuten eraikinak 1484ko hitzarmena hausten zuela. Era berean, 1715eko urriaren 13an, Maria Luisa Arespakotxaga Altzolak beste horrenbeste esan zion Kontzejuari erlojuaren dorre berria eraiki zutenean, eta auzitara jotzea erabaki zuen herriak. Eta, 1844ko maiatzaren 9an, Karmen Jusue, Pedro Iturriaren alarguna eta Kalebarrengo dorretxearen jabeak, Udalari exijitu zion dorretxeari itsatsitako arraina saltzeko eraiki zuen etxetxoa eraisteko, legez kanpoko tokian eraiki zutelako.

Altzolatarren jauregia
Javier Elorzaren ikerketei esker dakigu, Rodrigo Gonzalez Karkizano eta Maria Fernandez Burunano senar emazteek Pero Migelez Arriolari saldu ziotela dorretxearen hondarra eta orubea 1487an, eta ondoren, Arriolak dorretxe berria eraiki zuela. Garai honetako zenbait arkitektura-elementu ikus daitezke ekialdeko fatxadan.

Lope Perez Lasalde eskribaua Maria Martinez Arriolarekin ezkondu zen XVI. mendeko lehen zatian, eta ondorengorik ez zutenez, Katalina Ibarra iloba izan zuten alabatzat Torrekoan. Katalina, Aszensio Altzolarekin ezkondu zenean 1549an, Lope Perez Lasalde osabak dorretxea ez ezik, ondasun guztiak eman zizkien ezkonberriei.

Katalinak eta Aszensiok maiorazkoa sortu zuten 1564an, honako ondasun hauekin: Torrekoa eta baratza; San Frantzisko monasterioko kapera (Gurutzekoa); Andikanoko (Andikao) etxea, baserria eta errotak; Ermua bekoa etxea (Ermube) (Sallobente-Ermuaran), lurrak eta errotak; Otsaurteagako (Otsourteaga) etxea eta baserria; Plazako (Mendaro) etxea eta errotak; Albitxuriko (Albitzuri) etxea, lurra eta sagastia; eta 225.000 marabedi Burgos hiriko alkabaletan (salerosketei jarritako zerga). Aszensio eta honen seme Bartolome izan ziren, ezbairik gabe, Torrekoako gizonik ezagunenak eta gehien nabarmendu zirenak ekonomian zein gizarte mailan.

Aszensio Altzola, Elgoibarko Altzola auzoan jaio zen eta bertako ibai-portutik jardun zuen, Altzolatar merkatarien familiako gizon nabarmenetakoa izanik. Hiru galeoi izan zituen distantzia handiko merkataritzan aritzeko: Euskal Herriarekin ez ezik, Sevillarekin, Portugalekin, eta Amerikako kontinenteko Hondurasekin, Mexikorekin eta Santo Domingorekin izan zituen merkataritza-harremanak. Negozio hauetan garai hartako bankari eta merkatari ezagunenekin elkartu zen: Pedro Durango, Martin Lizarraras, Geronimo Catano italiarra eta abar. Aszensio, merkataria eta kapitaina izateaz gain, Elgoibarko alkatea ere izan zen 1564an eta 1565ean. 

Bitxikeria moduan, esan behar dugu, Antonio izeneko gizon beltz bat izan zuela Aszensio kapitainak, egindako merkataritza bidaiaren batetik ekarritakoa izango zelakoan gaude. Biak ala biak, jabea eta morroia, beste hirurehun eta laurogeita bi elgoibartarrekin batera izan ziren 1555eko irailaren 21ean Elgoibarko zubi nagusian Joan Bernal de Luco Calahorra y La Calzadako apezpikuari agur egiten. Izan ere, garai hartan Errioxan egoitza zuen elizbarruti haren eta apezpiku horren baitan zegoen Olasoko San Bartolome parrokia, eta ohiko bisita pastorala egitera etortzen zen elizgizona gure hiribildura. 

Aszensio hil ondoren 1572an, Bartolome semeak aitaren bidetik jarraitu zuen, eta Antonio Okendo merkatari eta militar ospetsuarekin ere jardun zuen, besteak beste, XVI. mendearen azken hamarkadan. Herriko alkatea ere izan zen, aita bezala, 1589an, 1590ean, 1601ean eta 1602an. Bartolome hil ondoren galdu zen Torrekoan Altzola deitura. Arriola, Arespakotxaga, Lizaranzu, Josue eta Iturria abizenekoak izan ziren titularrak XVII. mendetik XX. mendera arte. Honako ondare hau zuen Liborio Josuek ordezkatzen zuen familia honek, 1812an: “la torre de Calebarren (de cuartel de la tropa), la de Lizenciacua, la qe vibe Ygnacio de Aguirre, la de Migel de Mendecute, la torre de Andicano, iden el Molino, i la Barrena, Otsaurtiaga, Ercil, Albizcua Alzola, Yturrondo de id, Malaga, Yraizabalcho, Goicoechea, Andicoechea, Yraeban, Garañocua o Capaguingoa, Sustaeta, Cortaberri, Molino Plaza, Ermuaran abajo, San Lorenzo y Eizaguirre”.

Udalak etxe enblematiko hau erosi nahi izan zuen XX. mendearen hasieran, herriak hainbat eginkizunetarako lokalen falta zuen-eta, eta une hartako jabearekin, Manuel Iturriarekin alegia, adostu zuen erosketa.

Hasiera

 

olaso1olaso2Olasoko Hilerria (XV. mendea)

1459. urtean eraiki zuen Martin Sanchok, sarrerako arkupean irakur daitekeen inskripzioaren arabera. Gaur egun, hilerriko sarrera den arku zorrotza garai bateko Olasoko San Bartolome eliza zaharretik geratzen den hondarra da. Garai batean, Olasoko San bartolome eliza herriko parrokia izan zen.

Barnekaldean, txaranbeldun ate eder bat du. Sarrerako atea zutabe batek erdibitzen du, eta eskoramenduan, Bizkaiko eliza gotikoetan oso ohikoa den angrelatu zabal bat du. Kabeta handietan, arkibolten artean eta errezelen azpian 20 estatua txiki daude.

Urteen eraginez, aldaketa nabariak izan ditu eliz atari honek. Esate baterako, montura bikoitzeko sarrerako arkuak eskulturarik ez badu ere, litekeena da jatorriz Bibliako istorio politen irudiak izatea.

Argazki zaharretan heriotza islatzen duten inskripzioak irakur zitezkeen. Horretaz gain, bazegoen buru hezur bat, gurutzaturiko bina tibiarekin batera. Portada hilerriko sarreratzat jarri zutenean egin zen inskripzioa, baina gaur egun desagertua dago.

Atezangoetan bost irudi ikus daitezke: San Pedro, San Paulo, San Bartolome, San Joan Bataiatzailea eta San Sebastian. Jatorriz sei irudi zeuden, baina eskuinaldekoa falta da.

Hasiera

 

parrokia2parrokia04San Bartolome Parrokia (XVIII. mendea)

XVIII. mendeko eraikuntza da, eta garai hartan, arkitektura eskurialenseak Euskal Herrian izan zuen eragina nabari zaio. Longa, Larraza eta Ibero arkitektoek eraiki  zuten, eta obrek 25 urte iraun zuten. 1716an inauguratu zen parrokia. Dorrea barrokoa da, eta Justiniani italiarrak eta Ugartemendia euskaldunak egin zuten altare nagusiak proiekzio klasikoa du, barroko itxura ere izan arren. San Bartolomeren irudia dago altare nagusiko erretaulan. Bertan, oso ongi ikus daiteke santuari azala nola kendu zioten. Hala ere, garai batean San Anton Abad izan zen Elgoibarko zaindaria, gaur egun herriko bigarren zaindaria den arren. Parrokian badago San Antonen irudia, Arizmendi eskultore donostiarrarena dela uste dena.

Ia lau urtez obretan egon eta gero, berrikuntza lan izugarria egin ondoren, 1997an berrinauguratu da parrokia.

Hasiera

 

santaklara1Santa Klara Komentua

1533 urtearen bueltan, Oñatiko Bidaurreta komentutik etorritako hiru mojak eta herriko hiru mojagaik (Maria Gracia Sarasua, Maria Ibañez de Karkizano eta Domenja Larreategi) osatu zuten lehen komunitate hau. Fundatzailea María Ramos de Sarasua izan zen, Pedro González de Jausororen alarguna.

Mojek bi aldiz ihes egin behar izan zuten gerra zela eta: 1794an eta 1937an. 1957an neskentzako eskola ireki zuten. Eskola, 1973ra arte egon zen zabalik. 1976. urteko abenduaren 18an komentu berria estreinatu zuten. Gaur egungo komentua, aurrekoaren ondoan kokatutako eraikuntza modernoa da.

Hasiera

 

udaletxe01Udaletxea  (XVIII. mendea)

Kontzejuak 1734an hartutako erabaki baten ondorioz eraiki zuten Udaletxea, Simon Muguruzak San Bartolome parrokiatik hurbil zituen lursail batzuetan. Garai hartan, Foruen plazari Kalegoen plaza deitzen zioten.

Parrokiak, Etxe Kapitularrak, arkupedun etxebizitza eraikin batek eta ibairako bidea ixten duen pilotaleku batek plaza barroko bikaina osatzen dute.

Oin errektangularreko eraikin barroko hau, euskal Etxe Kapitularren tipologian sartzen da bete-betean. Ibero arkitektoen obra da. Beheko oinean, erdi puntuko bost arkuren bidez eratutako karrerapeak dago; arkuen gainean balkoi nagusia dago, eta alboetan beste bi balkoi txikiago. Erdian, guztiari osotasuna emanez, teilatu-hegalaren gainetik fatxadarekiko perpendikularra den teilatutxo baten azpian, herriko armarria dago. Lehen solairuko bost baoen gaineko apaindura lerromakurrek eraikinaren izaera barrokotasuna aldarrikatzen dute.

1498an Errege Katolikoek Elgoibarri eman zizkioten osagai heraldikoen erakusgarri den armarria, bi laurdenetan banatuta dago.  Lehenengoan gaztelu almenatu bat dago, eta bigarrenean, Gipuzkoa osoko ganboatarren buru zen Olasoren oinetxetik harturiko hiru bihotz. Armarriari bi lehoi herrestarik eusten diote. Behealdean  munstro-buru handi bat du, eta luma apaingarridun kasket batek multzo hori biltzen du. Guztia landare-munduko osagai bihurritu ugarik hornitzen dute, baita gerrako gesten oroigarri diren bi kainoik ere.

Hasiera

 

bainuetxea

Altzolako Bainuetxea

Istorio batek dioenez, negu partean haur batzuk Deba ibaian bainatzen ari omen ziren. Halako batean, ibaiaren ezker aldean, ura oso bero irteten zela konturatu ziren. Egia izan ala ez, 1775 urtean Francisco Plazón mediku jaunak Udalari idatzi bat bidali zion Altzolako toki jakin batetik ateratzen zen ura osasunarentzat onuragarria zela esateko, eta nola edo hala, iturburua bila zezala eskatu zion. 

1844an, Pedro Manuel Atristainek, sasoi hartan alkate zenak, Altzolako ur-beroak erregistratu eta "Etxe-zuria" baserria bota eta gero, bainuetxea eraiki zuen. Bainuetxea 1846an inauguratu zen. XIX. mendean ospe handia izan zuen bainuetxeak. Erbestetik jende asko etortzen zen ur termalak edan eta gaixotasunak sendatzeko, edo besterik gabe, atsedena hartzeko asmoz.

Gaur egun Altzola auzo txikia da, baina garai batean inguruko topagunea izan zen, eta hamar hotel eta ostatu ere izan zituen: Larrañaga, Boulevard, Alzola, Zelaia, Albizkoa, Ituarte, Sebastiana, Leocadia, Juliana eta Dolores. Jende dotore eta diruduna joaten zen Altzolako Bainuetxera. Gaur egun, bainuetxe bezala funtzionatzen ez duen arren, oraindik ere, bertako ura komertzializatu egiten da, eta ur hau inguruetako onenetarikoa da.

Hasiera

 

zabaletorreZabalatorre baserria

Herriaren kanpoaldean, Arriaga auzoan, muino batean kokaturik dago. Bertatik bailara osoa ikusten da. Hortik hurbil Apatrizbekoa baserria dago. Bertan, oraindik ere badabilen ur errota bat dago. Dorretxeak oinplano karratua eta bi isurkiko teilatua ditu. Hiru solairu eta ganbara batez osatua dago. Silarrizko eskantzuak eta markoak dituzten harlangaitzezko eta sillarrixkazko hormak ditu. Jatorrizko elementu asko ditu, hala nola, arku zorrotzdun portadak, leihate bikoitzak, arku zorrotzdun leihateak, gezileihoak, modiloilak etab.

1451. urtean, baserri hau Ibañez Zabalarena zen. XVI. mendearen erdira arte bizi izan zen leinu hori bertan. Leinu horrek, 1516an, Elgoibarko San Frantzisko komentuaren eraikuntzari ekonomikoki lagundu zion. Mende hartan, Zabale eta Karkizao etxeak maiorazko batean elkartu ziren, eta urteetan zehar, beste etxe batzuk gehitu zitzaizkion maiorazko horri. Hasiera

 

sanpedroermitaIdotorbe (San Pedro) auzoko Ermita

Eibarko artzapezgoaren barruan dagoen Elgoibarko San Bartolome parrokiarena da ermita hau. Herritik kanpo, izen bereko landa-auzoan, San Pedro mendiaren gailurrean eta Kalamuako mendialdean dago. Bertatik, Eibarko Arrateko Amaren ermita ikusten da, baita gure herria inguratzen duten mendi guztiak, herria bera eta Olasoko Hilerriaren elizataria ere. Tamaina handiko ermita da. Oinplano ia karratua, hiru isurkitako teilatua, absidearen aldean beste hiru isurki gehigarri eta nabe bakarra ditu. Harlanduzko hormak ditu, eta kontrahorma batzuetan eskantzuak. Lehen atearen baoa erdipuntuko arkuduna da (gaur egun estalita dago) eta arku konopialdun leiho bat ere badu. Estalitako arkuaren harlanduak, gangan nitxo bat eta neurri handiko dobelak ditu. Arku horrek, berriagoa dirudien eta hiru oin eta lau isuri dituen kanpai bakarreko kanpandorrearen atarte txikira ematen du.

Ermitaren ondoan bi pilotaleku txiki daude. Elizaren parean San Pedro baserria dago. Gaur egun, baserri hori jatetxea da.

Idotorbeko lauan mahai batzuk daude zuhaitzpean. Lauan, Udalak zabuak eta txirristak jarri ditu txikienentzat. Auzoan idi demarako probalekua eta estalitako bolatokia ere badaude. Hasiera

 

azkueermita

Azkue (San Roke) auzoko ermita

 

Hasiera batean San Vicente Azkue ermita zen, baina herriak izurritea jasan zuen urte batean, herritarrek San Rokeri erregutu zioten gaixotasun hura senda eta desagertaraz zezan. Santuak ondo bete zuen eskatutakoa.

Harrezkero, ermitari San Roke deitu izan zaio eta santu honek gaixotasunak sendatzen dituen fama dauka. Ermitaren puntan, kanpaien gainean, burdinez eginiko bi boxeolariren irudiak ikus daitezke. Dirudienez, 1971. urte inguruan, Urtain boxeolaria, Europako txapelduna, bertan izan zen eta bere omenez jarri zuten irudia azkuetarrek. Hasiera

  

sallobenteSallobente-Ermuaran auzoko Ermita

Sallobente-Ermuaran auzoan dagoen ermita polit honen gauzarik azpimarragarriena bere margoak dira. 1989an, kasualitatez aurkitu ziren Sallobente-Ermuaraneko ermitako Erdi Aroko margoak. Izan ere, ermita berreraiki behar zela eta, zenbait konponketa egiteko erretaula eraman zutenean konturatu ziren, azpian, balio izugarria zuten margoak zeudela.

Pintura neoklasikoak, errenazimendu garaikoak eta gotikoak daude. Guztiak behar bezala zaharberritu eta 1996ko azaroaren 27tik hona ikusgai daude. Adituen esanetan, pintura gotikoak Gipuzkoako zaharrenak dira, Ekain eta Altxerri kobetako pinturen ondoren. Hasiera