Zutik Emakumeok! kartela

  • Aurtengo egitarauan COVID-19ak eragina izan badu ere, segurtasun neurri guztiak bermatuz, egitarau aberatsa aurkeztu da. Udalak eta herriko elkarteek antolatuta, abenduaren 4ra arte argazki erakusketak, tertuliak, pelikulak, zine forumak, ipuin kontalariak, antzerkiak eta abar izango dira Elgoibarren.

  •  Adin eta gustu guztiei zuzendutako ekimen hauek Elgoibarko hainbat gunetan egingo dira, besteak beste, Aita Agirre kulturgunean, herriko dendetako erakusleihoetan, Jubilatuen Biltokian, Gotzon Garate Udal liburutegian, Gaztelekuan eta Ludotekan, Herriko Antzokian...

  • KARTELA

 

 

Azaroaren 25ean izan ohi den Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Elgoibarko Udalak abenduaren 4ra arte luzatuko diren jardueraz beteriko egitaraua antolatu du, Haizea Emakume Taldearekin, Uluka Batukarekin, Gaztelekuarekin eta Ludotekarekin, Emakumeen Kontseiluarekin, Ongarri Zine Klubarekin, Jubilatuen Biltokiarekin eta Gotzon Garate Udal liburutegiarekin elkarlanean.

Jada ohikoa den bezala, programak adin eta gustu guztiei zuzendutako ekimenak bilduko ditu. Hitzaldiak, tertuliak, pelikulak, zine forumak, ipuin kontalariak, antzerkiak… izango dira Elgoibarko hainbat gunetan, bestak beste: Aita Agirre kulturgunean, herriko dendetako erakusleihoetan, Jubilatuen Biltokian, Gotzon Garate Udal liburutegian, Gaztelekuan eta Ludotekan, Herriko Antzokian...

Pandemiaren ondorioz, jende pilaketak ekiditeko helburua nagusi dela, azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, ez da elkarretaratzerik egingo. Hala ere, indarkeria gaitzetsi eta herritarren kontzientzian eragiteko asmoz, beste hainbat ekintza egingo dira; “Ez da ez” bideoaren zabalkundea, besoko moreak banatuko dira herriko hainbat dendatan, LH2ko herriko haurrek egindako Tratu Onen murala jarriko da Aita Agirre kulturguneko sarreran, Udal brigadako eta Mankomunitateko langileek txaleko moreak jantziko dituzte, Gaztelekuko nerabeek Berdintasunaren Grafitia egingo dute…

COVID-19aren pandemiak gure bizitza eta komunitateak kolokan jarri ditu, pertsona guztien osasunari, segurtasunari, ongizateari eta komunitate-bizitzari desafio handia eginez. Mundua ulertzeko eta bertan egoteko dugun modua aldatzen ari da. Konfinamenduak, mugimendu-murrizketek eta harreman-mugek agerian utzi dituzte, gordintasun osoz, indarkeria matxista mota desberdinei aurre egiten ari diren emakumeen egoerak, biziki zaurgarriak direnak.

Emakunderen arabera 4 emakume erail dituzte Euskal Herrian (2 EAEn, eta beste 2, Iparraldean) 2020. urtean (2019an ere 4 izan ziren; 2018an 9; 2017an 6; 2016an 4; 2015ean 5 eta 2014an 6). 2020ko urriaren 30era arte 38 emakume erail dituzte espainiar estatuan, dagoeneko, beren bikoteek edo bikote ohiek.

Argazki erakusketa ibiltaria: Indarkeria matxista: ZUTIK EMAKUMEOK!

Azaroaren 20an, ostirala, hasi eta abenduaren 4ra arte, Indarkeria matxista: ZUTIK EMAKUMEOK! Argazki erakusketa izango da ikusgai herriko 16 dendatako erakusleihoetan, ikus planoa.

Munduko hainbat lekutan indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeen erresistentziak argazki bidez erakutsi nahi dira. Basauriko Marienea Emakumeen Etxeak utzitako bilduma da, eta bertan, munduko elkarte, erakunde zein talde anitzek lagatako argazkiez osatu da erakusketa, Ecuador Etxearen partaidetza bereziarekin.