euskara ala ezkara ertzetan? saioa iragartzeko kartela

  • Aurtengo Euskara ala Ezkara jardunaldia urriaren 16an, larunbata, izango da, eta horretarako, goiz osoko programa prestatu dute Elgoibarko IMH ikastetxean Udalak eta Elgoibarko Izarrak.

 Datorren urriaren 16rako, larunbata, antolatu dute Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak aurtengo Euskara ala Ezkara goiz osoko jardunaldia, Euskara ala Ezkara ertzetan? leloaren pean. Jardunaldian, euskalduntasunaren inguruko hainbat gairi buruz arituko dira; eta horretarako, besteak beste, bi hitzaldi eta beste bi mahai-inguru antolatu dituzte.

Horri buruz jarduteko, bertan izango dira Ibon Manterola, Miren Artetxe, Ibai Iztueta, Eneko Gorri, Tarana Karim, Kike Amonarriz, Ningra, Garazi Arrula, Nerea Ibartzabal eta Idurre Eskisabel hizlariak honako galdera hauei erantzuteko: Zelakoak izan ginen euskaldunak? Eta orain zelakoak gara? Zertan aldatu gara? Zer da euskaldun izatea?  Badago hizkuntza-ideologiarik? Euskalduntasun onak eta txarrak al daude? Zer da euskara naturala edo jatorra? Horren alde egin behar al dugu? Zein da hiztun ona? Eta txarra?

Hauek eta beste batzuk izango dira jardunaldian aletuko diren gaiak.

Ningrak, gainera, rap kontzertu txiki bat ere eskainiko du jardunaldiari amaiera emateko.

Esan bezala, urriaren 16an, larunbata, izango da jardunaldia, Elgoibarko IMH ikastetxean, eta horretarako, izena eman eta izen-emateari dagokion prezioa ordaindu behar da aurrez. Prezioari dagokionez, bi prezio izango dira aurtengo jardunaldian parte hartu ahal izateko:

  • 27 € (pintxo-bazkarira geratuko direnek)

  • 20 € (pintxo-bazkarira geratuko ez direnek).

Informazio gehiago eskuratu eta izena eman nahi dutenek Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunea elkartera jo beharko dute (Aita Agirre kulturgunea, 3. ezk., 943741626, Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.).

Antolatzaileak:

Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunea elkartea

Elgoibarko Udala

Laguntzailea: Elgoibarko IMH ikastetxea