San Pedro

  • Lehiaketa irekia da eta helburua da bi etxebizitzak batera saltzea, erosleak berreraiki ditzan. 

  • Proposamenak aurkezteko epea zabalik egongo da ekainaren 18a arte eta gutxieneko lizitazio prezioa 41.563,14 eurokoa da (bi etxebizitzentzat). 

Elgoibarko Udalak San Pedro kaleko 5 eta 6 zenbakian dauden etxebizitza zaharrak besterentzeko lehiaketa irekia jarri berri du martxan. 

Bi finka horiek, aurrez bi solairuko etxebizitza izan ziren (elkarri atxikitako etxebizitzak, alegia), baina horien kontserbazio egoera txarra zela eta (besteak beste, teilatua erorita zuten), Udalak eraisketa partzial batzuk egin behar izan zituen eraikinek pertsonei eta ondoko ondasunei kalterik egin ez ziezaieten. 

Behin lan horiek eginda, aipatu etxebizitzak solairu bakarrekoak dira egun eta horiek batera besterentzeko lehiaketa zabaldu du orain Udalak. Aurrez aipatu bezala, etxebizitzen esleipena lehiaketa ireki bidez egingo da eta irizpide bakarra prezioarena izango da. 

Erosleak, baina, ezinbestean, finka horiek etxebizitza gisa berreraiki beharko ditu eta horretarako bi etxebizitza edo etxebizitza bakarra egiteko aukera izango du (bien azalerak gehituta). Lan horietarako epe jakin batzuk izango ditu. Bi etxebizitza egitea erabakitzekotan, horiek jatorrizkoak bezala izan beharko dute, hau da, bi solairuko elkarri atxikitako etxebizitzak. 

Berreraikitze prozesuak, halaber, ondorengo epeak bete beharko ditu: 

  1. Obra baimena eskuratzeko proiektu teknikoaren aurkezpena: 5 hilabete
  2. Obrak hasteko: 3 hilabete baimena ematen denetik aurrera
  3. Obrak bukatzeko 18 hilabete

Gauzak horrela, interesdunek ekainaren 18a arte izango dute proposamenak aurkezteko epea. Horiek baterako eskaintza aurkeztu beharko dute bi finkak erosteko eta lizitatzaile bakoitzak eskaintza bakarra aurkeztu ahal izango du. 

Lizitazioaren gutxieneko prezioa 41.563,14 eurokoa izango da eta parte-hartzeko 831,27 euroko bermea jarri beharko da. Berme hori, noski, lehiaketa amaitzean esleipedunak izan ez diren guztiei itzuliko zaie. Informazio gehiago 

Proposamenak, halaber, herritarren arreta bulegoan aurkeztu ahal izango dira 8:00etatik 14:00etara, baita udal egoitza elektronikoan.