1 seihilabeteko ALDIZKARIAren azala

  • Aurten, jarduerak pandemiak markatuko ditu, halere eta murriztapenak izan arren eta ekitaldi jendetsuak ospatzeko ezintasunaren aurrean, Udalak ordezko egitarau zabala prestatu du, zeinetan segurtasuna eta prebentzioa lehenetsiko den.

  • Udalak tokiko artea sustatzearen aldeko apustua egin du, eta udalerriko artistak eta taldeak bultzatu eta babesteko helburuarekin, elgoibartarrak protagonista dituzten hainbat kontzertu programatu ditu.

  • Pandemia dela-eta, ikuskizunak 19:00etara aurreratu dira eta leihatilako aurre-salmentak, aurten, larunbatetan izango dira, 18:15etik 20:45era. Aurten ere, Elgoibarko Udalak erabiltzaileei deskontu bonu anitzak eskainiko dizkie.

  • PROGRAMAZIOA (PDF)

Elgoibarko Udalak kultur ekintza ugari antolatu ditu adin guztietako elgoibartarrek hurrengo hilabeteetan euren aisialdiaz goza dezaten. Izan ere, Herriko Antzokiak hurrengo sei hilabeteetan izango duen programazioa banatzen hasi da gaur bertan. Urtarriletik ekainera arte, Elgoibarrek gustu eta adin guztietarako eskaintza kultural interesgarria izango du.

Aurten, jarduerak pandemiak markatuko ditu, halere eta murriztapenak izan arren eta San Anton jaiak edo Inauteriak bezalako ekitaldi jendetsuak ospatzeko ezintasunaren aurrean, Udalak ordezko egitarau zabala prestatu du, zeinetan segurtasuna eta prebentzioa lehenetsiko den. Horrela, aurten, Herriko Antzokiko programazioa bikoiztu egin da iazkoarekin alderatuta. Zentzu horretan, aipatutako jai jendetsu horien ordez bestelako musika-hitzordu garrantzitsuak egingo dira Antzokian, hala nola Musbika ensenble (urtarrilak 31), Puro Relajo (otsailak 21), Zea Mays (martxoak 19) eta Eñaut Elorrieta (maiatzak 21).

Helduentzako programazioari dagokionez, beste behin jarduera garrantzitsuez beterik dator. Lehenengoa Demode Quarteten “Kutxidazu bidea Ixabel” izango da, urtarrilaren 15ean ospatuko dena. San Anton jaiei edukia emango dien musika-ikuskizuna izango da. Egitarauak otsailean “Konpromisoa” antzerkiarekin jarraituko du Txalo Produkzioaken eskutik (otsailak 5), eta martxoaren 12an A Panadaría konpainia Galiziatik iritsiko da, “Elisa y Marcela” Estatu osoan ezagutzen den lehen bikote lesbikoaren historia kontatzen duen antzerki-ikuskizuna eskaintzeko. Apirilari begira, elgoibartarrek “Simplicissimus Kabaret” obraz gozatu ahal izango dute ostiralean, hilak 24, Tartean taldearen eskutik.

Haurrentzako programazioari dagokionez, Elgoibarko umeek, ohi bezala, mota guztietako ikuskizunak izango dituzte. Aurten ere, Pirritx, Porrotx eta Marimotots Herriko Antzokian izango dira, oraingoan, “Amaren intxaurrak” ikuskizunarekin. Urtarrilaren 22an izango da, eta aurreko urteetan izandako arrakasta kontuan hartuta, bi emanaldi antolatu dira, 17:00etan eta 19:00etan. Sarrerak urtarrilaren 2an jarriko dira salgai 19:15ean. Gainerako hilabeteetan ere izen handiko ikuskizunak egongo dira, hala nola Logela Multimediaren “Tartalo” (otsailak 7) eta “Meri, Mari eta Lari” (martxoak 14an). Antzerki ekitaldiez gain, Udalak “Gu ere bertsotan jaialdia” antolatu du, maiatzaren 20an eta 27an, osteguna.

Gazteek euren aisialdiaz ere gozatu ahal izango dute. Ildo horretan, Udalak modan dauden bi talde ekarriko ditu Elgoibarrera: Zetak eta Goazen, besteak beste. Lehen kontzertua akustikoa izango da eta urtarrilaren 23an izango da, larunbatean. Sarrerak (3 euro) gaur bertan jarriko dira salgai, erdiak Gaztelekuan eta Herriko Antzokiko leihatilan salduko dira eta beste erdiak Kutxabanken bidez, online. Bestalde, apirilaren 18an, igandea, Herriko Antzokian “Go!azen 7 kontzertua” ekitaldiaren saio bikoitza izango da (12:30ean eta 16:00etan). Ikuskizun guztiz berria izango da, eta kantatu, dantzatu eta telesailari buruzko pasadizo interesgarriak kontatuko dituzten 6 aktore izango ditu protagonista.

Nabarmentzekoa da, gainera, Udalak tokiko artea sustatzearen aldeko apustua egin duela, eta udalerriko artistak eta taldeak bultzatu eta babesteko helburu nagusiarekin, hilabete hauetan elgoibartarrak protagonista dituzten hainbat kontzertu programatu ditu. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, Elur Arrieta (Musbika ensenble taldea), Zuhaitz Gurrutxaga (Konpromiso ikuskizuna), Sustrai Akordeoi taldea, Biraka Dantza taldea eta Elgoibarko Musika Eskolaren hainbat emanaldi (abesbatza-kontzertua, ikasturte amaierako kontzertua, dantza jaialdia…).

Azkenik, aipatu behar da, oro har, eta pandemia dela-eta, ikuskizunak ordubete aurreratu direla, eta 19:00etan hasiko direla. Egoera normalizatu ahala, ordutegi horiek aldatzen joango dira.

Sarreren salmenta eta deskontu-bonuak

Sarreren salmentari dagokionez, urtarriletik aurrera, desagertu egingo da Kutxako sarrerak saltzeko makina, eta bi aukera izango dira: norberak sarrera inprimatzea edo sarrera mugikorrean deskargatzea. Herriko Antzokiko leihatilako aurre-salmentak, aurten, ordubete aurreratuko dira, beraz, larunbatetan izango da, 18:15etik 20:45era. Zinerako eta antzerkirako sarrera-salmentei dagokionez, zine edo antzerki emanaldien egunetan, aurrez saldu ez diren sarrerak leihatilan salduko dira. Kutxabanken bitartez ere erosi ahalko dira.

Aurten ere, Elgoibarko Udalak erabiltzaileei bonu anitzak eskainiko dizkie:

  • Zine-Bonua: lau saiotara doazen erabiltzaileek bosgarrena doan izango dute. 13 urtetik gorakoentzat.

  • Ikuskizun eszenikoen bonua: bi saiotara doazen erabiltzaileek hirugarrena doan izango dute. 13 urtetik gorakoentzat.

  • Ikuskizun eszenikoetara joaten diren adingabeen laguntzaileentzako bonua: adingaberen bati laguntzera, haurrentzako ikuskizun eszenikoetara, lau aldiz doazen erabiltzaileek, doan sartuko dira laguntzaile gisa doazen bosgarren aldian. 13 urtetik gorakoentzat da.

Bonu horiez gain, Gazte Txartela duten gazteek zinemarako, ikuskizun eszenikoetarako eta kontzertuetarako sarrerak 3 euroan eskuratu ahal izango dituzte.

Azkenik, antolatzaileek gogorarazten dute jarduera guztietan beharrezkoa izango dela desinfektatzeko gela eta musukoa erabiltzea, halaber, kontaktu fisikoa saihestea eta Herriko Antzokiko langileei kasu egitea eskatzen dute.