Instagram lehiaketa

  • 1999 eta 2004 urteen artean jaiotako gazteek hartu dezakete parte. Lanak aurkezteko epea urtarrilaren 29an bukatuko daç
  • Bi sari egongo dira. Alde batetik, epaimahaiak aukeratutakoa, 150€koa eta beste alde batetik, publikoaren saria 100€koa

Elgoibarko Gaztelekuak, 1999 eta 2004 urteen artean jaiotako nerabeei zuzendutako Juan Muguerza Nazioarteko Krosa Instagram lehiaketa antolatu du lehen aldiz.

Bi sari egongo dira. Alde batetik, sari orokorra,150€koa eta, beste alde batetik, publikoaren saria, 100€koa. Publikoaren sarirako botoa Gaztelekuan emango da eta argazki guztiekin erakusketa bat egingo da Gaztelekuan bertan.

Parte hartzeko honako pausuak jarraitu beharko dira:

  • Instagramen Elgoibarko Gaztelekua (elgoibarkogaztelekua) jarraitu.
  • Igande honetan, urtarrilak 22, ospatuko den Juan Muguerza Krosaren LXXIV. edizioaren inguruko argazki bat atera .
  • Argazkia Instagramera igo. Ezinbestekoa da argazkietan Gaztelekua etiketatzea.

Lanak aurkezteko epea urtarrilaren 29an bukatuko da.

Atletak ludotekan

Nazioarteko Juan Muguerza Krosaren LXXIV. edizioan parte hartuko duten bost korrikalarik Elgoibarko Ludoteka eta Gaztelekua bisitatu dituzte gaur arratsaldean, besteak beste: Awekw Ayalew (Bahrain), Conseslus Kipruto (Kenya),Rabah Aboud (Argelia), Ruth Jebet (Bahrain) eta Senbere Teferi (Ethiopia).

Haurrek eta nerabeek harrera egin diete eta bisita aprobetxatu dute euren jatorri, bizimodu, garaipenen inguruko zenbait galdera egiteko. Elkartruke hau, kultura-artekotasuna lantzeko esperientzia aberasgarria izan da bata zein bestearentzat.

Ludoteka eta Gaztelekuarentzat ere ohore handia izan da eliteko kirolariak bertan izatea.

Atleteen palmaresa

Atletak ludotekanAtletak ludotekanAtletak ludotekanAtletak ludotekan

  • Guztira, 6-12 urte bitarteko Elgoibarko 585 haurrek parte hartu dute lehiaketan
  • Sari banaketa urtarrilaren 21ean izango da, 19:00etan Kalegoen Plazan, Juan Muguerza Kroseko korrikalarien aurkezpena baino lehen
  • Otsailaren 1etik 28ra bitartean sarituak izan gabe aukeraketan onenen artean izan direnak kiroldegian jarriko dira ikusgai


Elgoibarko Udalak, Haur eta Gazteen Sustapeneko Sailaren bitartez eta Mintxeta Atletismo taldeak antolatutako II. Nazioarteko Juan Muguerza Krosa marrazki lehiaketa guztiz arrakastatsua izan da. Guztira, 6-12 urte bitarteko Elgoibarko 585 haurrek parte hartu dute lehiaketan.

Epaimahaiak, Mintxeta Atletismo taldeko kide batek, Udaleko Haurren eta Gazteen Sustapeneko Teknikariak eta Ludotekako Koordinatzaileak  eta Gemma Monreal margolariak osatua  lan handia izan du irabazleak aukeratzeko, parte hartzea oso handia izateaz gain, oso maila oneko lanak aurkeztu baitira.

Maila bakoitzean bi sari banatuko dira, herriko kirol dendetan erabiltzeko erosketa txartelak, hain zuzen ere. Lehenengoak, 60€ko balioa izango du eta bigarrenak 50€. Sari banaketa urtarrilaren 21ean izango da, 19:00etan Kalegoen Plazan (Udaletxe azpian), Juan Muguerza Kroseko korrikalarien aurkezpena baino lehen.

Otsailaren 1etik 28ra bitartean sarituak izan gabe aukeraketan onenen artean izan direnak kiroldegian jarriko dira ikusgai.

Saridunak:

  1. KATEGORIA (LH1-LH2ko ikasleak)
    1. Saria: “Mintxetan Helmuga”
      Elaia Etxaniz Irureta (LH 2)
    2. Saria: “Milki”
      Ibon Makazaga Idarraga (LH 2)
  2. KATEGORIA (LH3-LH4ko ikasleak)
    1. Saria: “Tipi Tapa Tipi Tapa Korrika”
      Naroa Ansola Ansotegi (LH3)
    2. Saria: “ “Bat, bi, hiru aurrera edo atzera korrika egin behar duzu”
      Nerea Galindo Martin (LH4)
  3. KATEGORIA (LH5-LH6ko ikasleak)
    1. Saria: “Korrikalariei ongi etorria”
      Eneko Etxaniz Irureta
    2. Saria: “73 urtetan ohiturak eta kirola elkarturik”
      Naroa Rodriguez Aranburu

Mintxeta Atletismo taldeak eta Elgoibarko Udalak zorionak eman nahi dizkie saridunei.

muguerzarenaurkezpena

Apurka, antolatzaileak proba horren xehetasunak lotzen ari dira; gaur, asteazkena, Elgoibarko Udaletxean egin den aurkezpenean zehaztu denaren arabera. Urte osoan zehar, antolatzaileek gogor jardun dute lanean, helburu gisa jarri den aurrekontura iritsi ahal izateko.

Hala, 10etatik aurrera, egun aparta biziko dugu Mintxetako instalazioetan. Ordu horretatik aurrera, harrera egingo diegu lasterketa guztietan parte hartuko duten behe kategorietako atleta ugariei.

Bestalde, jubenil eta junior kategoriei beste bultzada bat emateko asmotan, gonbidapena egin zaie Euskadiko eta Nafarroako kategoriei, hartara, krosean ohikoa den Kataluniako selekzioarekin batera lehiatu daitezen. Ezin, beraz, aipatu gabe utzi lasterketa honetan ohikoak diren klubak; ezta estreinakoz parte hartuko duen beste talde bat ere. Hala, Junior kategoriako atletentzat izaten den Mamo Wolde Gipuzkoa Sariaren 15. edizioan, Ingalaterrako taldeak parte hartuko du, emakumez osatutako laukote indartsu batekin. Horretaz gain nazio mailako atleta esanguratsuek parte hartuko dute proba honetan.

Kategoria absolutuari dagokionez, erantsitako orrian ageri dira atletarik esanguratsuenak. Ikus daitekeenez, gizonezkoen eta emakumezkoen lasterketa berebizikoa izango da. Atleta talde honekin, ahalik eta ikuskizunik hoberena eskaintzeko ahalegina egingo da. Horretarako, kalitate eta entzute handiko atletek parte hartuko dute lasterketan. Hala, 10 nazionalitate izango dira proba honetan ordezkatuko direnak. Aurtengo denboraldian, Olinpiadetan urrezko domina lortu duten bi atleta izango duen kros bakarra. Lasterketa ETBk, Teledeportek eta Galiziako Telebistak emango dute zuzenean, eta horri esker, lasterketa honek estaldura zabala izango du.

Asteburuan zehar, omenaldiak egingo zaizkie krosaren alde lan egin duten, eta aurten, gure artetik joan diren pertsonei, hau da, krosaren iragan, orain eta etorkizun izan diren Jose Gurrutxagari, Ricardo Garate, Angel Iriondo eta Mikel de Pablori. Horretaz gain, omenaldia egingo zaio, aurten, mendeurrena beteko duen Elgoibarko Klub Deportiboari; izan ere, Klub hau izan zen, 1943an, krosa estreinakoz antolatu zuena.

Antolatzaileek berme osoko krosa prestatu dute, inor epel utziko ez duena."Espero dugu gure helburuak betetzea. Horrexegatik, Mintxetako zelaiak, urtarrilaren 22a ahantzi ezingo duten ikuslez lepo betetzea nahi dugu".

Aintxitxikari nabarmen Elgoibarko Krozean 2017 (PDF)

Aurkezpenaren bideoa Youtube-n

2017/01/20 egunean, I-4.006F Elgoibar-Maltzaga bidegorrian Artapen lanak hasiko dira; beraz, hau moztuta egongo da ondoko taulan adierazten diren egunetan 8:00etatik 17:30etara.

Honen bitartez, lan hauen hasiera jakinarazten dizuegu.

Bidegorria Eremua LUZERA(m) LANEN HASIERA LANEN   BUKAERA
I-4 Elgoibar-Maltzaga 2496 2017/01/20 2017/01/20

Aita Agirre

  • Espazio berri honetan, www.aitaagirre.net, gaur egunera arte eraikina eraberritzeko emandako pausoak eta hurrengo faseetan sortuko den eduki eta dokumentazioa jasoko da: planoak, infografiak, fotomuntaiak…
  • Elgoibartarrek beraien iritzia emateko aukera ere badute “balorazioak” izeneko atalari esker.

Aita Agirre prozesu parte-hartzailearen baitan, Elgoibarko Udalak proiektuaren jarraipen zehatza egiteko aukera eskaintzeko helburuarekin, www.aitaagirre.net izeneko ataria zabaldu du. Espazio berri honetan, Elgoibarko bizilagunek, prozesuan eman diren eta emango diren pausoen inguruko informazioa izango dute eskuragarri. Are gehiago, beraien iritzia emateko aukera ere badute “balorazioak” izeneko atalari esker.

Elgoibarreko Udalak, kulturgintza eta euskalgintza eremuetan jarduten duten eragileekin batera, herriko kultur azpiegiturez eta horien erabileraz hausnartu zuen 2014an. 2016an, berriz, eta gogoeta horiek abiapuntu hartuta, Aita Agirre eraikina eraberritzeko proposamenak hirigintza eremuko idazketa urbanistikoaren proiektuan txertatzeko lanetan aritu da Udala. Hala, esan bezala, prozesu hauen emaitzak eta sortuko diren eduki eta dokumentazioaren hedapena errazteko helburuarekin, aitaagirre.net ataria sortu da. Bertan eraikinaren historia, planoak, infografiak eta fotomuntaiak daude eskuragai besteak beste.

Aita Agirre eraikinaren birgaitzea

Aita Agirre eraikina udal jabetzako eraikin bat da, Elgoibarko Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren barruan dagoen “Udal Ondarearen Inbentarioan” jasota dagoena.

Elgoibarko Udalak Aita Agirre eraikina birgaitzea erabaki zuen ertan herriko jarduera kulturalarekin lotura duten hainbat erabilera burutu  daitezen. Hala, Proiektuak erabilera berrietarako erabiliko diren espazioak moldatzeko eta birbanatzeko obrak zehazten ditu.

Eraikinak Aita Agirre plaza du, aurrez aurre. Eraikin honek, bestalde, egitura simetrikoa duten fatxada eta teilatua ditu, hain zuzen ere, mantendu eta eraberritu egin behar direnak. Era berean, eraikinaren barrualdean, hainbat esku-hartze egingo dira programaren premiei erantzungo dieten gune polibalente eta malguak lortzeko.

Eraberritze honekin, eraikinaren inguratzailea moldatu eta eraikinaren efizientzia energetikoa nabarmen hobetuko da; eta bidenabar, higiezinaren kontsumoak eta CO2 isurketak minimizatu egingo dira, birgaikuntza jasangarriari jarraiki.

Eraikin historikoa birgaitu egingo da eta atzealdean eranskin berri bat eraikiko da. Bolumen berri bat sortuko da instalazioak eta eskailera multzoak kokatzeko, baita ibiltzeko modukoa izango den terraza bat ere. Honek gaur egungo inguru narriatua biziberrituko du.

Helburuak

Aita Agirre eraikina eraberritzearen helburua Elgoibarko udalerriarentzat komunitateekipamendu bat egitea da, bertan, udalerriko kultur jarduerarekin zerikusia duten erabilerak burutu ahal izateko. Hortaz, eraberritze horren izaera publikoa eta soziala izango da.

Eraikinaren birgaitze proiektuak lau arazori erantzungo dien konponbidea proposatzen du:

  • Nola uztartu eraikinaren izaera historikoa eta unitarioa esku-hartze garaikide batekin.
  • Nola definitu eraikin polifazetiko bat, programa konplexuentzat erabiliko dena, eta izaera malgua eta erabilera anitza izango dituena.
  • Nola erantzun programari, erabilera berriei kalitate espaziala emanez.
  • Nolakoa izan behar du eraikinaren eta hiri testuinguruaren arteko harremanak.

Proiektuaren planoak

  • Espazio berriak, 75 m2 baino gehiago izango ditu, sarrera independiente bat eta txirrindularitza elkarteak bizikletak gordetzeko eta konpontzeko tailer moduan erabiliko du.
  • Elgoibarko Udalak ia 60.000 euro bideratuko ditu. Obrak, pasa den abenduarern 12an hasi ziren eta hiru hilabete eta erdiko epean bukatzea aurreikusten da.

Aita Agirre eraikinaren eraberritzea dela eta, gaur egun bertan geratzen diren elkarteek birkokapen baten beharra daukate. Hori horrela, Aita Agirre eraikineko behe aldeko lokaletako baten kokatuta dagoen Elgoibarko “Lagun Taldea” txirrindularitza elkarteak beste lokal baten beharra zuen.

Aita Agirreren funtsetako bat hezkuntzarekin, euskararekin eta kulturarekin erlazionatutako ekipamendu eta zerbitzu desberdinak bildu eta elkartzea den bezala, kirol elkarte hau, gaur egun jada existitzen den MIntxetako kirol instalazioetara gerturatzea nahi izan da, kirol eskaintza gune konkretu batzuetan zentratzeko asmotan, igerileku, aldagela, kirol-zelai, harmaila etab-ekin batera.

Horregatik, gaur egun arte leihatila edota kontrol modura erabili izan den Mintxetako takilari beste buelta bat ematea erabaki du Elgoibarko Udalak, hau handitu, birmoldatu, eta “Lagun Taldea” elkarteko kideentzako egokituz. Horrela, 75 m2 baino gehiagoko lokal bat lortuko da, sarrera independiente batekin, autonomoki funtsionatu ahal izateko. Txirrindularitza elkarteak bizikletak gordetzeko eta konpontzeko tailer moduan
erabili ahal izango duen espazioa.

Lanetarako, Udalak 59.740,53 euro bideratuko ditu (BEZ-a barne). Obrak, pasa den abenduarern 12an hasi ziren eta hiru hilabete eta erdiko epean bukatzea aurreikusten da.

Birgaitze lanen deskribapena

  • Egingo diren lanen artean: Bizikleta aparkalekuen desmuntaia eta birkokatzea, ate eta leihoen desmuntaia, osasun-gailuen desmuntaia, elektrizitate, saneamendu, iturgintza...instalazioen desmuntaia eta barne tabikeen desmuntaia.
  • Behin lokala garbi utzita eta alboko fatxadak lurrera botata, handitze lanekin hasiko dira, banaketa berri bat eginez.

Barneko azalera eta erabilera banaketari dagokionez:
- Biltegia / Tailerra: 39,50 m2
- Bulegoa: 19 m2
- W.C.: 6,06 m2
- Garbiketa gunea: 1,98 m2
- Azalera erabilgarria: 64,65 m2
- Guztira eraikitako azalera: 76,72 m2

Goazen Kartela

"Goazen" ikuskizun eszenikoaren arrakastaren aurrean, eta sarrerak oso denbora gutxian agortu direla ikusirik; urtarrilaren 15ean eguerdiko 12:30ean beste saio bat izango dela jakinarazten du Elgoibarko Udalak. Sarrerak, urtarrilaren 7tik aurrera honako modu hauetan erosi ahal izango dira:

1.- www.kutxabank.es (12:00etatik aurrera)
2.- Leihatilan larunbatetan 19:15etik 21:45era
3.- Egunean bertan, aldez aurretik ez direnak saldu.