Umeak piktogramak oinezko pasabideetan margotzen

  • Blanca Larrañaga, zinegotzia: “Lagunkoia osatzen dugunok argi daukagu Elgoibar aniztasun funtzionala duten pertsonentzat udalerri lagunkoiagoa eginez gero, dementzia duten pertsonentzat ere lagunkoiagoa izango dela, baita, zebra-bideen erabilera zein den ikasten ari diren haurrentzat ere”.

 

Ikusgarritasuna gizarteratzeko kontzientziazio-ardatz gisa hartuta, Elgoibarrek piktogramak jarri ditu zebra-bideetan, Autismoaren Espektroko Nahastea duten pertsonentzako komunikazio-sistema baita. Piktogramak erabiltzen dira ahozko edo idatzizko formak ingurunea ulertzeko arazo direnean.

 

Ane Beitia alkateak eta Blanca Larrañaga zinegotziak gaur eman dute ekimenaren berri, Elgoibar Lagunkoia proiektuko boluntarioekin eta Nuala eta Gautena elkarteetako eta Herri Eskolako eta Ikastolako ordezkariekin batera. 

Ekimena gauzatu ahal izateko, Udalak hitzarmen bat sinatu du Andaluziako Teavial Elkartearekin. Elkarte hori irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta piktogramen seinaleztapena erregistratuta dauka. Horrexegatik, elkarte honi dagokio piktogramen erabilera lagatzea. 

Nuala elkarteak egin zion Udalari piktogramak margotzeko proposamena, eta honek baiezko erantzuna eman nahi izan du inklusioan aurrera egiten jarraitzeko. “Administrazio ororen erantzukizuna da ingurune irisgarria eta lagunkoia sortzea eta irisgarritasun unibertsala lortzen laguntzeko neurriak hartzea. Gainera, Lagunkoia osatzen dugunok argi daukagu Elgoibar aniztasun funtzionala duten pertsonentzat udalerri lagunkoiagoa eginez gero, dementzia duten pertsonentzat ere lagunkoiagoa izango dela, baita, zebra-bideen erabilera zein den ikasten ari diren haurrentzat ere”, dio Blanca Larrañaga zinegotziak.

Proiektuaren bidez, hainbat piktograma – marrazkia edo zeinu grafikoa – jarriko dira, modu logikoan ordenatuta, tamaina eta kolore egokiarekin, oinezkoen pasabideen lehenengo banda zuriaren gainean. TEA duten pertsonei, a priori, marra zuri eta beltzen segidak ez die gurutzatzeko segurtasunik ematen, ezin dutelako mezua deszifratu. Piktogramekin ulertzen dute eta gurutzatu dezakete. Kolektibo horiei ikusgarritasuna emateaz gain, piktogramak erabiltzeak haien autonomia eta bide-segurtasuna areagotzen ditu. Elkarteek azpimarratu dute garrantzitsua dela TEA duten pertsonen izateko, bizitzeko eta sentitzeko ereduak eta moduak normalizatzea, denok ikas dezagun mundua ulertzeko beste modu batzuk ere badaudela.

Horrez gain, egitasmo honen barruan, oinezkoentzako herrian dugun semaforoan, soinu bidezko sistema jarriko da epe motzean martxan; ikusmen arazoak dituzten herritarrentzat, baina baita ere segurtasun neurri bat gehiago denez, herritar guztientzat zebra-bide lagunkoiagoa izatea du helburu.

Teavial Elkarteak badu material osagarria, hain zuzen ere, ikastetxeei zuzendutako gida didaktikoa eta ipuina. Bere garaian, Azkoitiko Udalak material hori euskarara itzuli zuen, eta Elgoibarko bi ikastetxeekin partekatu ahal izateko laga zuen, horrela, lehen hezkuntzako ikasleen artean gai honekiko sentsibilizazioa landu ahal izateko.