mintxetako igerilekuak

  • Abonuak egiteko kanpaina abian da, eta herritarrei parte hartzeko eta igerileku zerbitzuaz gozatzeko deia egin diete udal ordezkariek, errespetuz, arduraz eta prebentzio neurri oro betez jokatzeko eskaera berretsita. 

  • Bete beharreko arau eta gomendioak eman ditu aditzera Udalak. 

  • Udal Kirol Patronatuak ebatzi du egun ezinezkoa dela berdegunea urte osoan zabaltzea. Egin nahi izanez gero, udako denboraldian zuzenki eragingo lukeelako eta inbertsio nabarmena egin beharko litzatekeelako elgoibartarren segurtasuna bermatzeko. Zerbitzua hobetzen jarraitzeko konpromiso irmoa adierazi du Patronatuak. 

Larunbat honetan, ekainak 5, ekingo zaio Udako denboraldiari Elgoibarren, Mintxetako igerilekuak zabalduta. Aurten bada berrikuntzarik, egutegia zabaldu baitu Udalak, irekitzeko eguna aurreratuta eta ordutegia zabalduta: abuztuan 20:30ean itxiko dute. 

Abonuak egiteko kanpaina abian da, eta herritarrei parte hartzeko eta igerileku zerbitzuaz gozatzeko deia egin diete udal ordezkariek, errespetuz, arduraz eta prebentzio neurri oro betez jokatzeko eskaera berretsita. 

Ane Beitia alkateak, Gorka Garaizabal Kirol zinegotziak eta Ramon Mugica Udal Kirol Patronatuko zuzendariak azaldu dituzte xehetasunak. Nabarmendu dutenez, “guztia prest dugu elgoibartarrek Mintxetako igerilekuez eta ur parkeaz goza dezaten. Eremuak segurtasun neurri oro betetzen du eta lasaitasunez udaz gozatzeko aukera eskainiko du. Pribilegiatuak gara oso honelako eremu natural, zabal, eder eta berezia izatearren, are gehiago pandemia garai honetan”. 

Mintxetako igerilekuak prest, berdegunea atonduta, segurtasun neurri oro egiaztatuta eta zerbitzuak abian. Elgoibartar eta bisitariak jasotzeko zain. 

Mintxetako berdegunea urte osora zabaltzeko aukera dela eta, pasa den maiatzean egindako Kirol Patronatuko Zuzendaritza Batzordean azaldu zen eran, eremuak egun ez ditu segurtasun, zerbitzu eta azpiegitura baldintzak betetzen urte osoan, 24 orduz, zabalik egon dadin. Hala nabarmendu du Gorka Garaizabal Kirol zinegotzi eta Udal Kirol Patronatuko lehendakariak: “Lehenik eta behin, urte osoan zabaltzeko, Eusko Jaurlaritzak zehazten dituen segurtasun neurri berezi ugari bete beharko ditu eremuak, eta egun, ez dira betetzen. Azpiegiturei dagokienez, inbertsio handiak beharko lituzkeen ekipamenduak jarri beharko lirateke… Pertsonal gastuak ere kontuan izan behar dira: garbiketa, mantentze lanak… Bertan antolatzen den Muguerza Krosaren antolaketan ere eragin zuzena izango luke. Eta bereziki, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Joko-Ikuskizunen Sailarekin lantzen diren Mintxetako Igerilekuaren Autokontrolerako eta Autobabes Planetan eragin handia izango luke. Bi Planak aldatzea ekarriko luke, igerilekuko eremuaren edukiera ia erdira murriztuz, permanentzia denbora mugatuz, aurretiko zita ezarriz, eta abar. Balioan jarri behar dira puntu guztiok, balizko erabilera eta egoera osotasunean aztertu… Udal Kirol Patronatuak ebatzi du egun ezinezkoa dela berdegunea, igerilekuko denboralditik kanpo, urte osoan zabaltzea, egin nahi izanez gero, inbertsio nabarmena behar delako egin elgoibartarren segurtasuna bermatzeko, eta gainera, udako denboraldian zuzenki eragingo lukeelako. Zerbitzua hobetzen jarraitzeko konpromiso irmoa dugu, eta bide horretan jarraituko dugu”. 

 

Mintxetako igerilekuari buruzko informazio praktikoa eta bete beharreko arauak

IREKIERA DATA: Ekainaren 5a. Aurten irekiera aste bete aurreratu da. Zergatik?

  • Patronatuko bazkideei eta herritarrei oro har pandemia garai honetan aire libreko aukera gehiago eskaintzeko helburuarekin.
  • Patronatuko abonu kanpaina abian jarri dugu 6 hilabeteko abonua ordainduz 7 hilabete erabiltzeko aukera eskainiz (ekainaren 1etik abenduaren 31ra arte). Era honetara, udako denboraldiko bonua egiten zutenak 7 hilabeteko abonua egitera animatu nahi ditugu.
  • Eibarko eta Elgoibarko igerilekuak egun berean irekitzea adostu dugu Eibarko Udal Kirol Patronatuarekin.

ORDUTEGIA:

  • Astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 20:30era, eta larunbat, igandea eta jaiegunak, 10:00etatik 20:30era.
  • Irailean, 20:00etan itxiko da igerilekua. Aurreko urteetan, itxteko ordua abuztuan eta irailean 20:00etara aurreratzen zen, baina aurten, abuztuan ere 20:30 arte irekiko dira igerilekuak, ekainean eta uztailean bezala. 
  • Aurretiko zitarik ez da beharko eta permanentzia denbora ez da mugatuko. Erabiltzaileek nahi duten orduan, nahi duten maiztasunarekin eta nahi duten denboraz erabili ahal izango dute igerilekua.

UR PARKEA:

  • Aforoa: 50
  • Erabiltzaileek aforoa eta segurtasun distantzia (1,5 m.) errespetatu beharko dituzte.

BERDEGUNEA:

  • % 50eko aforoa berdegunean. 1.500 pertsona.
  • Pasa den urtean bezala, igerilekuetara sartzeko aurretiko zitarik ez da beharko eta permanentzia denbora ere ez da mugatuko. Hau da, erabiltzaileek nahi duten orduan, nahi duten maiztasunarekin eta nahi duten denboraz erabili ahal izango dute igerilekua.
  • Berdegunea, pasa den urtean bezala, partzelatuta egongo da, 6ko taldeak edo familiek segurtasun distantzia gorde dezaten. Partzeletara joateko ibilbidea lurrean margotutako gezi berdeekin seinaleztatuta egongo da. Irteteko, gezi gorria jarraitu.
  • Musukoa ez da derrigorrezkoa partzeletan eta igerilekuetan, baina bai joan-etorrietan.

IGERILEKUETAKO AFOROAK:

  • Igerileku txikia: 46
  • Igerileku handia: 171

TABERNAREN ORDUTEGIA:

  • Igerilekuen ordutegi berdina izango du.
  • Ixteko ordua baino ordu erdi lehenago kontsumizioak zerbitzeari utziko zaio.
  • Kristalezko basoak ezin dira eraman berdegunera.

ALDAGELAK ETA KOMUNAK BAI. DUTXAK EZ:

  • Erabiltzaileek igerilekuko bi aldagelak eta komunak erabili ditzakete.
  • Aldageleteko dutxak ezin dira erabili.
  • Igerilekuko erabiltzaileek ezin dituzte erabili futbol zelaiko aldagelak.

SEGURTASUN DISTANTZIA:

  • 1,5 metroko segurtasun distantzia gorde behar da une oro, uretan, berdegunean eta joan-etorrietan.
  • Musukoa derrigorrezkoa da une oro, berdeguneko norbere partzelan dagoen bitartean eta uretako gunean dagoen bitartean izan ezik.