proiektuaren alegiazko irudia
• Udalak martxan jarri berri du igogailua eraikitzeko lanen lizitazio prozesua 264.856,28€ko oinarrizko aurrekontuarekin.

• Proiektuaren helburua da San Roke kalearen eta Olaizaga kiroldegiko aparkalekuaren arteko oinezko lotura hobetu eta eremuko irisgarritasuna bermatzea.

 

Gaur egun gero eta pertsona gehiagok egiten dute kirola eta horrenbestez, Elgoibarko Olaizaga kiroldegiak erabiltzaile ugari jasotzen ditu egunero. Hori aintzat hartuta eta kalitatezko kirol instalazioak eskaintze aldera, iaz, bertako igerileku estaliak handitzeko lanak burutu zituen Udalak eta oraingoan, eremuko irisgarritasunari erreparatu dio, hori hobetzea izanik helburu eta ardatz nagusia.

 

Ildo horretan, kiroldegiko erabiltzaileak eta herritarrak oro har erdigunean jarriz, herrigunea eta kiroldegia lotuko dituen igogailuaren eraikuntza proiektuan dabil buru-belarri lanean Udala eta proiektu hori errealitate bilakatzeko urrats bat gehiago eman berri du gaurkoan, obren exekuzio proiektuaren lizitazio prozesua martxan jarriz.

Gauzak horrela, Udalaren asmoa da datozen hilabeteotan eraikuntza lanak esleitu eta obrei hasiera ematea. Lizitazioa lehiaketa publiko bitartez egingo du eta honen oinarrizko aurrekontua 264.856,28€koa da. Behin lanak esleituta, igogailua 6 hilabeteko epean prest izatea aurreikusi du. Proiektuaren helburua, halaber, San Roke kalearen eta Olaizaga kiroldegiko aparkalekuaren arteko oinezko lotura hobetu eta eremuko irisgarritasuna bermatzea da.

Proiektuaren nondik-norakoak

Aurrez aipatu bezala, igogailuaren bitartez, Udalaren helburua da San Roke kalearen eta igerileku berrien estalkiaren gainean dagoen aparkalekuaren artean komunikazio zuzen eta irisgarriagoa sortzea, oinezkoen mugikortasuna erraztuz eta eremua horientzat atseginagoa eginez.

Horretarako igogailu bat eraikiko da Olaizaga kiroldegiko jatorrizko eraikinaren eta igerileku estaliak handitzeko eraikitako eraikin berriaren artean. Igogailura San Roke kaletik edota igerileku berrien estalkiaren gainean dagoen aparkalekutik sartu ahal izango da.

Igogailuarekin batera, halaber, eskailera berriak eraikitzea ere aurreikusi da, hain zuzen, igerileku estaliak dauden eraikin berriaren aurrealdean. Eskaileretara San Roke kaletik sartu ahal izango da, baita kiroldegiko eraikin berriaren hego-mendebaldetik ere.

Ane Beitiaren hitzetan, "Kiroldegiko igogailuaren jarraipen naturala da. Oinezkoentzako ibilbide irisgarri bat eraikitzen du Maala Parketik Arreiturre etxeekin lotu arte, eta erdialdeko Erretsundi bezalako auzo garaietara hurbiltzen da. Horrela, irisgarritasun eta oinezkoen mugikortasun erabat autonomo eta erosoa ziurtatzen dugu, Elgoibarko herritarren bizi-kalitatea nabarmen hobetuko duena".