2021 12 21 kirol sariak 2021 danak elgoibar

  • Guztira 20 sari banatu dituzte,  urte osoan herriko klubek egiten duten lana goraipatuz eta eskertuz.

Beste urte batez ere ospatu da urteroko Elgoibarko Kirol Federatuaren Urteko Sarien Gala. Ekitaldi honekin urte osoan herriko klubek egiten duten lana goraipatu eta eskertu nahi izan du Udalak, eta horregatik, guztira 20 sari banatu dituzte. Klub bakoitzak bere saritua izan du, guztira 17 izanik, eta Udal Kirol Patronatuak ere beste hiru sari eman nahi izan ditu.

Egungo osasun egoera dela eta, aurtengo edizioan ez da mahai-ingururik antolatu. 

Honako herritar hauek izan dira saria jaso dutenak:

Colín Iga (Egokran judo kluba): 90 kilotik gorako kadete mailako gipuzkoako txapelduna izatea lortu du.

Aitziber Olaizola (Hiru Txirlo Bolo Elkartea): Euskal Herriko Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketa irabazi du aurten. Historian lehen aldiz emakumezko batek jantzi du txapela. Urteak daramatza eta ibilbide luzea eta oparoa egiten ari da.

Mayi Mujika (Morkaiko Mendizale Elkartea): urteetako lanaren ondorioz aurten lortutako emaitzengatik. Euskal Herriko Mendi Duathloi zirkuituko Adunako proba eta Portugaleko Madeira Sky Race mendi lasterketa irabazi ditu besteak beste.

Jesus Zinkunegi (Sigmako Probalekua Elkartea): Sigmako probalekua egin zenetik gaur arte elkarteari eskaini dion laguntzarengatik.

Josu Arrillaga (Zarta): klubaren alde egindako lanagatik eta Basoko Gipuzkoako txapelketan lortutako hirugarren postuarengatik.

Nere Arregui (Mintxeta Atletismo Taldea): urte guzti hauetan egindako ahalegina eta lana aipagarria da eta aurten gainera emaitza oso onak lortu ditu, Euskadiko txapelketan hirugarren postua lortuz eta Espainiako 16 urtez azpiko Kros Txapelketan Euskadiko selekzioarekin parte hartu du.

Imanol Alvarez (Lagun Taldea Txirrindulari Elkartea): oso denboraldi borobila burutu du Imanolek, lasterketa askotan lehen hamar postuetan sailkatuz. Bere helburua profesional mailara salto egitea denez aurtengo denboraldian aurrera pauso handia eman du.

Josetxo Arakistain (C.D. Elgoibar): futbolean izan zuen ibilbidea oso oparoa izan zen Real Madril klubarekin, Espainiako 6 Liga, Kopa eta Europako txapelketa lortuz. Gure herriaren eta C.D. Elgoibarren izena futbol munduaren goi mailan kokatu zuen. 

Izan Arcos (Olaizaga Kirol Taldea): ahalegin eta lan handiarekin egiten ari da bere ibilbidea karatean. 

Maite Zabala (Elgoibarko Igeriketa Taldea): igerilari bezala eta elkarteko zuzendaritza taldean erakutsi duen konpromezuarengatik.

Beñat Basurto (Lagunak Pilota Eskola): etengabe dihardu pilotan jokatzen eta aurten kadete mailako Gipuzkoako txapelketako finala jokatuko du.

Iban Bello (La Union): Gipuzkoako eta Euskadiko Ehiza Xehe Txapelketetan azpitxapelduna gelditu da aurten. 

Jone Valmaseda (40 X 15 Tenis Elkartea): 2009 urtetik padel ikastaroetan parte hartzen ari da Mintxetan, momentu honetan ikaslerik beteranoena izanik. Hainbat txapelketetan emaitza onak lortu ditu eta Bizkaiko 3. mailan lehiatzen du. Padela bizi eta sustatzen duen pertsona da.

Juanma Lopez (Sanlo Eskubaloi Taldea): urte guzti hauetan Sanlori eskaintzen dion lana eta dedikazioarengatik, eskubaloia eta kluba bihotzean daramazkialako.

Santi Fernandez (Zubi Ondo Xake Elkartea): elkarteko jokalaria da eta 2017 urtetik zuzendaritzako kide izateaz gain elkarteari eskaintzen dion laguntzarengatik.

Joseba Narbaiza (Urbizi Urpeko Jardueren Elkartea): orain arte Urpeko argazkilaritza munduan sekula ibili gabe zen baina Urbizi taldearekiko konpromezuarengatik eta bere lan onagatik, Gipuzkoako Argazki Ligan lortu duen emaitzarengatik.

Ekaitz Atxa (Urnobitza Kirol Kluba): dedikazio, lan eta ilusio guztia jarri du Urnobitza klubean.

Alex Aranzabal (Elgoibarko Saskibaloi Taldea): urte askotan sustatu du saskibaloia Elgoibarren kluba sortu zenetik. Pasa den urtea izan zen azkena kirolari bezala baina elkarteari laguntzen jarraitzen du. 

Markel Kerexeta (Udal Kirol Patronatua): kirola txikitatik gustatu zaio eta xakean ibilbide luzea dauka eta futbolean ere aritutakoa da. Gurpildun saskibaloian ere lehiatu zuen eta azken urte hauetan Gasteizko Basatiak taldean gurpildun errugbian Espainia mailan lehiatzen dihardu. Bere kemena eredu da kirolari guztientzat. 

Gorane Ayesta (Udal Kirol Patronatua): eskola kiroletik Sanlora pasa zen eta ikasketengatik eskubaloia utzi eta gero, Bera Bera errugbi taldean lehiatzen ari da azken hiru urte hauetan. Aurten oso emaitza onak lortu ditu, Euskal Liga irabaziz eta, errugbian, herriko emakume aitzindaria da.

Igor Elizburu (Udal Kirol Patronatua): bere gurpildun aulkia ez da izan oztopoa kirol desberdinak praktikatzen jarraitzeko. Behobia-Donostia, bizikleta, eskia, igeriketa… bere egunerokotasunean normaltasun osoz bizi du kirola eta Kirolak dituen balio guztien eredu da Igor.