• Emakumeen Txokoa bisitaObrak 83.400,44 euroko aurrekontua du. Une honetan margoketa lanetan murgilduta dago eremua. Ondoren azken ukituak egitea tokatzen da. Lanak maiatzean amaituta egotea da aurreikuspena eta Udalaren asmoa da ekainean zabaltzea Emakumeen Etxea.

  • Kudeaketa ereduaren zirriborroa osatu da. 2020an egin zen herri galdeketan jaso zen proposamenaren gainean osatu da proposamena: kudeaketa-eredurik egokiena zerbitzu publikoaren eta kudeaketa sozialaren arteko eredu hibrido bat izango litzateke.

Emakumeen Etxearen proiektua behin betiko egikaritzear da. San Frantzisko 21 zenbakiko espazioaren eraberritze-lanak aurreratuta daude, eta Udaleko Berdintasun Saila herriko emakume eta eragileekin, Emakumeen Kontseiluaren laguntzaz, lanean ari da kudeaketa eredua adosteko.

Urtarrilean ekin zien Elgoibarko Udalak Elgoibarko Emakumeen Txokoa eraikitzeko obrei, aurrez landu zen, parte-hartze prozesu bat medio, proiektua herriko emakumeekin. Gaur, apirilak 27, bisitatu dute eremua lehen aldiz, Ane Beitia alkatearekin eta Maialen Gurrutxaga Berdintasun zinegotziarekin batera.

Gotzon Garate Udal Liburutegia egon zen espazioaren erdia erabili da 150 m2 inguruko azalera izango duen Emakumeen Etxea sortzeko. Obrak 83.400,44 euroko aurrekontua du. Une honetan margoketa lanetan murgilduta dago eremua. Ondoren azken ukituak egitea tokatzen da, altzariak, informatika materiala, wifiaren instalazioa, zerrailak jarri, biniloak… Lanak maiatzean amaituta egotea da aurreikuspena eta Udalaren asmoa da ekainean zabaltzea Emakumeen Etxea.

Eraikinetik haratago, Berdintasun Saila Kudeaketa eredua definitzen ari da herriko emakumeekin batera. Kudeaketa ereduaren zirriborroa osatu da. Zirriborroa, udal zinegotziekin eta herriko mugimendu feministarekin partekatu da eta ekarpenak egin ahal izateko epea ireki da.

2020an egin zen herri galdeketan jaso zen proposamenaren gainean osatu da proposamena: kudeaketa-eredurik egokiena baterako kudeaketa da, Udalaren ustetan. Zerbitzu publikoaren eta kudeaketa sozialaren arteko eredu hibrido bat izango litzateke. Oro har, beharrezkotzat jo da, Etxea sortzeko prozesuan, emakumeen (elkartean daudenen eta ez daudenen) partaidetza hasieratik bermatzea, baita okupatu beharreko guneari, erabilerei nahiz ereduari buruzko erabakiak adostasunean hartzea ere.

Era berean, nagusiki nahitaezkotzat jo da proiektu honen finantzaketa publikoa; izan ere, tamaina handiko proiektu gisa agertzen da, finantzaketa pribatuaren bidez ordaintzeko oso zaila dena. Honela estrukturatuko litzateke kudeaketa eredua:

  • Sustatzaileak: herriko Mugimendu Feministak + Emakumeen Kontseilua + Berdintasun Saila (baterako kudeaketa).
  • Jardueren kudeaketa: Berdintasun teknikaria + mugimendu feministak.
  • Jardueren finantzazioa: Elgoibarko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia.
  • Espazioaren jabetza: Elgoibarko Udala.

Kudeaketa eredua adosteko lanean dihardute inplikatutako eragile guztiek. Ekainerako guztia prest izatea du helburu Berdintasun Sailak, elkarlanean landutako programazio oso batekin abiaraziz espazio berria.
Honako funtzioak beteko ditu Emakumeen Etxeak: Emakumeen parte-hartzea sustatzea bizitzako arlo guztietan, bereziki, jabekuntza indibidualetik kolektibora bideratutako jarduerak landuz; emakumeen bizi-baldintzak ez ezik, emakumeek jendartean duten tokia hobetzeko ere lan egitea; Elgoibarko talde eta elkarteen arteko elkarlana eta emakume anitzen arteko elkarlana sustatzea; berdintasunaren inguruko prestakuntza, sentsibilizazioa eta informazioa sustatzea; eta aldaketa soziala eta feminista lortzeko jarduera estrategikoak bultzatzea.

Ane Beitia alkateak nabarmendu duenez herritarren inplikazioa “handia” izan da: “Emakume guztien etxea izatea nahi dugu. 2020an egindako parte-hartze prozesuan izandako inplikazioa handia izan zen, eta orain, Kudeaketa eredua definitzen ari garen honetan ere, herriko emakume eta eragileak oso ilusionatuta eta gogotsu gaude. Xedea da espazio dinamikoa eta irekia izatea, enpatia sortzeko topagunea, ikasteko eta informazioa jasotzeko tokia, jabekuntza sareak sortzeko espazioa, eta emakumeen berdintasuna, askatasuna, partaidetza eta presentzia sustatzeko gunea”.

Beitiak berretsi duenez, “emakumeen etxea herriko emakume elkarteen eta mugimendu feministaren aspaldiko aldarrikapena da. Proiektu partekatua da zentzu orotan, berdintasunaren izpiritua guztion artean eraiki eta zabaldu behar baitugu eta Emakumeen Etxea tresna oso garrantzitsua izango da Elgoibar berdinzalea sustatu eta lortzeko”.