Josu Arraiz et aAne Beitia Urazandiko busgeltokian

  • Urazandi auzoan eskainitako zerbitzuaren harrera ona ikusirik, Udalbusa zerbitzua jarriko da abian, auzotarren mugikortasuna bermatu, jasangarritasunean pausuak eman autoaren erabilera murriztuz, eta auzotarrei herrira gerturatzeko erraztasunak eskaintzeko. 

  • Autobus zerbitzua urte osoan zehar eskainiko da astegunetan zein larunbat goizetan eta bidaia bakoitzak 1€-ko prezioa izango du, adineko eta ezgaituentzako %50eko deskontuarekin. 

  • Udalak martxan jarri du jada Udalbusa zerbitzua esleitzeko prozesua. Bi urteko kontratua izango da hori eta gehieneko aurrekontua urteko 70.000€koa izango da (BEZ kanpo).

  • Eulogio Estartako (Sigma) etxebizitzak, San Pedroko etxeak, Arriaga auzoa eta Altzola zeharkatzen dituen Lurraldebus zerbitzuaren prezioak 3.tarifan kokatzeko lanketa ari da burutzen Udala Gipuzkoako Garraio Agintaritzarekin.

 

Elgoibarko Udalak Udalbusa zerbitzua mantenduko du. Urazandi auzoko irisgarritasun lanek iraun bitartean, mugikortasuna autobus zerbitzu honen bidez bermatu da, eta orain, autobusak izandako harrera hona ikusirik, eta hainbat irisgarritasun lan burutzeke daudelako (beste hainbaten artean, King-Kong zubia), zerbitzua mantentzea erabaki du Udal Gobernuak, hainbat hobekuntza eginez. Horrela, Basarte-Erretsundi, Urazandi eta Meliton batuko ditu zerbitzuak. Geltoki berri bat izango du ere Errotaberrin, bertako igogailua ezarri artean eskilara mekanikoak ordezkatuz. Basarten izango da, Skate Parkearen alboan. Bertako bizilagunen irisgarritasuna bermatzea du helburu. 

 

Elgoibarko Udalak Legealdi Planean jasotako lerro estrategikoetako bat da ‘herritarren mugikortasuna eta irisgarritasunaren bermea’. Bi ildo nagusiren bitartez garatzen dihardu: 

  • Irisgarritasuna hobetzeko aktuazioak: Urazandi, Errotaberri edota San Rokeko igogailuak eta kaleen birgaitzeak. Hemen kokatzen da ere Elgoibarko Udala Uranzadi-San Franzisko auzoak lotzen dituen King-Kong zubia birgaitzeko burutzen ari den lanketa. Proiektuaren idazketa 2021-ean egingo da. 
  • Mugikortasunaren bermea: Udalbusa da, irisgarritasun lanekin batera, herritarren mugikortasuna zuzenki hobetuko duen ekimen nagusiena. Baita gainerako auzoen lotura burutzea ere Lurraldebusen bitartez, Udalbusaren filosofia bera barneratuz.  

Ane Beitia alkateak gogorarazi du: “Udal Gobernu honek hauteskunde kanpainan hitz eman zuen herriko mugikortasuna hobetzeko lanketa burutuko zuela. Urazandiko igogailuen ezarpena baliatu da herri-autobusaren ezarpena eta herritarren erantzuna aztertzeko. Datuak oinarri, erabaki dugu zerbitzua mantentzea”. 

Zerbitzuaren erabiltzaileak (azaroak 2tik martxoak 13 arte) 11.961 izan dira, eguneko bataz beste 109 bidaia.

Udal Gobernuak, erabilera datu hauei erreparatuz, Udalbusa mantenduko du apiriletik aurrera. “Bilakaera gertutik jarraituko dugu Udalbusaren jasangarritasuna bermatzeko eta zerbitzua herritarren beharretara ahalik eta gehien egokitzen joango gara. 15 plaza dituen autobus batekin ekingo diogu, ibilbidearen arabera, 10 edo 20 minutuko maiztasunarekin, astegunetan zein larunbat goizetan”. 

Alkateak nabarmendu du apustu “oso garrantzitsua” dela Udalak burutzen duena: “Inbertsio nabarmena da elgoibartar guztien ongizatean. Elgoibarri, duen biztanleria kontuan izanda, ez dagokio herri barruko autobus zerbitzua izatea. Baina Udal Gobernuak herri osoaren eta bereziki, auzoen alde egin du apustu Udalbusarekin. Auzoetako mugikortasuna bermatu nahi dugu, auzotarrei herrira gerturatzeko erraztasunak eman, zuzenki eragiten baitu horrek auzoen bizitzan eta auzotarren bizi-kalitatean”. 

Bide horretan, adierazi du erraztasunak eskainiko dituela Udalak tarifei dagokienean: Bidaia bakoitzak 1€-ko prezioa izango du, adineko eta ezgaituentzako %50eko deskontuarekin. Prezioak, behin Udalak Ordenantza Fiskaletan aldaketa burutzean jarriko dira indarrean. Kostuaren zati handi bat udalak bere gain hartuko du, bataz beste 2,5€ko kostua izanik bidaia bakoitzak, kostu honen %60 Udalak ordainduko du. 

Horrekin batera, zerbitzua herritar orok erabili ahal dezan, autobusak irisgarritasun baldintza guztiak beteko ditu eta gurpildun aulki batentzako lekua izango du. Horri lotuta, erabiltzaileren batek, edozein mugikortasun arazo medio, ohiko geralekuan behar bezala jaitsi ezin badu,  geraleku ofizialetatik gertu dagoen ibilbideko punturen batean jaistea eskatu ahal izango du. Helburua da zerbitzua herritar orori egokitzea eta herritar orok erabili ahal izatea.

Horrez gain, auzoetako mugikortasuna hobetu eta auzotarrak era erosoan herri erdigunera gerturatzeko helburuarekin, Eulogio Estartako (Sigma) etxebizitzak, San Pedroko etxeak, Arriaga auzoa eta Altzola zeharkatzen dituen Lurraldebus zerbitzuaren prezioak 3.tarifan kokatzeko proposamena luzatu dio Udalak Gipuzkoako Garraio Agintaritzari. Honela, herritarren Elgoibarren hasi eta bukatzen diren bidaiak prezio murritzagoan egin ahal izango dituzte. “20 minuturo eskaintzen den zerbitzua izanik, Udalak bidaiarien prezioaren zati bat ordaindu nahi du horrela, inguruko auzotarrek erdigunera gerturatzeko erraztasunak emanez, eta autoaren erabilera ekidite aldera” adierazi du alkateak.

Udalbusa zerbitzuaren lizitazioa abian

Herriko auzoen eta erdigunearen arteko mugikortasun hori hobetu eta bermatze bidean, beraz, Udalak martxan jarri du jada Udalbusa zerbitzua esleitzeko prozesua. Bi urteko kontratua izango da hori eta gehieneko aurrekontua urteko 70.000€koa izango da (BEZ kanpo). 

Zerbitzuaren ezaugarriei jarraiki, Udalbusa erabilgarri egongo da urte osoan zehar, astelehenetik larunbatera, ondorengo ordutegian: 

  • Astelehenetik ostiralera: 10:00-13:00 eta 17:00-20:00
  • Larunbatetan: 10:00-13:00

Larunbat arratsaldeetan, igandeetan eta jaiegunetan ez da zerbitzurik izango eta abuztuan, halaber, goizez bakarrik eskainiko da, jaietako astean izan ezik: egun horietan zehar, zerbitzua goiz zein arratsaldez egongo da erabilgarri. Era berean, Gabon, Gabon Zahar edota horrelako jai egun berezietan aldaketa puntualak izan litezke zerbitzuan eta horiek aurrez jakinaraziko dira. 

Ibilbideari dagokionez, Udalbusak lau ibilbide ezberdin eskainiko ditu: 

  1. Orduero puntuan ateratzen den autobusak (10:00 / 11:00 / 12:00…) ondorengo ibilbidea egingo du: Aita Agirre–Maalako biribilgunea–Herri Eskola–PSE-EEko egoitza–Urazandi gaina (tontodromoa) –PSE-EEko egoitza–Maalako biribilgunea–Aita Agirre
  2. Eta hogeian ateratzen den autobusak (10:20 / 11:20 / 12:20…) ondorengo ibilbidea egingo du: Aita Agirre–Maalako biribilgunea–Basarte–Erretsundi–Maalako biribilgunea–Aita Agirre
  3. Erdietan  ateratzen den autobusak (10:30 / 11:30 / 12:30…) ondorengo ibilbidea egingo du: Aita Agirre–Maalako biribilgunea–PSE-EEko egoitza–Urazandi gaina–(tontodromoa)–PSE-EEko egoitza–Maalako biribilgunea–Aita Agirre (3)

Hamar gutxiagotan ateratzen den autobusak (10:50 / 11:50 / 12:50…) ondorengo ibilbidea egingo du: Aita Agirre–Maalako biribilgunea–Meliton–Maalako biribilgunea–Aita Agirre (4)

Amaitzeko, azpimarratu, noski, Udalbusa zerbitzua momentuko osasun, higiene eta segurtasun neurrietara egokituta eskainiko  dela, erabiltzaile ororen segurtasuna bermatzeko.