2Ane Beitia alkatea, Maialen Gurrutxaga Berdintasun zinegotzia, Mikel Etxaniz Berdintasun teknikaria, Iraia Aguirre Lila Mahaiko kidea eta Luis Agirregomezkorta Olaizaga Kiroldegiko Karate Eskolako arduraduna.

  • Herriko hainbat eragilerekin osatu du Udalak egitaraua. 

  • Ana Beitia alkateak gogoratu du indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria dela, eta Udalak lanean jarraituko duela Elgoibar berdinzaleagoaren alde.

 

Elgoibarko Udalak prentsaurrean aurkeztu du gaur goizean Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira antolatutako programa. Ane Beitia alkatea, Maialen Gurrutxaga zinegotzia, Mikel Etxaniz Berdintasun teknikaria eta herriko hainbat eragile elkartu dira Lilan, inauguratu berri den Emakume Etxean. 

Ane Beitia alkateak azaldu duen moduan, Elgoibarko Udalak irmoki salatzen ditu emakumeenganako indarkeria guztiak. Era berean, gogorarazi du azaroaren 25a bezalako egunek Udalaren jarrera berresteko, eta are garrantzitsuagoa dena, indarkeria matxista ekintza isolatu bat ez dela ikusarazteko balio dutela, gure gizartean errotuta dagoen jokamolde bat baizik: «Udalak gogor gaitzesten ditu emakumeenganako indarkeria mota guztiak, oihu argi batekin: aski da. Indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria da, lehen mailako arazo soziala, eta hori sufritzen duten eta aurre egiten dioten emakumeen eta LGTBI+ pertsonen duintasunaren eta osasun fisikoaren eta moralaren aurka doa».

Pandemia garaiak emakume hauek bizi duten egoera larria areagotu egin duela ere gogorarazi du Beitiak: «lehendabizi, isolamendu garaia etorri zen: emakume askok, asteak eta hilabeteak pasa behar izan zituzten tratu txarrak ematen zizkien pertsonarekin bizitzen. Eta handik honako hilabeteak ere ez dira errazak izan guztientzat. Elgoibarko Udalean argi dugu, inoiz baino gehiago, baliabideak eta laguntza areagotu behar ditugula». Azaroaren 25aren harira, indarkeria bikarioaz ere aritu da Beitia: «gizonak emakumea mintzeko duen modurik gogorrenetakoa da indarkeria bikarioa. Gizonaren helburua da, emakumeari min ematea seme-alaben bitartez. Ez dugu ahaztu behar, seme-alaba horiek jasaten duten kaltea konponezina dela, eta hauek ere, indarkeria matxistaren biktima direla».

Hala, eta egitarauari helduta, Elgoibar berdinzaleagoaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du Beitiak: «Udalak bere eskumenak erabiltzen jarraituko du indarkeria matxistarik gabeko gizarte baterako bidean pausuak emateko. Bide horretan, besteak beste, zabaldu berri dugu Lila, Elgoibarko emakumeentzako espazioa, eta indarkeria matxista era integral baten lantzeko erreferentziazko etxea izango dena. Eta bide horretan, baita ere, hilabete honetan zehar izango diren ekitaldi, tailer, hausnarketa, elkarretaratze eta abarrak antolatu ditugu».

 

Hilabete osoko egitaraua, azaroaren 25aren bueltan

Udalak eta herriko eragileek elkarlanean, egitarau zabala antolatu dute azaroaren 25aren harira. Egunez egun, hauek izango dira programan bildutako ekimenak:

AZAROAK 5 

Antzerkia: Erik eta Win, Buhameak. 20:30, Herriko Antzokian

AZAROAK 11

Helduentzako ipuin kontaketa: Otsandreak korrika. 18:00, Lilan

AZAROAK 16

Umeentzako ipuin kontaketa: Aniztasunaren Klowntuak. 17:00 eta 17:30, Gotzon Garate Udal Liburutegian

AZAROAK 17

Uluka batukadaren entsegua. 18:30, Maalako parkean

Filma: Pleasure. 21:00, Herriko Antzokian

AZAROAK 18

Txapa tailerra eta hausnarketa feministak. 17:00, Gaztelekuan

Dokumentala: Fabricando mujeres 2.0. 18:00, Lilan

AZAROAK 19

Bideo Foruma: Las elegidas. 19:00, Lilan

AZAROAK 20

Tailerrak: Emakumeentzako autodefentsa. 09:30-12:30, Olaizaga Kiroldegian

AZAROAK 22

Tratu onen fotokola. 16:30-19:00, Ludotekan

AZAROAK 23

Tratu onen fotokola. 16:30-19:00, Ludotekan

AZAROAK 24

Filma: Solo una vez. 21:00, Herriko Antzokian.

AZAROAK 25 

Elkarretaratzea: Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna

19:15 Aita Agirren, elkarretaratzera joateko hitzordua Gaztelekukoentzat.

19:30 Kalegoen Plazan. Ondoren, manifestazioa Kalebarren plazan indarkeria matxista gaitzesteko dagoen markagailuraino. 

AZAROAK 29

Hausnarketa taldea: Bakarrik bai da bai. 18:00, Lilan