• Elgoibarko Udalak herritarrei eskatu die “arduraz eta erantzukizunez jokatzeko, osasun-neurri oro betez. Azken egunotan Covid-19a pandemia garaian, Elgoibar gune gorrian dagoenean oraindik, gizalegearen aurkako jarrera ugari ikusi dugu, eta ezin dugu hori onartu. Norbanakoaren ekintza txikiekin soilik lortuko dugu osasun egoera hobetzea”.

  • Udalak adierazi du, azken egunetako ekintza ugariren aurrean, Udaltzaingoa eta Ertzaintzaren jarduna indartuko dela kalean.

Elgoibarko Udalak kezka adierazi du azken egunotan herrian osasun-neurrien aurrean atzeman den erlaxazioarekin: “11 hilabete daramatzagu Covid-19aren pandemian murgilduta. Gure Covid-19aren aurreko bizitzeko erari mugak ezarri behar izan dizkiogu eta kontziente gara, askotan, muga horiei tinko eustea ez dela erraza. Baina guztion osasuna dugu jokoan, eta lankidetza da gakoa, guztiok segurtasun eta prebentzio neurri oro betetzea” nabarmendu du Ane Beitia alkateak. 

Elgoibarko Udalak, Ane Beitia alkatea buru, herritarrei eskatu die “arduraz eta erantzukizunez jokatzeko, osasun-neurri oro betez. Azken egunotan Covid-19a pandemia garaian, Elgoibar gune gorrian dagoenean oraindik, gizalegearen aurkako jarrera ugari ikusi dugu, eta ezin dugu hori onartu. Covid-19ak bizitza asko kendu dizkigu; hein batean, gure esku ere badago ahalik eta gutxien izatea horiek”.

“Egoera, osasun adituek adierazten diguten eran, oso larria da oraindik, are gehiago Elgoibarren dugu kutsatu kopurua aintzat hartzen badugu. Horregatik, ezinbesteko da pandemia hasi zenetik berretsi ditugun neurriak mantentzea: musukoa erabili, distantziak mantendu, kontaktu soziala ahalik eta gehien murriztu eta higiene neurriak bermatu. Hala egiten ez badugu 4. olatu baten aurrean egon gintezke. Ezin gara erlaxatu”. 

Bizitza soziala ostalaritzaren bueltan burutzen dute herritarrek, eta Beitiak onartu du gehiengo egoki ari dela burutzen bere lana, neurri oro kontuan izanik: “badira gutxi batzuk oraindik, ordea, neurri guztiak betetzen ez dituztenak. Ostalariak eta herritarrak batera egin behar dugu lan, neurri murriztaile berriak ekiditeko”. 

Beitia alkateak berretsi du: “ardura indibiduala da, baina elgoibartar guztiongan du eragina. Norbanakoaren ekintza txikiekin soilik lortuko dugu osasun egoera hobetzea Elgoibarren”. 

Aldi berean, azpimarratu eta txalotu du Udaltzaingoa zein Ertzaintza burutzen ari diren lana: “inoizko momentu zailenetakoak ari gara bizitzen guztiok, eta guztion segurtasuna bermatzen diharduten langileak lehen lerroan daude. Zor diegu begirunea, errespetua, beraien lana errazteko esfortzua egitea”. Alkateak adierazi du, azken egunetako ekintza ugariren aurrean, Udaltzaingoa eta Ertzaintzaren jarduna indartuko dela kalean. 

Ane Beitia: “Esfortzua handia ari da izatean 2020ko martxoaz geroztik, baina jarraitu behar dugu, elgoibartar guztiok pandemia honetatik elkarrekin atera gaitezen, inor bidean utzi gabe. Eta hori bat eginik soilik lortuko dugu. Batu gaitezen osasun neurriak betetzean, etorkizun hurbilean jai giroan elkartu ahal izateko”.