katalogoa gazteak2021 2022 ren azala
2021-2022ko katalogoaren azala
  • Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute, beste urte batez, Euskal Herriko udal eta mankomunitatetako 100 Euskara Zerbitzuk baino gehiagok, tartean Elgoibarko Udala. Aurtengoa 23. edizioa da.

  • Katalogoa sarean kontsultatzeko bi aukera daude: katalogoa.eus webgunean edota  Elgoibarko Udalaren webgunean, hain zuzen, Euskara Sailaren atalean. 

 

Urteko garai hau seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota jostailu eta jokoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute, beste urte batez, Euskal Herriko udal eta mankomunitatetako 100 Euskara Zerbitzuk baino gehiagok. Aurtengoa 23. edizioa da.

 

Bai web-orriak zein paperezko edizioak, biek ere itxura berriak estreinatu dituzte eta jasotzen dituzten produktuak bi atal nagusitan erakusten dituzte: atal bat 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin osatua, eta bestea 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin osatua. 

Urtero bezala, Elgoibarko Udalaren Euskara Sailak Euskarazko Produktuen katalogoaren edizio berria banatu du Ikastolako eta Herri Eskolako ikasleen artean, modu horretan, gurasoengana ere irits dadin. 

Urte garai honetan euskarazko liburuak, jolasak, musika edota bideoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, gurasoentzat eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzat ehunka erreferentzia biltzen ditu katalogoaren aurtengo edizioak: musika, DVD filmak, informatika, aldizkariak, liburuak, jostailu eta jokoak, gurasoentzako produktuak… Gainera, produktu bakoitzaren gutxi gorabeherako prezioa ematen da, eta zenbait ataletan adinaren araberako banaketa ere egiten da. 

KATALOGOA.EUS webguneak ia 8.000 euskarazko produktu biltzen ditu, 0-16 urteko haur eta gazteentzat 

KATALOGOA.EUS urte osoan berritzen doan webgunea da, argitaratu berriak sartuz, deskatalogatu direnak kenduz eta, beraz, etengabe hazten ari da jasotako erreferentzien kopurua. Paperezko edizioak bezala, KATALOGOA.EUS web-orriak ere bi atal nagusi ditu: 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin osatua bata, eta 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin osatua bestea. Erabiltzaileak produkturen bat begiz joz gero, argitaletxearen denda birtualera sartzeko manera izango du ‘non eskuratu’ botoian klikatuta.

 

Nobedadeen segimendua buletin elektronikora harpidetuz

Azken nobedadeen berri izan nahi dutenei, www.katalogoa.eus web-orriak buletin elektronikora harpidetzeko bidea ere ematen die. Hartara, harpidedunek urtearen buruan 10 buletin jasotzen dituzte, argitaratu berri diren produktuen erreferentziekin. Izan ere, horixe baita KATALOGOA.EUSen helburua: merkatuan aurki daitezkeen euskarazko azken nobedadeak ere erabiltzaileen eskura modu erraz batean jartzea.

Katalogoa sarean kontsultatzeko bi aukera daude: katalogoa.eus webgunean edota  Elgoibarko Udalaren webgunean, hain zuzen, Euskara Sailaren atalean. 

Urtero bezala, material honen bidez, hizkuntzaren transmisioan eragin nahi da, gurasoei euren seme-alabentzat lagungarri izango diren euskarazko produktuen berri emanez.