Olaizaga kiroldegiaren harrera

  • Helburua langileen eta instalakuntzen erabiltzaileen osasuna babestea da.
  • Erreserbak 94 374 44 15 telefonoan edota Olaizagako Harreran bertan egin ahal izango dira. Laster on line ere www.elgoibar.eus webgunean.
  • Aldageletan egiten ari diren obrak direla eta, momentuz igerilekuak itxita egongo dira. Datozen asteetan irekitzea aurreikusten da.
  • Araudia

Elgoibarko Udalak, Kirol Patronatuaren bitartez, Olaizaga Kiroldegiko instalazioak irailaren 14an irekiko ditu eta langileen eta instalakuntzen erabiltzaileen osasuna babesteko xedez, instalazioen erreserba egiteko araudia egin du.

Olaizaga Kiroldegia instalazio estalia da, eta bertan egin litezke jarduera fisikoak banaka (igeriketa, eskalada, muskulazioa, squasha, pilota, etab.) zein taldeka (gidatutako ikastaroak, kirol federatuak, eskola kirola, heziketa fisikoa, etab.), hori dela eta, beharrezkoa da instalazio bakoitzarentzat sartzeko neurriak, erabiltzeko, egoteko, higiene eta desinfekzio araudiak ezartzea, erabiltzaileen, bazkideen, kirol taldeen eta ikastetxeen segurtasuna bermatzeko”, adierazi du Ramón Mugicak Kirol Patronatuaren Zuzendariak.

Gauzak horrela, igerileku, muskulazio gela, rokodromoa, squash eta frontoia erabiltzeko aurretiko erreserba egin beharko da, gehienez 2 egun lehenago, telefonoz (94 37 44 15) edota Olaizagako Harreran bertan. Gutxi barru on line (www.elgoibar.eus) ere egiteko aukera egongo da, izan ere Elgoibarko Udala aplikazio berri bat lantzen ari da horretarako.

Erreserbak Patronatuko bazkide zein bazkide ez diren elgoibartarrek (NAN dokumentua Harreran aurkeztu beharko dute) egin dezakete. Telefonoz eta harreran egitekotan erabilera ordura arte egin ahal izango dira, eta on line bidez, aukeratutako erabilera ordua baino 2 ordu lehenago. Olaizaga Kiroldegian sartzean Harreran egiaztatu beharko da erreserba eta langileek adieraziko dute ze aldagela erabili, instalazioan noiz sartu, e.a. Erabiltzaileak erreserbatutako ordua ez badu erabiltzen eta aurrez gutxienez 2 ordu lehenago baliogabetzen ez badu, hurrengo 15 egunetan ezingo du beste erreserbarik egin.

Erabilera denborari dagokionez, igerilekuko, squasheko eta frontoi txikiko erabilerak ordu batekoak izango dira eta muskulazio gelakoa eta rokodromokoa ordu bat eta 15 minutukoa. Beste 15 minutu emango dira aldagela erabiltzeko. Aforoa, bestalde, horrela mugatu da: igerileku handia (8 pertsona, kale bakoitzean 2 pertsona.), igerileku txikia (4 pertsona edo familia bat), rokodromoa eta muskulazio gela (6 pertsona), squash eta frontoia (2 pertsona). Halaber, aldagelak erabili ahal izango dira bakoitzari dagokion aforoa errespetatuz (atean adierazita egongo da).

Gogoratu beharra dago, erabilera araudia eta segurtasun neurriak une oro errespetatu behar direla. Halaber, segurtasun distantzia mantendu beharko da, baita maskara erabili ere, jarduera fisikoa egiten den bitartean izan ezik.

Igerilekuak, momentuz, itxita

Kiroldegia itxita egon den bitartean, Patronatuak hainbat berrikuntza eta egokitzapen egin ditu, beste batzuen artean igerilekuko aldageletan. Egun, obrak oraindik ere martxan daude, beraz, igerilekua itxita egongo da obrak bukatu arte, eta datozen asteetan irekitzea aurreikusten da.

Aipatzekoa da ere, Udal Kirol Patronatuaren asmoa irailaren 28an jarduera gidatuen ikastaroei hasiera ematea dela, igeriketa ikastaroak izan ezik. Horiek ez dira oraingoz hasiko, ezin baita edukiera egokia eta segurtasun distantzia bermatu.