zakar eta paerontziak igerilekuak

  • Bart gauean herriko hiru gazte igerilekura sartu eta bainatzeaz harago, zaborra jaurti dute uretara.

  • Gertakari horiek igerilekuko azpiegituretan eta zerbitzuan eraginik izan ez duten arren, Udalak tratamendu berezi bat egin behar izan du uraren egoera higieniko egokia berreskuratu eta bermatzeko.

  • Udalak gertakariak gaitzetsi ditu, eta azpimarratu du herritar ororen ardura eta erantzukidetasuna dela guztionak diren zerbitzu zein azpiegiturak zaintzea.

Bart gauean, 01:30-02:00 artean, 18 eta 22 urte bitarteko herriko hiru gazte Mintxetako igerilekura sartu dira. Barruan zirela, bi igerilekuetan bainu bat hartu eta solariumeko gunea mugatzeko erabiltzen diren 30 konoak eta plastikoaren zein organikoaren zaborrontziak jaurti dituzte uretara.

Egoera horren aurrean, Elgoibarko Udalak irmoki salatu eta gaitzetsi du gertatutakoa, eta horrelako ekintza edota jarrera bandalikoek Elgoibarren lekurik ez dutela gaineratu du.

Zorionez, gertakari horiek ez dituzte igerilekuko azpiegiturak kaltetu, eta, horrenbestez, ez dute zerbitzuan eraginik izango, baina Udalak tratamendu berezi bat egin behar izan du igerilekuko uraren egoera higieniko egokia berreskuratu eta bermatzeko.

Horregatik, Udalak erantzukidetasun eta ardura deia egin die herritarrei eta gogorarazi du guztionak diren azpiegitura eta zerbitzuak guztion artean zaindu behar direla.