suhiltzaileak edukiontzien ondoan

  • Mankomunitateak eta Elgoibarko Udalak ordena publikoaren aurkako mota honetako ekintzek sortzen dituzten kalteak salatu dituzte.

  • Mankomunitateak dagoeneko aldatu ditu erretako edukiontziak eta berriak ipini ditu. Dena den, bihartik aurrera edukiontzi batzuen kokalekua institutuko sarrerara aldatuko da, bart gaueko gertakariak errepikatuz gero kalteak gutxitzeko.

 

Elgoibarko Arregitorre kalean kokatutako edukiontzien irla bat erre dute bart gauean, guztira zazpi edukiontzi. Debabarrenako Mankomunitateak eta Elgoibarko Udalak gertakaria gaitzetsi dute, adieraziz ordena publikoaren aurkako mota honetako ekintzek sortzen dituzten kalteak eskualde osoan eragiten dutela, bai kalte materialen kostuari dagokionez eta baita elkarren arteko bizikidetzan eta errespetuan.

 

Mankomunitateko langileek gaur goizean ordezkatu dituzte erretako edukiontziak berriengatik. Dena den, bihar lekuz aldatuko dituzte denbora batez. Hondakin organikoen eta errefusaren edukiontzia puntu berean geratuko dira, baina gainerako edukiontziak kale berean, institutuko sarrera parean ipiniko dituzte denbora batez, horrelako gertakaririk berriz gertatuko balitz kalteak gutxitzeko.

Mankomunitateak barkamena eskatzen du aldez aurretik antolamendu honek bizilagunentzat sor ditzaken eragozpenengatik. Edukiontzien puntuaren jarraipena egingo da eta, bart gaueko gertakariak errepikatzen ez badira, edukiontziak berrantolatzeko aukera egongo da.