“karakoleko” zubiaren infografia

  • Udalak lizitaziora atera ditu San Roke auzoko irisgarritasuna hobetuko dituzten lanak. Guztira, 105.377 euro (BEZa barne) bideratuko dira 2019ko partaidetza bidezko aurrekontuetan bozka gehien (346 puntu) jasotako proiektua errealitate bihurtzera.
  • Lanok 2-3 hilabete inguruko iraupena izango dute. Material eta akaberen konponketan eta indarrean dagoen araudia betetzeko beharrezkoak diren elementuen ordezkapenean oinarritutako esku-hartzea planteatzen da. Enpresek urriaren 19ra arte aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak.

Hurrengo astetan aurten egingo den proiektu garrantzitsuenetariko obrak hasiko dira. Elgoibarko Udalak lizitaziora atera ditu “Karakoleko” zubia izenez ezagunagoa den Trenbide kaleko oinezkoen pasarela eraberritzeko lanak. Udalak guztira105.377 euro (BEZa barne) bideratuko ditu San Roke auzoko irisgarritasuna hobetuko dituzten lan hauek egitera. Enpresek urriaren 19ra arte izango dute euren proposamenak aurkezteko. Aipatzekoa da 2019ko partaidetza bidezko aurrekontuetan bozkatu ziren 14 proiekturen artean, bozka gehien jasotako proiektua izan zela (346 puntu).

Karakoleko” zubia zonaldeko erabiltzaileek asko erabiltzen duten eraikuntza bat da. Egun erabilgarri eta egoera funtzionala onean egon arren, estetikoki pixka bat hondaturik dago denboraren joana dela medio. Izan ere, egitura, gailur, baranda, estaldura, zoladura zein argiztapenari eragiten dizkioten zenbait gaitz ditu. Gauzak horrela, eta iraunkortasuna hobetzeko xedez, hondatutako material eta akaberen konponketan eta indarrean dagoen araudia betetzeko beharrezkoak diren elementuen ordezkapenean oinarritutako esku-hartzea planteatzen da. Estetikoki, bestalde, akaberetan tonu argiagoak proposatzen dira. Lanok 2-3 hilabete inguruko iraupena izango dute.

2019ko partaidetza bidezko aurrekontuetan bozka gehien jasotako proiektua

346 punturekin, 2019ko partaidetza bidezko aurrekontuetan bozka gehien jasotako proiektua izan zen. Aipatzekoa da elgoibartarrak Udalaren kudeaketan inplikatzeko xedez, Elgoibarko Udalak 2019ko ekainean partaidetza bidezko aurrekontuen lehenengo fasea abiarazi zuela, zeinetan 136 ekarpen jaso ziren. Langileek eta udalbatzak ekonomiko zein teknikoki aztertu ondoren, 2020ko otsailean bigarren fasea gauzatu zen. Honetan, elgoibartarrek bigarren fasera pasatu ziren 14 proiektuetatik 4 aukeratu zituzten eta guztira 800 galdetegi jaso ziren. Hona hemen bozketaren emaitzak:

  1. Azkue (San Roke) auzorako irisgarritasuna hobetzea “Karakoleko” zubia konponduz: 346 puntu.

  2. Lekueder eta eliza arteko galtzada-harriak kendu eta zoladura aldatzea: 276 puntu.

  3. Neguko parkea egitea Urazandin. Herri Eskolako eskolaurrearen estalpea aprobetxatuz eta handituz: 254 puntu.

  4. Umeen parkeetan hobekuntzak egitea: 245 puntu.

Prozesura bideratutako hasierako partida 200.000 eurokoa zen. Hala ere, emaitzak ikusita, Elgoibarko Udalak 20.000 euro gehiago bideratuko ditu prozesura hautatutako bosgarren proiektua osorik gauzatzeko. Gauzak horrela, 2019k aurrekontuaren kontura honako proiektu hau ere gauzatuko da:

  1. Aizkorri eta Urazandi arteko bidearen azken zatia berritzea: 236 puntu.