mastercup iragartzeko kartela


Eten luze eta zail baten ostean,  LABORAL KUTXA EMAKUME MASTER CUP bueltan da eta indartsu ekingo dio Binakako txapelketari. Izan ere, igande honetan pilota goxoko finalerdiak jokatuko dira Elgoibarko Ikastolako pilotalekuan, eguerdieko 12.00etatik aurrera. Eusko Jaurlaritzaren aginduz, jaialdia ateak itxita jokatuko da, baina izango da bertan jokatuko diren partida bikainez gozatzeko aukera, jaialdia ETB-1ek zuzenean eskainiko du eta.

Bertan arituko diren pilotariak Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi/ Irantzu Etxebeste-Ane Urkizu eta Ainhoa Ruiz de Infante-Amaia Jaka/ Nagore eta Leire Galeano izango dira.

Bertan irabazle suertatzen diren bi bikoteek osatuko dute ekainaren 28an Irungo Urantzu pilotalekuan –arratsaldeko 17.00etann– jokatuko den finalen jaialdi handiko karteldegia. Hauekin batera, pilota mixtoko finala jokatuko duten pilotariak Olatz Arrizabalaga-Gentzane Aldai eta Leire Garai-Olatz Ruiz de Larramendi izango dira.

Nabarmendu beharra dago,  finalek normalean gizonezkoen esku pilota profesionalari gordetako telebista parrilaren lekua hartuko dutela. Finalaren aurkezpena, protagonistak bertan direla, datorren asteartean, ekainaren 23an egingo da Irungo Urantzu pilotalekuan, goizeko 11.30etan.