Bonoak Merkataritza 2021 page 001

  • Egoitza elektronikoan egin behar da eskaera. 

  • Udalak 30.000 euro inbertituko ditu, eta 3.000 merkataritza-bonu egongo dira eskuragarri. 

 

Elgoibarko Udalak, herriko merkataritza dinamizatzen eta biziberritzen jarraitzeko helburuarekin, bonuen beste kanpaina bat jarriko du abian azaro hasieran: ‘Elgoibar Bizi-bizixa’ udazkeneko kanpaina. 

 

Jarduera ekonomikoek urriaren 20a bitarteko epea izango dute izena emateko aukera. Eskaerak elektronikoki aurkeztuko dira Elgoibarko Udalaren www.elgoibar.eus web atarian, egoitza elektronikoaren bitartez. Dirulaguntzen atarira sartu, eta xede honetarako eskuragarri dagoen berariazko inprimakia erabili beharko da. 

30.000 euroko inbertsioa, herritarrek %30eko deskontua erosketetan

 

Udazkeneko kontsumo bonuen kanpaina honetan, Udalak 30.000 euro inbertituko ditu, eta 3.000 merkataritza-bonu izango dira eskura. Herritarrek %30eko deskontua eskuratu ahal izango dute egindako erosketetan. 

Herritarrek, establezimenduetan erosi behar dituzte bonuak. Erosketa egiteko unean bertan, edota aurrez. 

Atxikitako establezimenduetan egindako gastuak, gutxienez, 5 eurokoak, eta gehienez, 60 eurokoak izan daitezke. 

  • 5 euroko balioa duten erosketak: Udalak 1,5 euroko dirulaguntza emango du. 
  • 10 euroko balioa duten erosketak: Udalak 3 euroko dirulaguntza emango du. 
  • 20 euroko balioa duten erosketak: Udalak 6 euroko dirulaguntza emango du. 
  • 30 euroko balioa duten erosketak: Udalak 9 euroko dirulaguntza emango du.

Bonuak merkataritza establezimenduetan erabili ahal izango dira. Farmaziak, estankoak, gasolindegiak, apustuak egiteko establezimenduak, elikagaien saltokiak, azalera handietako saltokiak edo azalera handiak ez dira deialdi honetan sartuko. 15 langiletik gorako enpresak ere ez dira sartuta egongo. 

2021eko bigarren deialdi honi dagozkion 3.000 bonuak modu ekitatiboan banatuko dira deialdi honi atxikitako establezimendu guztien artean.