Parke berriaren ordenagailuak alegiazko irudia

Elgoibarko ume eta gazteen aisialdia bultzatzen jarraitzeko helburuarekin, Elgoibarko Udalak astelehenean hasiko ditu Mintxetako Igerileku irekietan kokatuko den umeentzako ur jolasen parke berria eraikitzeko lanak. Ondo bidean, parke berria ekainaren erdi alderako zabalik egongo dela aurreikusten du Udalak, igerilekuen zabaltzearekin batera.

Udalak 200.00 euro baino gehiago inguru bideratu ditu lanotara. Mintxetako igerileku eta espazioa erakargarriagoa egiteko eta erabilera handitzeko asmoz ur jolasen parkea Mintxetako igerilekuko atzeko partean kokatuko da, mahaiak eta parkea dauden inguruan, kross-eko ibilbideari inolako kalterik egin gabe eta igerilekuko funtzionamendu normalari eragin gabe. Bertan, beraz, umeak urarekin jolastu eta dibertitzeko jolas-gune, familiar eta freskagarri bat sortuko da, mundu guztiak parte hartu ahal izateko modukoa, gune ireki eta sarbide librekoa. Gunea igerilekuen gunearen barruan egongo da eta sarrera ordaindu edo bazkidea izan beharko da.

Parkea ume eta gazteentzako izango da eta uraz baliatzen diren 25 joko irisgarri eta interaktiboz osaturik egongo da, aipatzekoak dira, besteak beste: kuboak, kainoiak, txorroak…. Guztira, 250 metro karratuko azalera okupatuko du eta bertan hiru gune egongo dira. Lehenengoa umeentzako izango da eta uraren formetan oinarrituko da; bigarrena, aldiz, familientzako izango da eta familia osoak parte hartzeko gune aktibo bat izango du. Azkenik, hirugarren gunea gazteei zuzenduta egongo da eta ur kantitate handiagoz osaturiko jokoak izango ditu. Zentzu horretan, aipatzekoa da ere, kontsumituko den ur kantitatea ez dela handia izango, ur hau, tratatu ondoren, berrerabili egingo baita.