Hurrengo asteartean, azaroak 17, San Roke auzoko irisgarritasuna hobetuko duten “Karakoleko” zubia eraberritzeko lanak hasiko dira. Hori dela eta, oinezkoen pasarela itxita egongo da obrak iraun bitartean. Aurreikuspenen arabera, lanok 2-3 hilabete inguruko iraupena izango dute. Udalak guztira 105.377 euro (BEZa barne) bideratuko ditu 2019ko partaidetza bidezko aurrekontuetan bozka gehien jasotako proiektu hau gauzatzeko.

“Karakoleko” zubia zonaldeko erabiltzaileek asko erabiltzen duten eraikuntza bat da eta egun erabilgarri eta egoera funtzional onean egon arren, estetikoki pixka bat hondaturik dago denboraren joana dela medio eta egitura, gailur, baranda, estaldura, zoladura zein argiztapenari eragiten dizkieten zenbait gaitz ditu. Gauzak horrela, eta iraunkortasuna hobetzeko xedez, hondatutako material eta akaberen konponketan eta indarrean dagoen araudia betetzeko beharrezkoak diren elementuen ordezkapenean oinarritutako esku-hartzea planteatzen da.