Trotamundos

  • Umorea eta absurdoa dira Trotamundos Konpainiaren ikuskizun honen haria. Barrez, emozioz eta arriskuz jositako ikuskizuna, non bikoteko akrobazia, sua eta slapstick-a era zentzugabean azaltzen diren. Arratsaldeko 19:00etan izango da Kalegoen Plazan, euria eginez gero Maalan.

  • Irailaren 10ean, berriz, bi erakusketa berezi zabalduko ditu Udalak: Erraldoi eta Buruhandien erakusketa eta miniaturazko erraldoien bilduma.

Uda ez da oraindik amaitu, eta Elgoibarko Udalak uztailean abian jarri zuen ‘Kultura Eguzkitan’ ekimenak jarraipena izango du irailean ere.

Hain zuzen, ostegun honetan, irailak 9, Trotamundos taldearen Udako Zirkua antolatu da. Umorea eta absurdoa dira Trotamundos Konpainiaren ikuskizun honen haria. Barrez, emozioz eta arriskuz jositako ikuskizuna, non bikoteko akrobazia, sua eta slapstick-a era zentzugabean azaltzen diren. Arratsaldeko 19:00etan izango da Kalegoen Plazan, euria eginez gero Maalan.

Irailaren 10ean, berriz, bi erakusketa berezi zabalduko ditu Udalak: Erraldoi eta Buruhandien erakusketa eta miniaturazko erraldoien bilduma.

Erraldoi eta Buruhandien erakusketa iaz abuztuan gauzatu zen erakusketaren arrakastari jarraiki programatu da berriz ere, kasu honetan, irailean, herritar gehiagok bisitatzeko aukera izan dezaten. Aita Agirren kokatu da erakusketa eta guztira 12 buruhandi (Basajaun, Basandere, Tartalo, Mari, Donald ahatea, Ipotx zoriontsua, Pinotxo, Mickey Mouse, Amama, Aitita, Sorgina eta Pirata) eta 4 erraldoi (Nafarroako errege-erreginak: Zuria I. Nafarroakoa eta Martin gaztea; Altzola dorretxeko jaun-andreak: Aszensio Altzola eta Katalina Ibarra) egongo dira ikusgai, beste hainbaten artean.

Irailaren 10etik 30era egongo da ikusgai, arratsaldeko 18:00etatik 20:30era. Doakoa da sarrera eta segurtasun neurri oro bermatuko da.

Miniaturazko erraldoien bilduma, berriz, Elgoibarko Kultur Etxean kokatuko da. Idoia Ortega eta Gorka Alonsoren erraldoi txikiak dira. 180 erraldoi baino gehiagoz osatua dago erakusketa: Iruñeko, Txantreako, Lizarrako, Tuterako, Donostiako, Bilboko, Bergarako erraldoiak…

Erakusketa hau ere irailaren 10etik 30era luzatuko da: astelehenetik larunbatera egongo da zabalik, 18:30etik 20:30era.

Bi erakusketak Elgoibarren 675. Urteurrenaren ospakizunen baitan kokatzen dira.