Bertso Eskola

  • Udalaren asmoa proiektua indarberritzea da eta horretarako, Gipuzkoako Bertsozale elkartearekin elkarlanean, Elgoibarko bertso-eskola jarri du abian, 8-12 urte bitarteko 11 ikaslerekin. Astean behin biltzen dira ordubetez Aita Agirre kulturgunean eta Eneko Beretxinaga soraluzetarra aritzen da irakasle lanetan.

Elgoibarko Izarrak 2011n abian jarritako bertso-eskolak 2016an bukatu zuen bere ibilbidea, 16/17 ikasturterako haur gutxik eman zuelako izena. Hurrengo urteetan ere, bertso-eskolari jarraipena egiteko ahalegina egin izan arren, ezinezkoa izan zen gutxi izanzdirelako interesa agertu zutenak.

Bestalde, Elgoibarko Udalak ahozko komunikazioa bertsoaren bidez lantzeko egitasmoa jarri zuen abian 2004an Gipuzkoako Bertsozale elkartearekin, Ikastolarekin eta Herri Eskolarekin lankidetzan. Urtez urte, LH4ko eta LH5eko 250 ikasle inguruk parte hartu ohi dute bertsogintza lantzen eskoletan, eta horri jarraipena eman nahian, biziberritu nahi izan du Udalak bertso-eskola.

Horrela bada, eta Gipuzkoako Bertsozale elkartearekin elkarlanean, urrian jarri du abian Udalak Elgoibarko bertso-eskola 11 ikaslerekin, 8-12 urte bitarteko 6 neska eta 5 mutilekin. Astean behin biltzen dira ordubetez Aita Agirre kulturgunean.

Eneko Beretxinaga soraluzetarra aritzen da irakasle lanetan. Enekok bertsoarekin duen harremana transmisioarekin lotuta egon da, bereziki, bertso-eskoletan, aisialdian eta hezkuntza arautuan, Gipuzkoako Bertsozale Elkartean, hezkuntza arautuko irakaslea baita. Bera da Elgoibarko Ikastolan eta Herri Eskolan bertsogintza eta ahozkotasuna lantzeko saioak ematen dituen irakaslea eta 263 ikasle ditu bere ardurapean.

Aurrera begira, bertso-eskola egonkortzea eta sendotzea izango da Udalaren erronka. Hala ere, orain sortu berri den taldea jada itxita dago; beraz, aurrerago sor daitezkeen taldeetan izena emateko interesa duenak bere datuak eman beharko ditu Elgoibarko Udalaren Euskara Sailean, telefonoz 943744366 zenbakira deituta, edo emailez Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidera mezu bat bidalita.