Lila bisita

  • Helburua izan da ikasleek Lila ezagutzea, zer den, zertarako sortua izan den, herri-partaidetza eta hausnarketa prozesu baten ondotik nola sortu den …

  • Udala, hainbat sailen bitartez, haur, nerabe eta gazteen artean bultzatzen ari den parte-hartzea udal politika publikoetan era naturalean, sistematizatuan eta zeharkakoan txertatzeko estrategiaren baitan kokatzen da ekimena.

 

Herri Eskolako zuzendaritzak eta Lilako ordezkari diren Lehen Hezkuntzako 4., 5. Eta 6. mailetako ikasleek Elgoibarko Emakumeen Etxea bisitatu dute lehenengoz. Maialen Gurrutxaga Berdintasun zinegotziak eta Mikel Etxaniz alorreko teknikariak egin diete harrera. 

 

Helburua izan da ikasleek Lila ezagutzea, zer den, zertarako sortua izan den, herri-partaidetza eta hausnarketa prozesu baten ondotik nola sortu den … Era berean, espazioa bera ere ezagutzeko, zein balio duen ikusteko eta ikastetxeek ere zertarako erabili dezaketen jakiteko aukera izan dute. Horretaz gain, pare bat dinamika ere burutu dituzte berdintasunaren inguruan hausnartzeko. 

Berdintasun Sailak urtero ikastetxeekin lantzen duen Hezkidetza proiektuaren baitan kokatu da ekimena. Hezkidetza proiektua sexuen arteko berdintasunean eta diskriminazio ezean oinarritzen den hezkuntza da, genero estereotipoetatik kanpo egiten dena.

Halaber, bat egiten du, guztiz, Udala sail ezberdinen bitartez bultzatzen ari den haur, nerabe eta gazteen parte-hartzea era naturalean, sistematizatuan eta zeharkakoan udal politika publikoetan txertatzeko estrategiarekin; izan ere, haur, nerabe eta gazteen presentzia eta ahotsa indartu nahi da herrigintzan. 

Herri Eskolarekin bezala, Udaleko Berdintasun Sailak herriko gainontzeko ikastetxeei Lila aurkezten jarraituko du, hala nola, Elgoibar Ikastolari, Mekari, Elgoibar BHIri eta EPAri. 

 

Elgoibar, berdinzaleagoa

Herri berdinzaleagoa eraikitzeko apustu irmoa egiten jarraituko du Udalak, eta horretarako, 2022ko aurrekontuan Berdintasun Sailaren diru-partida ia hirukoiztu egingo du, hala, 2021eko aurrekontua 45.000 eurokoa izan bazen, 2022koa 126.000 eurokoa izango da. Berdintasuna bultzatzeko ekintzak eta jarduerak antolatzera bideratuko da zati handiena, guztira, 45.000 euro. Ikastetxeekiko lankidetzak ere garrantzia berezia izango du aurrekontuaren baitan.