Ane Beitia alkatea, Atsegin Uzuriaga Ogasun zinegotzia eta Ariana Nogales Pertsonaleko zinegotzia

  • 17.663.500 € eurokoa izango da. 2021ekoarekin alderatuta %4,27ko igoera izango du, milioi bat gehiago. Gizarte garapenera bideratuko du zati handiena, %28tik gora, Gizarte zerbitzuetara %49 gehiago, hirigintza eta sustapen ekonomikoari jarraiki. 

Elgoibarko Udal Gobernuak 2022ko aurrekontu proposamena aurkeztu du: 17.663.500 eurokoa izango da. 2021ekoarekin alderatuta %4,27ko igoera izango du. Elgoibarko Udalaren helburu nagusiak bi dira: herritarren ongizatea bermatu eta bizi kalitatea hobetzen jarraitzeko pausuak ematea, eta bestetik, herri aurreratua eraikitzen jarraitzea, bai alor sozialean, ekonomikoan zein jasangarrian. 

Ane Beitia alkateak, Atsegin Uzuriaga Ogasun zinegotziak eta Ariana Nogales Pertsonaleko zinegotziak aurkeztu dute 2022ko aurrekontu-proiektuaren proposamena: “zuhurtziaz baina anbizioz erantzuten diogu Covid-19aren pandemia osteko berraktibazio garaiari. Covid-19ak eragin zuzena izan du elgoibartarrengan, baina une zailenak atzean utzita, errekuperazio garai batean gaude, eta ezin dugu atzean geratu. Udaletik programa, zerbitzu eta mekanismo oro jarriko dugu abian inor atzean geratu ez dadin. Zaindu, babestu eta bultzatu, aurrera begira. Covid-19aren ondorioz jasandako pandemiak zuzenean eragin du gizartean eta herritarrengan. Trantsizio sozial, ekonomiko eta ekologiko bat garatu behar dugu, suspertu era jasangarri batean eta herritarrekin bat, betiko moduan, elgoibartar guztiok bat eginik herri hobe bat eraikitzen jarraitzeko”. 

Udalaren estrukturari erreparatuz, honela banatzen da aurrekontua: 

  • 6.268.088,28€ Herritartasuna atalera: sustapen ekonomikoa, bizikidetza, parte-hartzea, Lagunkoia eta obra ugari (herri eskolako instalazio elektrikoa, ludoteka, eta aldagelak).
  • 6.855.296,53€ Lurralde atalera: Hirigintza eta lan guztiak herritartasuneko obrak kenduta.
  • 4.559.980,76€ Antolakuntza: udal sailak.

“Proiektu oso garrantzitsuz osatutako aurrekontu proposamena da aurkezten duguna, etorkizunean jarriz fokua, baina orainari erantzunaz, herritarra erdian eta garapen iraunkor zein inklusiboa izanik jomuga” azaldu du Beitiak. Bertan barne hartzen dira Bolatokian eraikiko den Ludoteka berria, Errotaberriko igogailua, Pedro Mugurutza esparruaren definizioa eta garapena edota King Kong zubiaren proiektuaren idazketa, beste askoren artean. 

 

Inbertsioetara ia 2.300.000 euro bideratu dira, herri atseginagoa eta irisgarriagoa eskaintzeko

Inbertsio estrategikoak garatuko ditu aurten ere Elgoibarko Udalak, herri irisgarri eta azpiegitura eta zerbitzu egokiak eskaintzeko elgoibartarrei. Honakoak dira inbertsio nagusiak: 

  • Errotaberriko igogailua - 560.000,00€
  • Ludoteka berria - 260.000,00€
  • Sigma auzoa, Estartako etxeen irisgarritasuna - 255.000,00€
  • Parte-hartzea - 220.000,00€
  • Mugiezinetan konponketak - 100.000,00€
  • Herri antzokiko kamerinoak - 65.000,00€
  • Urazandi auzoko irteera - 25.000,00€
  • Plaka fotoboltaikoen ezarpena udal eraikinetan - 60.000,00€
  • Kaleen konponketak irisgarriago egiteko - 250.000,00€
  • Altzolako heldulekuak eta hiri altzariak - 25.000,00€
  • Hiri-altzariak erostea - 105.000,00€
  • Jolas parkeak - 100.000,00€
  • Txakurrentzako parkeak - 15.000,00€
  • Kalistenia parkea - 25.000,00€
  • Ekipamendu egokitua erostea  - 3.000,00€
  • Gizarte zerbitzuen zorroa - 40.000,00€
  • Herri eskolako instalazio elektrikoa - 45.000,00€
  • Magnet zientzi espazioa sortu - 15.000,00€
  • Teknologia berriak - 3.000,00€
  • Liburutegirako liburuen erosketa - 15.000,00€
  • Bilduma dokumentazioa - 1.200,00€
  • Landareetan lanak egiteagatik - 18.000,00€
  • Bulego ekipoak - 5.000,00€
  • Informazio-prozesuetarako - 15.000,00€

 

Gizarte ongizatea, %49 gora

Gizarte Ongizatea bermatzera bideratuko da aurrekontuaren %28a, 5.100.000€. Hala, Gizarte Zerbitzuetako partidak indar berezia du bertan: guztira  1.724.552,02 euro, iaz baino ia %49 gehiago (1.163.300€ 2021ean).  

Nabarmentzekoak dira elkarteei bideratutako diru-laguntzetan ematen den igoera, 20.000 eurotik 23.000 eurora; Etxez etxeko laguntza zerbitzura bideratutako dirua %63 hazi da, 190.000 eurotik 310.000ra igaroz; Eguneko Zentrora 50.000 euro gehiago bideratuko ditu Udalak, guztira 350.000€; Gizarte larrialdietarako laguntzetan 200.000€; pertsona nagusiei loturiko programetarako 78.000€, 10.000€ gehiago; eta bazterkeria egoerei loturiko programetara 21.000 euro gehiago, 194.000 euro guztira. Osasun programak ere %30 hazi dira, 27.000€tik 35.000 eurora. 

Herri berdinzaleago bat eraikitzeko apustu irmoa egiten jarraituko du Udalak ere, Berdintasun sailaren aurrekontua ia hirukoiztuz, 2021eko 45.000 eurotik 126.000 eurora 2022an. Berdintasuna bultzatzeko ekintzak eta jardunaldian antolatzera bideratuko da zati handiena, guztira 45.000 euro. 

Hezkuntzan eta Euskara arloetan ere esfortzu berezia egingo du Udalak eta bi esparruen partidak %13 hazi dira. Gazterian %7ko igoera, Ludoteka berria kontuan hartu gabe. 

 

Kulturaz blai 

Kulturak garai zailak bizi izan ditu azken bi urteetan Covid-19aren ondorioz, baina Udalak apustu berezia egingo du, kultura suspertu eta kaleak berriz ere kolorez eta doinuz betetzeko. Sailaren aurrekontuak %5 egingo du gora, 50.0000 euro gehiago, guztira 564.751€. Nabarmentzekoa auzoetako jaien partida hirukoiztu egin da, %323 igo da, 19.500€ guztira. 

 

Herria, herritarrekin bat

Udalak herriko elkarte, eragile eta erakunde ezberdinei ematen zaizkien diru-laguntza guztiak aregotu ditu: Gizarte zerbitzuak, Kultur laguntzak, Euskara alorreko eragileak, herri hedabideak, berdintasuna edota hezkuntza, esaterako. 

Gazteei begira ere etxebizitzaren inguruan Udala lantzen ari den diagnostikotik eratorritako neurriak abian jartzeko diru-poltsa mantendu du, tartean gazteen emantzipazioa bultzatzeko laguntzak. 

Horrez gain, merkataritza eta ostalaritza bultzatzen jarraitzeko helburuz, sustapen kanpainak mantenduko dira, eta negozio berriak zabaltzeko diru-laguntza lerro berri bat jarriko da abian. 

 

Udalean ordezkaritza duten alderdiekin proposamena lantzeko tartea

Udal Gobernuak aurrekontu-proposamena udalean ordezkaritza duten alderdi guztiei helarazi die eta Antolakuntza Batzordean garatuko da behin-betiko proposamena. Udalaren helburua abendu erdian 2022ko aurrekontua onartzea da.