Representantes municipales y de Elgoibarko Izarra en el salón dem plenos del ayuntamiento

  • Udalak 160.000 euroko laguntza emango dio elkarteari euskararen erabilera sustatzeko ekintzak eta haurrentzako aisia hezitzaileko egitasmoa finantzatzeko. 

  • Horrekin batera, hitzarmenaren helburua da  administrazioaren eta herri ekimenaren arteko lankidetza sendotzea eta elkarteak udalerrian egiten duen lana babestu eta bultzatzen jarraitzea. 

 

Aurrekontuak onartu ondoren, Udalak herriko entitateak diruz laguntzeko hitzarmenak sinatzeari ekin dio, modu horretara, udalerrian egiten duten lana babestu eta sustatzen jarraitzeko. Gaurko egunean bi sinadura ekitaldi egon dira, lehena, Elgoibarko Izarrari dagokiona.

 

Ane Beitiak, Elgoibarko alkateak, eta Iñaki Kondek, Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunea elkarteko presidenteak, bi erakundeen arteko 2021eko lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur, martxoak 24, asteazkena, Udaletxean. Eurekin batera, Maialen Gurrutxaga, Euskara eta Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen arloetako zinegotzi arduraduna, eta Elgoibarko Izarrako eta Udaleko teknikariak ere izan dira.

Ane Beitiak, Elgoibarko alkateak, adierazi duenez, “Udalak 160.000 euroko dirulaguntza emango dio aurten Elgoibarko Izarra elkarteari, betiere, 2021ean zehar euskararen erabilera sustatzeko ekintzak eta haurrentzako aisia hezitzaileko egitasmoa finantzatzeko”. 

Aurreko urteetan bezala, dirulaguntza hori bi udal sailetatik bideratuko da. Horrela, Udalaren Euskara sailetik 100.000 euro jasoko ditu Elgoibarko Izarrak eta Udalaren Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko sailetik, berriz, 60.000 euro. 

Hitzarmena sinatu ondoren, euskara elkarteak eskerrak eman dizkio Udalari. Izan ere, Elgoibarko Izarraren ustez, “ezinbestekoa da administrazioaren eta herri ekimenaren arteko elkarlana, haurrentzako aisia hezitzaileko eskaintza osatu, eta euskara eta euskal kultura gure herrian sustatu nahi baditugu”.