Proiektuaren aizeko bista

  • Udalak, gaur arratsaldeko osoko bilkuran, proiektua Construcciones Amenabar S.A. enpresari esleitzea proposatuko du, 2,88 milioi euroren truke. Obrak irailean hastea aurreikusten da eta 14 hilabeteko iraupena izango dute.
     
    Proiektuaren aizeko bista
    Proiektuaren aizeko bista
    Proiektuaren aizeko bista

    Elgoibarko Udalak, ostegun honetan ospatuko duen osoko bilkuran, Olaizaga kiroldegiko igerileku estaliak handitzeko proiektuari dagozkion obrak exekutatzeko kontratua esleituko dio Construcciones Amenabar S.A. enpresari 2.881.142,40 (BEZa kanpo) euroren truke. Lehiaketa publikora aurkeztu diren 5 proposamenetatik, enpresa gipuzkoarraren eskaintzak lortu du kalitate-prezio harreman hoberena. Hala, Elgoibarko Udalak obrak irailean hastea aurreikusten du eta gutxi gorabehera, 14 hilabeteko iraupena izango dute.

     

    Gogoratu beharra dago, igerilekuen handitzeak ondorengo jarduerak jasotzen dituela:

     

    • Eraikinaren hego-ekialdeko alderdian bolumen berri bat eraikiko da, non igerileku-ontzi berria kokatuko baita. Ontzi berri honek ondoko neurriak izango ditu: 25m luze eta 16,50m zabal; hau da, 8 kale izango ditu, bakoitzak 2m-ko zabalera izango duena, eta gutxi gorabehera 450m2-ko ur geruza bat.

    • Dauden aldagelak berritzea eta horiek aldagela eta gela lagungarriekin osatzea. Gaur egun, bi aldagela daude, eta jarduera berri honen bidez, eraberritu eta handitu egingo dira, beste bi aldagela, aldagela egokituak, komunak eta botikina egin ostean.

    • Igerileku-ontzi berriarentzat baliagarriak izango diren instalazioak eraikitzea. Ontziaren sarbidea mantentze lanak eta zamalanak egiteko egokia izango da.

    • Ingurua berrantolatzea; horretarako aparkalekuak egingo dira zabalpen berriaren teilatuan, zabalpena eta ibilgailuentzako sarbidea kokatuko direneko orubean dagoen aparkalekuaren ordez.

    Azaldutako jardueren ondorioz, eraikinak bere kanpoko irudian ere aldaketak jasango ditu. Besteak beste, eraikinaren hego-ekialdeko alderdian bolumen angeluzuzen berri bat eraikiko da eta bere fatxadetariko batek leiho handi bat izango du, igerileku berriari argi naturala sartzen utziko diona.

    Honez gain, azpimarratu beharra dago, igerileku estaliak handitzeko proiektu honek, etorkizunera begira, gaur egungo igerilekuen eta kiroldegiaren beraren berrantolaketa burutzeko aukera ematen diola Udalari.

    Elgoibarko udalerriak 18 kirol elkarte eta 300 ikasle baino gehiago ditu inskribatuta. Udal instalazioek 3.500 pertsona abonatu baino gehiago dituzte eta urteko 100.000 erabilpen baino gehiago. Zenbaki hauek, udalerrian dauden kirol instalazioek pairatzen duten intentsitate handiko erabileraren erakusgarri dira.