• Elhuyar

    Udalak 35.000 euroko laguntza emango dio Elhuyarri 10 eta 16 urte arteko gazteen artean, zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa eta motibazioa garatzeko, eta bidenabar, ekintzailetasuna eta sormena bultzatzeko.

  • Horrekin batera, Udalak herriko gazteekin lan egitearen aldeko apustua egin du, etorkizunean, lan merkatuan sartzeko aukera handiagoa eta enplegagarritasun handiagoa izan dezaten, Elgoibarko enpresek behar duten ezagutzarekin eta lan arloko kualifikazioarekin. 

Elgoibar ehun industrial aberatseko herria da eta sektore honen pisu handia du herriaren ongizate ekonomiko zein sozialean. Gaur egun, tokiko enpresa askok teknologiarekin loturiko proiektuak bultzatzen dituzte eta horretarako, teknikaren eta teknologiaren esparruetan kualifikazio handia duten pertsonak behar dituzte.

Eta hain zuzen, premia honen jakitun izanik, Sustapen Ekonomikoko Sailaren bitartez, udalerriko gazteekin lan egitearen aldeko apustua egin du Udalak, gazteetatik horien interesa piztu eta etorkizunean, lan merkatuan sartzeko aukera handiagoa eta enplegagarritasun handiagoa izan dezaten.

Eta hori lortze aldera, Elhuyarrek kudeatzen duen Bizilabe programa da bide zuzen eta egokiena. Horrenbestez, programari 2021ean jarraipena emateko lankidetza hitzarmena sinatu du berriki Elhuyarrekin.

Aipatu programa hori 10 eta 16 urte arteko gazteei zuzenduta dago eta helburu du zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa eta motibazioa garatzea, eta bidenabar, ekintzailetasuna eta sormena bultzatzea. Programa horrek, halaber, gazteei, tailerretan parte hartu eta proiektuak garatzeko aukera eskaintzen die gune fisiko batean, profesionalen, mentoreen eta irakasleen laguntzarekin, haien gaitasunak garatzeko eta jabekuntzan aurrera egiteko.

Hitzarmenaren bitartez, Elgoibarko Udalak 35.000 euroko laguntza emango dio Fundazioari, esan bezala, gazteengan zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa eta grina pizteko. Horretarako, hainbat ekintza eramango dira urtean zehar aurrera, besteak beste:

  • Ikasturteko programa: “Izan ikertzaile asmatzaile”.
  • Demo saioak.
  • Udalerriko enpresetarako bisitak.
  • Komunitateko ekintzak.
  • Elgoibarko emakume zientzialarien (mentoreak) sarea.
  • Neska-mutilen artean eragin positiboa izatea, jabetzeko eta haien gaitasunak garatzeko aukerak emateko.

Ikerketa zentroa Elgoibarko Makina-Erremintaren Museoan egongo da, eta guneak partekatu egingo dituzte, proiektuak elkarrekin garatzeko.

“Udal honek apustu irmoa egiten du tokiko industria sektorearen alde; izan ere, herriaren ongizate ekonomikoa eta soziala bertako enpresek eta pertsonek sortzen duten aberastasunean oinarritzen dira. Era berean, ezin dugu ahaztu egungo gazteak direla guztion etorkizuna, horrenbestez, ezinbestekoa da horien hezkuntzan sakondu eta txikitatik ahalik eta aukera gehien eskaintzea, etorkizunera begira, irtenbide gehiago izan ditzaten. Bizilaberen bitartez, hori da Udal honen asmoa. Gazteen etorkizuna eraikitzeko bidean aukera bat gehiago eskaintzea, alegia”, amaitu dute Udaletik.