Elgoibarko Udalak jakinarazi nahi du ostegunetako azoka abuztuan ere martxan izango dela. Covid-19ak eragindako osasun-krisiaren hasieran, martxoan, bertan behera geratu zen azoka. Ekainaren 4an berreskuratu zuen jarduera segurtasun-neurri zorrotzak hartuz koronabirusa hedatzeko arriskua minimizatzeko. Hauek dira aipagarrienak:

  • Salmenta postuen artean espazio handiagoa mantentzen da (2 metro albo batetik eta frontalki, 4 eta 6 metro artean).
  • Establezimenduek gel hidroalkoholikoa banatzeko ontziak, Osasun Ministerioak baimendutakoak eta erregistratutakoak izan beharko dituzte, kasu guztietan, lokalaren sarreran.
  • Autozerbitzu guneak baldin badaude, zerbitzua saltokiko edo merkatuko langile batek eman beharko du, bezeroek, zuzenean, produktuak ukitu ez ditzaten.
  • Ezin izango dira produktuak bezeroen esku jarri, proba ditzaten.
  • Ehunen eta arropa konponketen merkataritza sektoreko establezimenduetan, arropa probatzeko gelak pertsona bakar batek erabili beharko ditu, eta garbitu eta desinfektatu egingo dira erabili ondoren.
  • Bezero batek arropa probatu eta erosten ez baldin badu, establezimenduaren titularrak neurriak ezarriko ditu, jazkia higienizatzeko, beste bezero batzuei eman baino lehen.

Udalak gogorarazten du nahitaezkoa dela maskara erabiltzea eta erosketarako beharrezkoa den denbora erabiltzea gomendatzen du, ez gehiago.