Jaien balorazioa

  • Udalak jaiegunen normaltasuna azpimarratu du, elgoibartarren lasaitasuna eta zuhurtzia nagusitu baitira.
  • Eduardo Arrillagaren PHOTO KALEAN argazki erakusketak herritarren onarpen handia lortu du. Aita Agirre Kulturguneko erraldoi eta buruhandien erakusketak 750 bisita inguru jaso ditu, eta Covid-19aren hedapenaren aurrean auzotarren kontzientziazioa indartzeko egindako bideoak ia 2.000 ikustaldi lortu ditu.
  • Udaltzaingoak nabarmendu du jardunaldiak gorabehera nabarmenik gabe igaro direla. Udaltzainek 3 salaketa jarri dituzte Herritarren Segurtasunari buruzko Legea hausteagatik.
  • Abuztuaren 23an eta 24an jokatu zen Masters CaixaBank pilota txapelketak 280 ikusle inguru izan zituen.

San Bartolomeko "ez jaiak" amaituta eta datuak eskuan, Elgoibarko Udalak oso balantze positiboa egin du, programatutako ekitaldi bakanak normaltasun eta lasaitasun osoz egin baitira. Zuhurtasuna, sen ona eta jokabide arduratsu eta eredugarria izan dira Covid-19aren eraginez historiara pasako diren san bartolome jaien benetako protagonistak.

Elgoibarko alkatea Ane Beitiak, Kulturako zinegotzi Andrea Arriolak, Kulturako teknikari Blanca Salegik eta PHOTO KALEAN erakusketaren egile Eduardo Arrillagak agerraldia egin dute eguerdian Aita Agirre kulturgunean, Elgoibarko Udalak uztailean bertan behera uztea eta haietarako zegoen dirua gizarte-politiketara zuzentzea erabaki zuen jaien balorazioa egiteko.

"Jaiak bertan behera geratu zirela jakinarazi genuenetik, prebentzio-, sentsibilizazio- eta erantzukizun-mezuak areagotu genituen, jaiegunak hurbiltzen joan ahala. Elgoibartarren konplizitatea eskatu dugu, eta erantzukizun indibiduala eta kolektiboa eskatu dugu pilaketak saihesteko eta bizi dugun unearen arabera jokatzeko. Eta egia esan, bere erantzuna eredugarria izan da, erantzukizunaren erakusgarri izan da, eta, jakina, eskertu egin nahi dugu", esan du Ane Beitia Elgoibarko alkateak.

Bestalde, Andrea Arriola Kultura zinegotziak, esker ona adierazteaz gain, ilusio handia agertu du datorren urteko jaiei begira. "Hasi dugu 2021eko San Bartolomeetarako atzerako kontaketa. Espero dugu berriro ere, parte-hartzean, alaitasunean eta dibertsioan oinarritutako jaiak antolatu ahal izatea baina oraingo honetan, daukagun garrantzitsuena, hau da, guztion osasuna, lehenesteko bidean geldialdi bat egitera behartuta ikusi gara”.

Gogoratu behar da Udalak, uztailera arte, programazio alternatibo bat prestatu zuela, 60 jarduera ingururekin, guztiak ere "normaltasun berriak" ezartzen zituen irizpideetara egokituak. Hala ere, euskal udalerri gehienek bezala, Covid-19aren pandemiaren bilakaera negatiboak ospakizunak bertan behera uztera behartu zuen. Une oro, Udalaren lehentasuna birusa zabaltzeko arriskua murriztea izan da eta elgoibartar guztien osasun publikoa zaintzea.

Hala ere, Udalak zenbait erakusketa eta jarduera sinbolikoak antolatu zituen, guztiak ere indarrean dagoen osasun araudiak ezartzen dituen irizpideetara egokituak, egun seinalatu hauek gogora ekartzeko asmoz. Alde horretatik, hiru erakusketa egin dira: Eduardo Arrillagaren PHOTO KALEAN; Kirol Argazki Lehiaketaren bigarren bat Kultur Etxean eta erraldoi eta buruhandien hirugarren bat Aita Agirre Kulturgunean. Erakusketatik 750 pertsona baino gehiago igaro dira.

Eduardo Arrillagaren PHOTO KALEAN argazki erakusketak sokamuturreko hesiak baliatu kultur jarduera bat egiteko azpiegitura gisa. Festekin eta emozioekin lotutako argazkiak izan dira. “Erakusketa amaitu da, eta balorazioak egiteko unea da. Ezin da positiboagoa izan, Erakusketak iraun duen bitartean, maitasun eta gertutasun adierazpen ugari jaso ditut, eta eskertu egin nahi ditut testu txiki honekin. Egia da batzuek ez dutela erakusketa errespetatu, eta kalteak eragin dituztela erakutsitako argazki batzuetan, baina egun hauetan bizi izan dudan positiboarekin geratuko naiz, eta, bereziki, elgoibartarrek beren kultura eta tradizioengatik duten maitasunak bizirik dirauela egiaztatzearekin. Koldo Lizarralde nire lagun handiak esan ohi zidan bezala, iragana gorde behar dugu oraina biziberritzeko eta etorkizunean gida gaitzan. Gure sustraiak eta kultura herri konprometitu baten arima dira. Eskerrik asko guztioi bihotzez", esan du Arrillagak.

Udalak atal berezi bat prestatu du web orrian. Bertan, erakusketei buruzko informazioa jasotzeaz gain, argazki eta bideo galeriak sartu dira (1.065 ikustaldi inguru), aurreko edizioetako jaiei buruzko argazkiekin. PHOTO KALEAN erakusketaren atalak, esaterako, 600 bat ikustaldi lortu ditu. Era berean, sentsibilizazio-bideo bat zabaldu da, Jasone Osoro kazetari eta idazleak parte hartu duena, Covid-19aren hedapenaren aurrean auzotarren kontzientziazioa indartzeko. Bideoak ia 2.000 ikustaldi lortu ditu.

Udaltzaingoak jardunaldien lasaitasuna azpimarratu du

Abuztuaren 23tik abuztuaren 30era arte, jaiak ospatu behar ziren egunetan, Udaltzaingoko plantilla osoa lanean izan da (22 udaltzain), zaintza indartu zuen, edukiera-neurriak eta maskara-erabilera urratzen zituzten baimendu gabeko ospakizun eta kontzentrazioak saihestuz.

Oro har, elgoibartarrek errespetatu egin dute Covid-19aren aurkako segurtasun-arau nagusiak betetzeko Udalak egindako deia (maskarak erabiltzea, segurtasun-distantzia mantentzea, pilaketak saihestea, edukiera errespetatzea, terraza gisa mugatutako guneetan kontsumitzea eta ostalaritzako lokalen itxiera-ordutegiak errespetatzea). Izan ere, normaltasuna izan da jardunaldien ohiko joera, eta ez da aparteko gorabeherarik izan. Aipatu behar da lapurreta bakarra izan dela, eta, era berean, herritarren erantzukizunaren eta jokabide onaren isla gisa, ez dela borrokarik edo liskarrik zenbatu. Bestalde, larrialdietarako 4 dei egin dira (112) eta Udaltzaingoak 3 kexa baino ez ditu jaso, gehienak zaratarekin lotutakoak.

Azkenik, aipatu behar da Eduardo Arrillagaren "Photo Kalean" erakusketako argazkietako 2 baldarkeria baten ondorioz erauzi eta Deba ibaira bota zituztela, eta beste 4 desagertu egin zirela. Elgoibarko Udaltzaingoak 3 salaketa jarri ditu Herritarren Segurtasunari buruzko Legea hausteagatik, guztiak arinak (maskararik ez erabiltzeagatik, espazio publiko batean dagokion distantzia mantendu gabe erretzeagatik eta ostalaritzako establezimendu bat ixteko ordutegia ez betetzeagatik).

Pilota-partidak ere normaltasunez jokatu dira, segurtasun-neurri zorrotzekin

Kirol jarduerei dagokienez, aurtengoa Covid-19 pandemiarengatik baldintzatuta egon denez kirol ekitaldi bakarra burutu da, CaixaBank Masters Pilota txapelketa, abuztuaren 23an eta 24an, jokatu dena.

Abuztuaren 23an, telebistak (ETB1) zuzenean eman zituen pilota jaialdiko bi partidak. Frontoiaren edukiera mugatua zen (206 pertsona eserita) eta 135 ikusle sartu ziren frontoira. Telebistako langile eta aurkezleekin, kazetariekin eta pilotariekin ia gehiengo edukierara iritsi zen baina ezarritako protokoloa eta segurtasun neurriak oso ondo bete ziren.

Partiduei dagokionez, oso parekatuak izan ziren eta Masterseko CaixaBank partiduan Peio Etxeberria-Albisu bikotea, Altuna III-Imaz bikoteari gailendu zitzaion. Nabarmentzekoa da jendeak oso giro polita bizi izan zuela, pilotariak une oro animatuz.

Abuztuaren 24ko jaialdia, 23koaren antzekoa izan zen ikusle kopuruari dagokionez. 144 ikusle sartu ziren frontoira. Giroa ere polita izan zen eta partiduak ere ikusgarriak izan ziren. Masters CaixaBank txapelketako partidan Ezkurdia-Aranguren bikotea Elezcano II-Aretxabaleta bikoteari gailendu zitzaion.